1. Definizioa, legeria eta araudi garrantzitsua - haurtzaroeskuliburua
1. Definizioa, legeria eta araudi garrantzitsua
Adopzioa familia zuzenbideko instituzio bat da. Adopzioaren bidez, haur edo nerabe bat erabat eta behin betiko integratzen da beste pertsona baten edo batzuen familia bizitzan, seme-alabatasun biologikoaren ondorio berekin. Adopzioak hautsi egiten ditu haur edo nerabeak jatorrizko familiarekin dituen lotura juridikoak, eta adoptatzaileek guraso-ahaletik eratorritako betebehar eta eskubide guztiak bereganatzen dituzte.
Babes erakunde publikoen tutoretzapeko haur eta nerabeen adopzioa hemen arautzen da:
- Kode Zibilaren 175-180 artikuluak
- Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen V. kapitulua
- 114/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Foru Aldundiek adingabeen adopzioaren arloan jarraitu beharreko jarduna arautzen duena
Bestalde, nazioarteko adopzioa —hau da, atzerriko agintari eskudunak adoptagarritzat hartzen dituen, ohiko bizilekua atzerrian duten eta ohiko bizilekua Espainian duten adoptatzaileek, bai jatorrizko estatuan adoptatu ondoren, bai adopzioa Espainian eratzeko helburuarekin, Espainiara lekualdatzen edo lekualdatuko dituzten haur eta nerabeen adopzioa (abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 1.2 art.)— hemen arautzen da:
- 54/2007 Legea, abenduaren 28koa, Nazioarteko Adopzioari buruzkoa
- Hagako Hitzarmena, 1993ko maiatzaren 29koa, umeen babesari eta nazioarteko adopzioaren inguruko lankidetzari buruzkoa.
- Hagako Hitzarmena, 1996ko urriaren 19koa, gurasoen erantzukizunaren eta haurrak babesteko neurrien arloko eskumenari, lege aplikagarriari, onarpenari, betearazpenari eta lankidetzari buruzkoa.
- Europako Kontseiluarena Hitzarmena, adingabeen adopzioari buruzkoa, Estrasburgon egina, 2008ko azaroaren 27an.
- 2019/1111 (EB) Erregelamendua, Kontseiluarena, 2019ko ekainaren 25ekoa, ezkontzaren eta gurasoen erantzukizunaren arloko ebazpenen eskumenari, aitorpenari eta betearazpenari eta adingabeak nazioartean osteari buruzkoa.
- 573/2023 Errege Dekretua, uztailaren 4koa, Nazioarteko Adopzioaren Erregelamendua onartzen duena.
- Adoptatutako haur eta nerabeen jatorrizko herrialdeko legeria, gai horretan aplikagarria dena, eta, bereziki, haur eta nerabeen nazioarteko adopzioari eta babesari buruz Espainiako Estatuak beste estatu batzuekin sinatzen dituen aldebiko akordioak edo hitzarmenak.
Beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonak foru aldundiaren tutoretzapeko haur eta nerabeak adoptatzeko eta nazioarteko adopziorako baloratu, eta kasua bada, egokitzat jo ahal izango dira aldi berean. Bateragarria izango da haien eskaintza bi eremuetarako izapidetzea, kasu bakoitzerako egokiak diren irizpideak balioetsita (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 34.3 art.).