8.1. Harreran dauden haur eta nerabeen aurkako indarkeria eta sexu indarkeriako egoerak nola prebenitu eta horien aurrean nola jardun - haurtzaroeskuliburua
8.1. Harreran dauden haur eta nerabeen aurkako indarkeria eta sexu indarkeriako egoerak nola prebenitu eta horien aurrean nola jardun
IBILOren 18. artikuluaren arabera, egoitza baliabide guztiek indarkeria egoerak komunikatzeko prozedurei buruzko informazioa eman beharko diete haur eta nerabeei, egoitzara sartzen diren unean. Halaber, komunikazioak egiteko baliabide elektronikoei buruzko informazioa emango diete, hala nola laguntzeko telefono lineei buruzkoa. Egoitza baliabideek beti eguneratuta izango dute informazio hori, erraz ikusteko eta iristeko moduko leku batean, eta beharrezko neurriak hartuko dituzte haur eta nerabeek edozein unetan libreki kontsultatu ahal izan dezaten. Hala, komunikazio prozedurok eta dauden laguntza lineak erabili ahal izango dituzte eta errazagoa izango zaie horietara iristea. Era berean, indarkeria egoera bat komunikatzen duten haur eta nerabeen babesa eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte (IBILOren 20.2 art.).
Egoitza baliabideetan dauden haur eta nerabeak sexu indarkeriaren aurrean babestea bereziki garrantzitsua da; izan ere, IBILOn xedatutako prebentzio eta esku-hartzeko eremu garrantzitsuetako bat da. Egoitza harrerako baliabideen kasuan, gehienbat nerabeek osatzen dituzten taldeetako hezkuntza eta gainbegiratzea dela-eta, gai batik bat garrantzitsua da. Aurreko apartatuetan aipatu dugunez, egoitza harrerako profesionalek hezkuntza afektibo-sexualari buruzko prestakuntza izan behar dute, eta gai izan behar dute beren baliabideetan artatutako haur eta nerabeekin eremu horretako ezagutzak eta gaitasunak garatzeko jarduera formalak eta informalak egiteko.
Dena den, badira modu espezifikoagoan landu behar diren hainbat gai, bereziki arriskutsuak direlako baliabide horietan. Lehenik eta behin, sexu esplotazioko egoerak hautemateko protokoloak izan beharko dira; kasu horretan neskak dira bereziki zaurgarriak (baina ez haiek bakarrik). Egoera horietarako berariaz prestatu diren eta zehazki egoitza harreraren eremuan aplika daitezkeen bi gidaliburu erabiltzea gomendatzen da:
- Guía para la actuación ante casos de explotación sexual en la infancia y adolescencia. Bertan, detekzio tresna bat jasotzen da, eta hori egoitza harrerako baliabideen barruan ohiko tresna moduan txertatu edo ez erabaki ahal izango da.
- Guía común de actuación para la detección, notificación y derivación de casos de explotación sexual contra la infancia en centros residenciales, con especial atención a niñas y adolescentes. Sexu indarkeria mota horren biktimak detektatzeko, jakinarazteko eta tratatzeko jarraibideak biltzen ditu.
Egoitza baliabide batean harrera egin zaion haur edo nerabe bat indarkeriaren edo sexu indarkeriaren biktima izan dela hautematen denean, AFAk zehaztutako jarraibideen arabera jokatuko da.