3.1. Nazioarteko adopzioari dagokionez foru aldundiak dituen eskumenak, tartean diren erakundeak eta eskaintzak izapidetzeko baldintza orokorrak - haurtzaroeskuliburua
3.1. Nazioarteko adopzioari dagokionez foru aldundiak dituen eskumenak, tartean diren erakundeak eta eskaintzak izapidetzeko baldintza orokorrak
Nazioarteko adopzioaren harira, babes erakunde publiko den aldetik, Arabako Foru Aldundiari dagokio (abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 5. art.):
- Arabako Lurralde Historikoko eta haur eta nerabeen jatorrizko herrialdeetako legeriari, betekizunei eta beharrezko izapideei buruzko informazioa antolatu eta ematea. Informazio hori ahalik eta osatuena, egiazkoena eta eguneratuena izango da, baita irispide librekoa ere interesa duten familia eta erakunde bermatuentzat.
- Prozesu osoan zehar, beharrezko prestakuntza ematea familiei, nazioarteko adopzioaren ondorioak ulertu eta horiei aurre egin ahal izateko, eta adopzioa eratu ondoren guraso erantzukizunak behar bezala betetzeko prestatzea.
- Adopziorako eskaintzak jasotzea, bai zuzenean, bai erakunde bermatuen bitartez.
- Egokitasun ziurtagiriak ematea —lehendabizi, beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonen txosten psikosoziala egin beharko da, dela zuzenean, dela behar bezala bermatutako instituzio edo erakundeen bidez—, eta, adoptatuaren jatorrizko herrialdeak hala eskatzen duenean, jarraipena egiteko konpromisoa hartzea.
- Haur edo nerabearen esleipena jasotzea jatorrizko herrialdeko agintari eskudunen aldetik. Bertan, haren nortasunari, adoptagarritasunari, gizarte eta familia inguruneari, historia medikoari eta premia bereziei buruzko informazioa agertuko da, bai eta pertsonen, erakundeen eta agintarien baimenei buruzko informazioa ere —jatorrizko herrialdeko legeriak eskatzen ditu horiek—.
- Jatorrizko herrialdeko erakunde eskudunak esleitutako haur edo nerabearen ezaugarriak eta egokitasun ziurtagiriarekin batera doan txosten psikosozialean agertzen direnak bat datozela egiaztatzea.
- Nazioarteko adopzio prozesuan, laguntza teknikoa eskaintzea haur eta nerabeei eta beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonei. Arreta berezia jarriko zaie ezaugarri edo behar bereziak dituzten haur edo nerabea adoptatuko duten edo adoptatu duten pertsonei.
- Haur edo nerabearen jatorrizko herrialdeak eskatutako jarraipen txostenak egitea. Horiek erakunde bermatuei edo baimendutako beste erakunde batzuei eskatu ahalko zaizkie.
- Adopzio osteko laguntzarako eta bitartekaritzarako baliabide kualifikatuak ezartzea, jatorriak bilatzeko eta adoptatuak eta adoptatzaileak behar bezala artatzeko. Baliabide horiek erakunde bermatu edo baimenduei agindu ahal izango zaizkie.
Era berean, foru aldundiaren eginkizuna da estatuko administrazio orokorrari nazioarteko adopziorako espedienteen izapidetzeari buruzko informazio estatistikoa ematea.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzari dagokio nazioarteko adopzioa sustatzea, horretarako egokitzat jotzen dituen hedabideak, informazio bideak eta bitarteko lagungarriak erabilita (HNLren 319.1g) artikulua).
Nazioarteko adopzioek estatuko eta autonomia erkidegoko legerietako baldintzak eta prozedurak bete behar dituzte, bai eta adoptatu daitezkeen haur eta nerabeen jatorrizko herrialdeko legeriakoak ere. Horrez gain, herrialde horietako bakoitzean adopzioan eskumena duten agintariek esku hartzen dute, eta erantzukizun bereiziak dagozkie. Hauek dira aipagarrienak:
- Arabako Lurralde Historikoan, beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonen egokitasuna zehaztea.
- Jatorrizko herrialdean, haur edo nerabearen adoptagarritasuna zehaztea eta, hala badagokio, nazioarteko adopzioaren komenigarritasuna, kasu zehatz bakoitzerako baliabiderik egokien gisa, baita haur edo nerabea adopziorako eskaintzen den familia egokienari esleitzea ere.
Nazioarteko adopziorako eskaintza bat aurkeztea beste herrialde bati egiten zaion eskaera da, eta adopzioa ez da beti eratzen, erakunde eskudunen irizpideen eta erabakien eta tartean diren herrialdeetako haur eta nerabeak babesteko politiken araberakoa delako.
Adopziorako eskaintzak beste herrialde batekin izapidetzen hasteko:
- a) Herrialde horretako legeriak adopzioa arautu behar du.
- b) Haurrak babesteari dagokionez eskumena duen erakunde bat egon behar du herrialdean, adopziorako eskaintza bertara bideratu eta adopzioa izapidetzeko.
- c) Herrialde ez du egon behar adopzioak izapidetzeari lotutako segurtasun gabezia juridiko larririk.
Ez da izapidetuko beste herrialde bateko haur edo nerabeen edo ohiko bizilekua beste estatu batean dutenen nazioarteko adopziorik, honako egoera hauetan:
- a) Haur edo nerabe adoptatuak ohiko bizilekua duen herrialdean gatazka armatua edo belikoa edo hondamendi naturala dagoenean.
- b) Herrialdean ez dagoenean adopzioa kontrolatu eta bermatuko duen agintaritza espezifikorik, hain zuzen, babes erakunde publikoari esleipen proposamena bidaltzen dionik, haur edo nerabearen adoptagarritasunari buruzko informazioarekin eta abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 5.1.e) artikuluan jasotako gainerako informazioarekin.
- c) Herrialdean adopziorako berme egokiak ematen ez direnean, eta adopzioaren praktika eta izapideek haur edo nerabearen interesa errespetatzen ez dutenean edo estatuko eta nazioarteko araudian aipatutako nazioarteko printzipio etiko eta juridikoak betetzen ez dituztenean.
Estatuko administrazio orokorrak, babes erakunde publikoekin elkarlanean, une bakoitzean zehaztuko du zein herrialde dauden egoera horietako batean, adopzioak izapidetzeari ekitea edo uztea erabakitzeko.
Nazioarteko adopzioko prozeduretan hau bermatu beharko da (HNLren 271.2 art.):
- a) Nazioarteko adopzioaren subsidiariotasun-printzipioa aplikatzen da.
- b) Adopzioak adoptatutako adingabearen interes gorenari erantzuten dio.
- c) Adingabea adoptatu daiteke.
- d) Eskatutako baimenak askatasunez ematen dira, inolako kontraprestazio ekonomikorik jaso gabe, eta adopzioak zer ondorio eta eragin dituen jakinda, bereziki adoptatuaren eta haren jatorrizko familiaren arteko lotura juridiko oro behin betiko eteteari dagokionez.
- e) Adopzioak ez dakar onura material desegokirik beren burua adopziorako eskaintzen dutenentzat edo beste edozein pertsonarentzat.
- f) Adingabeari entzun egingo zaio, iritzia eman ahal badu.