2.3. Adopzioan interesa duten pertsonekin jarduteko prozedura: adopziorako informazioa, prestakuntza, eskaintza eta egokitasuna baloratzea

2.3.1. Adopziorako informazioa, prestakuntza eta eskaintza 

  • Foru aldundiaren tutoretzapeko haur eta nerabeen adopzioan interesa duten pertsonekin lehen elkarrizketa presentzial bat egingo da. Bertan, adopzioari, betekizunei eta jarraitu behar den prozedurari buruzko oinarrizko informazioa emango die FHAAn horretarako izendatutako teknikariak. 
  • Elkarrizketan, jakinaraziko zaie adopziorako eskaintza aurkeztu aurretik AFAk antolatutako informazio eta prestakuntza saioetan parte hartu beharko dutela, indarrean dagoen legediak ezartzen duen bezala (KZren 176. artikulua; ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 10.2a artikulua). Saio horien xedea hauei buruzko informazioa ematea izango da: adopzioaren funtsezko alderdiak, adopziozko filiazioaren ezaugarri bereizgarriak, maila pertsonalean zein familiarrean plantea ditzakeen arrisku, erronka eta doitzeak. Horrez gain, haien itxaropenak egokitzea ere izango du helburu, azken batean, adopzio proiektuari buruzko erabakiak hartzen laguntzeko. Saioak banaka edo taldeka emango dira, eskaeraren eta aukeren arabera. Interesdunei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik ez badira saio horietara joaten, adopziorako eskaintza formalizatzea ukatuko da.
  • Interesdunak (1) nahitaezko informazio eta prestakuntza saioetan parte hartu ostean, eta (2) ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 15. artikuluaren arabera eskatutako dokumentazioarekin batera, eskaintza eredu normalizatuaren bidez AFAn aurkeztu ostean, FHAAn horretarako esleitutako teknikariak eskaintza ez onartzeko arrazoirik ez dagoela egiaztatuko du, eta eskaintza Adopzioen Erregistroan inskribatuko da.  Adopziorako eskaintzek hiru urteko balioa izango dute, eta ondoren, hala badagokio, berritu egin beharko dira. 

Ez da adopzio eskaintzarik onartuko interesdunak honako egoera hauetakoren batean badaude (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 16. art.):

  • a)  Ohiko bizilekua ez dute Arabako Lurralde Historikoan, salbu eta foru aldundiaren tutoretzapean premia dauden eta bereziak dituzten haur eta nerabeak adoptatzeko salbuespenezko kasuetan; halakotzat hartuko dira anai-arreben taldeak edo familia elkartzean daudenak, desgaitasuna eta osasun-arazo bereziak dituzten haur eta nerabeak, zazpi urteko edo gorako haurrak, edo herentziazko aurrekari kliniko arriskutsuak dituzten haur eta nerabeak (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 5. art.).
  • b)    Bikote eskatzaileak, hala dagokionean, ez du egiaztatu ezkontza bidezko edo izatezko batasuna osatzen duela, edo, egiaztatu arren, ez dute frogatu elkarrekin bizi izan direla bi urtez jarraian.
  • c)    Ez dute diru sarrera nahikorik (dekretuan ezarritako baremoen arabera). 
  • d)    Ez dute onartu balorazio psikosozialaren prozesua.
  • e)    Ez dute onartu AFAren adopzio aurreko edo adopzio osteko jarraipena.
  • f)    Guraso ahala kendu zaie edo hartaz gabetu dira, edo tutoretza eten zaie.
  • g)    Babes espediente bat irekita izan dute, seme-alabekiko edo tutoretzapekoekiko babes betebeharrak bete ez dituztelako, eta erruduntzat jo dira.
  • h)    Judizialki ezgaituta daude edo ez dute jarduteko gaitasun osoa.
  • i)    Epai judizial irmoaren bidez, giza hilketaren edo lesioen dolozko delituagatik kondenatu dituzte, edo askatasunaren, osotasun moralaren, sexu askatasunaren edo familia eskubide eta betebeharren aurkako delituagatik
  • j)    Haur bat izango dute edo ez dira sei hilabete igaro seme edo alaba biologikoa jaio zenetik edo haur edo nerabe bat adoptatu zutenetik.

Kasu horietan, interesdunei entzun ondoren, ezesteko ebazpen proposamena idatziko da, balorazio prozedura burutzeko beharrik gabe. 

