2.6. Adopzio osteko jarraipena eta laguntza

Adopzio ostean jarraipena egiteko eta laguntza emateko, ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 28. artikuluan horri buruz ezarritakoa beteko da. Horren arabera, adopzioa helburu duen zaintzan edo adopzio aurreko familia harreran egon den denbora edozein dela ere, foru aldundiak beharrezkotzat jotzen diren jarraipenak egingo ditu haur edo nerabea familia berrian zenbateraino integratu den baloratzeko. Jarraipenak gutxienez sei hilean behin egin beharko dira adopzioa eratu ondorengo bi urteetan. Jarduketa horien helburua da haur edo nerabea zer egoeratan dagoen jakitea eta adoptatzaileek haren oinarrizko premiei behar bezala erantzuten dietela egiaztatzea, bai eta familia adoptatzaileei eta, kasua bada, jatorrizko familiei aholkua eta laguntza ematea adopzioaren ondoriozko egoeretan. Haur edo nerabeek inguruabar edo behar bereziak dituztenean, txostenak hiru hilean behin egingo dira adopzioaren lehen urtean (HNLren 276.2 art.).

Adopzio irekien kasuan, FHAAko kasu koordinatzaileak egingo du jarraipena, eta harremanena modu normalean garatzeko eta familia integrazioko prozesua arrakastaz burutzeko bide emango du, tartean diren pertsonei behar duten laguntza eta aholkularitza emanda (HNLren 267.6 art.). Epaitegiari bidaliko dizkio harremanaren eta/edo komunikazioen garapenari buruzko aldizkako txostenak, bai eta horiek mantentzeko edo aldatzeko proposamenak ere, lehenengo bi urteetan. Epe hori igarotakoan, epaitegiak eskatuta bidaliko ditu (KZren 178.4 art.).

AFAk, FHAAko kasu koordinatzailearen bitartez, haur eta nerabe bakoitzaren banakako jarraipena egingo du, eta, haur edo nerabeak eta familia adoptatzaileak, eta, kasua bada, jatorrizkoak behar duten orientazioa eta laguntza emango du. Haur edo nerabea eta familia adoptatzailea beste lurralde historiko edo autonomia erkidego batean bizi badira, laguntza eta jarraipen txostenak eskatuko zaizkio dagokion babes erakundeari.

Aurrekoaz gain, AFAk hau eskainiko die haur eta nerabeei eta familia adoptatzaileei ProAdop programaren bidez:

  • Adopzioarekin lotutako krisi egoeran dauden familien egoera baloratzea eta egokitzat jotzen diren baliabide komunitario, pribatu edo bestelakoetara orientatzea, adoptatutako haur edo nerabearen balorazio psikologikoa barne.
  • Laguntza psikologikoa ematea, adopzioarekin lotutako zailtasun esanguratsuei aurre egiteko behar duten haur eta nerabeei eta familiei. Gehienez ere bi urteko iraupena izango du. 
  • Gutxienez, urteko prestakuntza plan bat guraso adoptatzaileentzat, adoptatutako haur eta nerabeentzat eta profesionalentzat. Prestakuntza saioak, hitzaldiak, mahai inguruak eta abar izan daitezke, adoptatutako haur eta nerabeen eta haien familien premiei heltzeko.  
  • Adoptatutako haur eta nerabeekin eta haien familiekin esku hartzen ari diren profesionalentzako orientazioa, familia babesten eta loturak mantentzen laguntzeko. 

Dituzten laguntza premiei dagokienez, arreta berezia eskainiko zaie tratu txar larriak edo beste esperientzia traumatiko batzuk jasan dituzten sei urtetik gorako haur eta nerabeak adoptatzen dituzten familiei, edo osasun arazo larriak edo familia egokitzapena eta integrazioa zailtzen duten bestelako inguruabar edo premia bereziak dituzten haur eta nerabeak adoptatzen dituztenei (HNLren 277.2d art.).