9. Egoitza harrera espezifikoa jokabide arazoetarako - haurtzaroeskuliburua
9. Egoitza harrera espezifikoa jokabide arazoetarako
Haur eta, batez ere, nerabe batzuek aurretik izandako esperientzia kaltegarrien ondorioz dituzten jokabide arazo larriak direla-eta, kasu horietarako egoitza baliabide espezializatuak sortu behar izan dira. Halaxe dio HNLk, zehazki, 236.2e) eta 236.3 artikuluetan, bi programa espezifiko mota ezartzen baititu:
- Jokabide nahasmenduak dituzten adingabeentzako programa: oinarrizko programa orokorraren esparruan arreta bideraezina egiten duten jokabide bereziki disruptiboak dituzten 13 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat. Aldi baterako neurria da, nahasmendu emozionalak eta jokabide nahasmenduak tratatu eta, ondoren, ahal bada, oinarrizko programara edo emantzipazio programara igarotzeko.
- Jokabide arazoak dituzten adingabeei laguntza intentsiboa emateko programa espezializatua: 13 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat, jokabide disruptiboak, disozialak edo antisozialak badituzte behin eta berriz, gizarte arauak eta hirugarrenen eskubideak urratzen badituzte eta beren buruari edo hirugarrenei kalte edo galera larriak eragiteko arrisku nabarmena badakarte. Aldi baterako da hori ere, oinarrizko programetara edo emantzipazio programetara itzultzeko edo igarotzeko.
Horrelako harrera egin behar izaten da nerabe horiek, beste harrera programa batzuetan egonda, bizikidetza larriki ezegonkortzen duten portaerak izaten hasi, eta haur eta nerabeei, haiekin bizi diren helduei edo beren buruei kalteak eragiteko arriskua dagoenean (adibidez, jokabide autolesiboak, baimenik gabeko ez-etortzeak zenbait egunetan behin eta berriz).
Hasiera batean, programa espezializatu horien eginkizuna jokabide horiek izaten jarraitzea eragoztea da, eta, beraz, babes eta segurtasun neurri bereziko giroak dira; dena den, programa horien helburuak terapeutikoa izan behar du, eta ez soilik eustekoa.
Ezaugarri hauen araberakoa izango da baldintza terapeutikoa:
- Hezkuntza talde bat, krisi egoerak maneiatzen esperientzia eta prestakuntza espezializatua duena.
- Psikologia kliniko edo sanitarioko profesionalak, haurren eta gazteen espezializazioa dutenak.
- Trauma eta emozioen erregulazioa —eta ez soilik jokabidea— lantzera bideratutako esparru teorikoa eta esku-hartze eredua.
- Talde osoari neurri berean aplikatuko zaion araudi zurrun, zabal, kontrolatzaile eta zorrotzetan oinarritutako eredurik ez izatea.
- Araudiaren ardatza segurtasuna eta bizikidetza ona izan behar dute, eta ez ondorio negatiboen mehatxupean bete behar diren errutina zurrunak ezartzea.
- Jokabide arazoen aurreko ondorioek banakakoak izan behar dute, pertsona bakoitzera eta haren inguruabarretara egokitu behar dira, eta zuzendu nahi den jokabidearekin lotura logikoa edo naturala izan behar dute.
- Programa horiek erabiltzeak eskubideak mugatzea dakar, eta muga horiek ezinbesteko gutxienekora murriztu behar dira. Gainera, haur eta nerabeen eskubideei eragiten dien edozein arau AFAri jakinarazi behar zaio eta hark onetsi.
- Oro har aplikatzen den hasierako isolamendu aldirik ez izatea.
- Ingurune zabala eta plaza kopuru oso mugatua, lan terapeutikoa posible izan dadin.
- Kanpoan espazioa izatea kanpoko jarduerak egiteko (baratzea, kirola, animaliak zaintzea, etab.).
- Programa horien mugen barruan, ahal den neurrian, giroak normalizatzailea eta familiakoa izan behar du.
- Programa horiek errespetuan, konfiantzan eta berotasunean oinarritu behar dira, beste pertsona batzuekin aurrez izandako esperientzia kaltegarriak gainditzeko.