2.1. Adopzioa eta adopzio irekia

Adopzioan, baliteke haur edo nerabeak nolabaiteko harremana izatea jatorrizko familiarekin.  Adopzio irekiaren modalitatea KZren 178.4. artikuluan eta HNLren 267. artikuluan dago jasota. Artikulu horien arabera, haurraren edo nerabearen interesak hala eskatzen duenean, bere familia egoera, adina edo BEPk baloratutako beste edozein inguruabar esanguratsu dela-eta, epaitegiak, adopzioa eratzean, harreman edo kontakturen bat mantentzea erabaki ahal izango du, haur edo nerabearen, jatorrizko familiako kideen eta familia adoptatzailearen arteko bisiten edo komunikazioen bidez. Kasu horretan, epaitegiak harreman edo kontaktu horren aldizkakotasuna, iraupena eta baldintzak zehaztuko ditu, BEPk edo fiskaltzak proposatuta, eta familia adoptatzailearen eta adoptatuaren adostasunarekin —behar besteko heldutasuna eta hamabi urte baino gehiago izan behar ditu horretarako—. Nolanahi ere, adoptatuak hamabi urte baino gutxiago baditu, entzun egingo zaio, haren adinaren eta heldutasunaren arabera. Beharrezkoa izanez gero, harremana BEPren edo horretarako bermatutako erakundeen bitartekaritzarekin gauzatuko da. Epaitegiak, halaber, hura aldatzea edo amaitzea erabaki ahal izango du, haur edo nerabearen interes gorena kontuan edukita. 

Adopzio modu hori aukeratuko da haur edo nerabearen interes gorenari erantzuten badio, eta, batik bat, neurri horren bidez lotura bakarreko edo bikoitzeko anai-arreba biologikoen arteko harremana erraztu ahal bada. 

Adopzio irekiak haur edo nerabearen interes gorenari erantzuten ote dion zehazteko, hura interpretatzeko eta haztatzeko irizpide orokorrez gain, kontuan hartuko dira mantenduko diren harremanek haur edo nerabearentzat duten garrantzi afektiboa, ematen dioten segurtasun emozionala eta horiek mantentzeak haren nortasunaren garapenean eta familia adoptatzailearekiko lotura eta integrazio prozesuan izan ditzakeen epe luzeko ondorioak (HNLren 267.3 artikulua). Adopzio irekirako, adopzio proiektuan berariaz jasota dauden eta adopziorako egokitzat jo diren pertsonak baino ez dira hautatuko.