 

2.3.2. Egokitasunaren balorazio psikosoziala 

Adopzio espedientea hasteko, eskaintza egiten duen pertsonaren edo pertsonen aldez aurreko egokitasun adierazpena behar da. Alderdi hauen inguruko balorazio psikosozial batean oinarrituko da: egoera pertsonala, familiarra, erlazionala eta soziala; lotura egonkor eta seguruak izateko gaitasuna; hezkuntza trebetasunak, eta haur edo nerabe bati arreta emateko gaitasuna, haren inguruabar berezien arabera. Beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonak baloratu eta, kasua bada, aldi berean egokitzat jo ahal izango dira adopzio nazionalerako eta nazioartekorako. Bateragarria izango da eskaintza bi eremuetarako izapidetzea (abenduaren 28ko 54/2007 Legearen  art. 10.5 )

Foru aldundiaren tutoretzapeko hur eta nerabeen adopziorako eskaintzen kasuan, honela jokatuko da: 

  • Gutxienez egokitzat jotako hiru eskaeraz osatutako zerrenda bat izango du AFAk. Adopzio bat proposatzean egokitzat jotzen diren eskabideetako bat ere ez bada egokitzen haur edo nerabearen ezaugarrietara, hurrengo eskatzaileen egokitasuna baloratuko da, inskripzioaren ordena kronologikoaren eta eskaintzaren edukiaren arabera (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 21.1 eta 21.3 artikuluak). Pertsona horiei jakinaraziko zaie hamar eguneko epea dutela balorazio psikosozialaren prozesua hasteko eskatutako dokumentazioa aurkezteko. Premia bereziak dituzten haur eta nerabeak onartzeko prest dauden eskaintzak lehentasunezkoak izango dira egokitasuna baloratzeko. 
  • Hori egin ondoren, AFAk ProAdop prgramara bidaliko du egokitasunaren balorazio psikosozialaren eskaera, FHAAko taldeko arduradun teknikoak sinatutako idazkiarekin batera. 
  • ProAdop programaren talde teknikoa eskaera jaso eta gehienez ere hiru eguneko epean jarriko da eskatzailearekin edo eskatzaileekin harremanetan. Balorazio psikosozialaren helburua izango da egiaztatzea ea betetzen diren ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 11. eta 12.1 artikuluetan eskatutako egokitasun baldintzak eta irizpideak. Egokitasun-ezaren adierazpena eragin dezaketen beste inguruabar batzuei ere erreparatuko die, hala nola adopzioa baldintzatzea haur edo nerabeak ezaugarri fisiko jakin batzuk izateari edo ez izateari, haren sexuari, edo bestelako inguruabar pertsonal edo jatorri soziofamiliarreko egoera bati, edo, bestela, baloraziorako garrantzitsuak diren datuak ezkutatze edo faltsutzea (12.2 art.).  Eskaintza adopzio ireki baterako denean, gainera, familiak jatorrizko familiarekiko harremanak zaintzeko duen prestasuna eta gaitasuna baloratuko dira (LIAren 260.3 art.).

Balorazioa egiteko, ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 10.2b artikuluan adierazitako metodologia erabiliko da. Bertan, elkarrizketak, etxeko bisita eta, hala badagokio, galdesorta eta proba psikometrikoak sartuko dira, eta, egitekotan, AFArentzako txostenean erantsiko dira. Eskatzaileen familia unitateko beste kide batzuk ere baloratu ahal izango dira etxebizitza berean bizi badira. 

  • Halaber, familia bat harrera egiten ari bazaio haur edo nerabe bati, haren kasu planaren helburua adopziora aldatzen bada eta beren burua adopziorako eskaini nahi badute, kasu hori ProAdop delakora bidali ahal izango da, egokitasunaren balorazioa egiteko. Haur edo nerabearen eta haren familiaren inguruabarrak aldatu direla-eta, kasu planaren helburua aldatzen denean eta haren adoptagarritasuna planteatzen denean, kontrakoa gomendatzen duten inguruabar edo irizpide juridiko edo teknikoak daudenean izan ezik, egonkortasuna aldaketen gainetik jartzearen printzipioak, lehenik eta behin, haur edo nerabea familia berean mantentzeko aukera planteatzera eraman beharko luke. Baldintza guztiak betetzen direnean, posible denean eta komenigarria denean, familia bereko egonkortasunak haur edo nerabearen interes gorenari banandu eta beste familia batean integratzeak baino neurri handiagoan erantzuten diola ulertuko da. Kasu horretan, ez litzateke beharrezkoa izango egokitasuna baloratzeko protokolo osoa errepikatzea, baizik eta harreraren alderdi bereizgarriak soilik.
  • ProAdop programak balorazio prozesua osatuko du, eta egokitasunaren balorazio psikosozialari buruzko txostena egingo du, gehienez ere, bideratu eta hamabi asteko epean, salbuespen justifikatuetan izan ezik —horiek ezin izango dira baloraziorako kontratatutako enpresarenak izan—. Txostena FHAAn horretarako izendatutako teknikariari bidaliko zaio, eta hark aztertuko du, eta, behar izanez gero, azalpenak edo kontrasteak eskatuko ditu.
  • Eskatzailea edo eskatzaileak adopziorako egokitzat jotzen badira, FHAAn horretarako izendatutako teknikariak ebazpen proposamena egingo du, FHAAko taldeko arduradun teknikoak oniritzia eman ondoren, eta HNZBTren aktan jasotzeaz arduratuko da.
  • Eskatzailea edo eskatzaileak adopziorako desegokitzat jotzen badira, FHAAn horretarako izendatutako teknikariak hitzordua emango die idatziz, entzunaldiko izapidea egiteko eta ProAdop txostenaren kopia entregatzeko. Alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea ireki dela jakinaraziko zaie. Eskatzaileak edo eskatzaileek informazio hori jaso dutela egiaztatzen duen agiria sinatu beharko dute.  

