2.4. Familia adoptatzailea hautatzea, haurra edo nerabea integratzea, eta adopzioaren epai irmoa izan arte jarraipena egin eta laguntza ematea

Adopziora bideratutako kasu plana duen haur edo nerabe bat dagoenean, egokitzat jo diren familien artean, haren ezaugarri eta beharretarako egokiena dena esleituko zaio.  

Haur edo nerabe jakin bat adoptatzeko egokitzat jotzen den familiarik ez badago eta adopzioa bada harentzako babes neurririk egokiena, haren egoera eta premia bereziak kontuan hartuta, familia hautagai bat aktiboki bilatu beharko da. Horretarako, adingabeak babesteko beste erakunde publiko batzuekin lankidetzan arituko da, edo haur edo nerabearen berezko egoera edo beharretara hurbiltzen den adopzio proiektua duten beste familia batzuei informazioa emango zaie eta baloratu egingo dira(HNLren 262.2 art.).

Beste lurralde historiko edo autonomia erkidego bateko familia adoptatzailea behar denean, familia bilatzeko beste babes erakunde publiko batzuekin jarriko da harremanetan. 

Behin familia adoptatzailea aukeratuta, haur edo nerabea (1) adopzioa helburu duen zaintzaren bidez edo (2) aldi baterako familia harrera bidez sartu ahal izango da familian, guraso ahala kentzeko prozedura judiziala ebazten den bitartean.

2.4.1. Haur edo nerabearen integrazioa adopzioa helburu duen zaintzaren bidez 

Adopzioa helburu duen zaintzaren aplikazioa Kode Zibilaren 176 bis artikuluan arautzen da. Artikulu horrek xedatzen duenez, babes erakunde publikoak babesgabezia egoeran deklaratutako haur edo nerabe baten zaintza eskuordetu ahal izango die, adoptatzeko gaitasun baldintzak beteta —legean daude jasota— eta adopziorako baiezkoa emanda, adopziorako prestatu, egokitzat jo eta esleitu diren pertsonei. Horrela, erakunde publikoak, adopzio proposamena epaitegian aurkeztu aurretik, adopzioa helburu duen zaintza eskuordetu ahal izango du, adopzioaren ebazpen judiziala eman arte. Behar bezala arrazoitutako administrazio ebazpenaren bidez egingo du hori, eta, aurretik, entzunaldia egin beharko zaie eraginpekoei eta, nahiko heldua bada eta hamabi urte baino gehiago baditu, haur edo nerabeari. Guraso ahala edo tutoretza kendu ez zaien guraso edo tutoreei jakinaraziko zaie hori.

Adopzioa helburu duten zaintzaileek harrera familien eskubide eta betebehar berberak dituzte laguntza teknikoei eta ekonomikoei dagokienez. 

Bizikidetza aldiaren hasieran, jatorrizko familiaren bisiten eta harremanen araubidea etengo da, haur edo nerabearen intereserako besterik komeni ez bada. Kasu horretan, harremanetan edo kontaktuan egotea adostu ahal izango da, haur edo nerabearen, jatorrizko familiako kideen eta familia adoptatzailearen arteko bisiten edo komunikazioen bidez (KZren 178.4 art.). 

Adopzio proposamena ahalik eta eperik laburrenean egin beharko zaio epaitegiari, adopzioa helburu duen zaintza eskuordetu ondoren, eta, betiere, hori erabaki den egunetik hiru hilabete igaro baino lehen.  Hala ere, haur edo nerabearen adinaren eta inguruabarren arabera, familia berrira egokitzeko aldi bat ezartzea beharrezkotzat hartzen denean, hiru hilabeteko epe hori gehienez urtebetera arte luzatu ahal izango da. Adopzio proposamenak FHAAren jarraipen txosten positiboa beharko du aldez aurretik. 

Gerora, epaitegiak uste badu adopzioa ez dela bidezkoa, erakunde publikoak haur edo nerabearentzat egokiena den babes neurria aplikatu beharko du.

AFAn, haur edo nerabea adopzio familia batean adopzioa helburu duen zaintzaren bidez integratzeko proposamena aurkeztuko zaio HNZBTri, baldin eta, familia egokitzat jotzeaz gain, egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

  • Haur edo nerabearen guraso edo tutoreek baiezkoa eman dute adopziorako, edo guraso ahala kentzeko epai judizial irmoa dago.
  • Segurtasunez iragar daiteke adopzioko epai judiziala azkarra izango dela.

AFAk, ProAdop programaren bidez, haur eta nerabeei eta familiei jarraipena egin eta laguntza teknikoa emango die, esleipena onartzen denetik adopzioari buruzko epai irmoa eman arte, haur edo nerabearen eta familia adoptatzailearen arteko lehen kontaktuak eta bizikidetzaren hasiera prestatzea barne, bai eta ondorengo fasea ere.  Horren barruan sartzen dira haur edo nerabea iritsi aurreko eta ondorengo orientazio saioak (adopziozko integrazio saioak), zaintza formalizatu eta gehienez ere urtebetez. Kasu horietan, familiarekin lehen saioa egin ondoren, helburuen eta saioen maiztasunaren proposamen bat aurkeztuko du ProAdop programak. Behin esku-hartzea amaituta, edo AFAk eskatzen dionean, familiaren bilakaerari buruzko txostena aurkeztuko du.  

Jarraipenaren eta laguntza teknikoaren harira, AFAk hala erabakitzen duenean, haur edo nerabeak jatorrizko familiarekin duen harremana eta/edo komunikazioa gainbegiratu edo jarraitu ahal izango da. Orientazio irizpide orokor gisa, ProAdop programak astean behin esku hartuko du lehen hilabetean, hamabostean behin hurrengo bi hilabeteetan, eta hilean behin ondoren. Kasu bakoitzaren premien arabera eta behar izanez gero, gehiagotan esku hartuko du. ProAdop programak legez ezarritako epeen arabera bidaliko dizkio jarraipen txostenak AFAko kasu-koordinatzaileari.  

2.4.2. Haur edo nerabearen integrazioa aldi baterako familia harreraren bidez 

Kasuaren inguruabarrak eta haur edo nerabea adopzioa helburu duen zaintzaren bidez familia adoptatzailean integratzeko ezarritako inguruabarrak ez badatoz bat, aldi baterako familia harreraren bidez egingo da. 

Esku-hartzea kasu horietarako ezarritako prozeduraren arabera gauzatuko da, eta ProAdop edo FAHLPren laguntza izango da haur eta nerabeei, harrera familiari eta, hala badagokio, jatorrizko familiari jarraipena egin eta laguntza teknikoa emateko.

Haur edo nerabea eta harrera familia beste lurralde historiko edo autonomia erkidego batean bizi badira, laguntza eta jarraipen txostenak eskatuko zaizkio dagokion babes erakundeari.