Aurrekoa gorabehera, eskatzaileari edo eskatzaileei une horretan espedientea ixteko eskatzeko aukera eskainiko zaie, prozesua amaitzeko.  Eskatzaileak edo eskatzaileek jarraitzea eta alegazioak aurkeztea erabakitzen badute, horiek aztertu eta kontuan hartuko dira ebazpen proposamenean, FHAAko taldeko arduradun teknikoak oniritzia eman ondoren. Arduradun hori arduratuko da dagokion HNZBTren aktan jasotzeaz. 

Ezespen ebazpenaren kasuan, interesdunek ezin izango dute egokitasun adierazpenaren beste eskaera bat aurkeztu, harik eta gutxienez hiru urte igaro arte egokitasun adierazpenaren jakinarazpenetik.

  • Foru Aldundiak ebazpena emango du interesdunen egokitasunari edo egokitasunik ezari buruz. Egokitasun adierazpenaren eskaera aurkeztu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da ebazpena (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 21.2 artikulua).

Egokitasun adierazpenak hiru urteko indarraldia izango du, ematen den egunetik kontatzen hasita, adopzio prozesu bakar baterako, betiere eskatzaileen inguruabar pertsonalek eta familiarrek bere horretan jarraitzen badute. Amaitutakoan, eguneratu egin beharko da (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 13. artikulua). 

Adopziorako eskaintzak adopzio irekia egiteko aukera jasotzen badu, egokitasun adierazpenean, era berean, adopzio irekia egiteko egokitasuna jaso beharko da, eta berariaz adierazi beharko da interesdunak edo interesdunek onartzen duten jatorrizko familiarekin harremana eta kontaktua izango duen haur edo neraberik adoptatzea (KZren 178.4 artikulua; HNLren 261.2 artikulua). 
 

2.3.3. Egokitasuna baloratzeko prozedura etetea, egokitasunik eza deklaratzea edo onartutako egokitasuna indarrik gabe uzten duen ebazpena ematea

Ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren arabera, inguruabar hauek egokitasuna baloratzeko prozedura etetea eragin dezakete:

23. artikulua:

  1. Aurreikusitakoaren arabera izango duten bilakaeragatik edo desagertzeko, konpentsatzeko edo aldatzeko aukeragatik espediente jakin bati buruzko erabakia atzeratzea gomendatzen duten egoeraren araberako zirkunstantziak agertzen direnean, espedientea etenda geratuko da ofizioz edo eskatzaileek eskatuta, kasu bakoitzean finkatutako gehieneko epean, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie, horretarako arrazoiak eta espedienteari berriz ekiteko beharrezkoak diren baldintzak adierazita. Nolanahi ere, eta segidako une batzuetan eteteko hainbat arrazoi agertzeko aukera aparte utzi gabe, guztira bi urteko gehieneko epea izango du etendurak, hasieran erabakitzen denetik aurrera kontatzen hasita.

  2. Prozeduraren etendura ezarriko duen ebazpena interesdunei entzun ondoren emango da.

  3. Espedientea bideratzen jarraitzeko, beharrezkoa izango da etendura eragin zuten arrazoiak desagertzea edo eskatzaileek ezarrita dauden baldintzak betetzen dituztela formalki jakinaraztea.

  4. Espediente bat eteteko kasu bakoitzean finkatutako gehieneko epea igaro eta espedientearekin jarraitzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badira, artxibatu egingo da, betiere horretarako ebazpena eman ondoren.

Era berean, egokitasunik eza deklaratzea, prozedura etetea edo onartutako egokitasuna ondoriorik gabe uzten duen ebazpena ematea erabaki ahal izango dute, hala badagokio, larritasuna edo intentzionalitatea kontuan hartuta, honako inguruabar hauek:

12.. artikulua:

  1. Baloratutako pertsonak edo pertsonek balorazioa egiteko garrantzitsuak diren datuak ezkutatu edo faltsutu izana, legezko erantzukizunak aparte utzi gabe.
    2.    Adopzioa haur edo nerabearen ezaugarri fisiko jakin batzuen, sexuaren edo beste zirkunstantzia pertsonal edo soziofamiliar baten baldintzapean jartzea.
    3.    Espedientean aplika daitezkeen prozedurei buruzko arauak edo arau horiek ezartzen dituzten betebeharrak ez betetzea.
    4.    Proposatutako edo esleitutako haur edo nerabea ez onartzea, haur edo nerabeak bere garaian egokitasuna deklaratzeko bete beharreko ezaugarriei erantzuten dienean.