3.2. Bitartekaritzako eginkizunak

HNLren 272.etik 275.era bitarteko artikuluetan ezarritakoaren arabera, foru aldundiak edo horretarako bermatuta dauden erakundeek bete ahal izango dute nazioarteko adopziorako bitartekaritza eginkizuna 1993ko maiatzaren 29ko Hagako Hitzarmena berretsi duten herrialdeetako agintariekin zuzenean.

Nazioarteko adopziorako erakunde bermatuak:

  • Bitartekaritza lanak egiten dituzte arlo horretan. 
  • Bi herrialdeetan egon behar dute bermatuta, eta Espainian indarrean dagoen legerian eta adingabearen jatorrizko herrialdeko legerian —bertan jardungo dutelako— eskatzen diren baldintzak bete behar dituzte.
  • Administrazio publiko eskudunak emandako bermean finkatutako esparruan jarduten dute.
  • Bitartekaritza lanak egiten dituzte Espainian eta jatorrizko herrialdean, ordezkarien bitartez eta adopzio prozesua amaitu arte. 
  • Bermea eman zioten administrazioen kontrol eta ikuskapen pean daude.
  • Laguntza zerbitzuak eskaintzen dizkiete bi herrialdeetako administrazio publikoei, haien arteko komunikazio trukerako lotura direlako, bai eta beren burua adopziorako eskaintzen duten familiei ere, prozesuan zehar. 

Nazioarteko adopziorako bitartekaritza eginkizuna deskribatutako prozeduren bidez bakarrik burutu ahal izango da. Aipatutakoez bestelako pertsona edo erakundeek ezingo dute nazioarteko adopzioetarako bitartekaritza eginkizunetan parte hartu.  

Nazioarteko adopziorako bitartekaritza erakundeek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte, berariaz eta beti (HNLren 273.3 art.):

  • a)    Nazioarteko adopzioaren arloan eskaintza bat egin nahi dutenei informazioa ematea.
  • b)    Beren burua nazioarteko adopziorako eskaintzen duten pertsonei adopzioaren esanahiaren, helburuaren eta ondorioen inguruko aholkularitza, prestakuntza eta laguntza ematea, alderdi kultural garrantzitsuetan eta Espainian eta adingabeen jatorrizko herrialdeetan nahitaez egin behar dituzten izapideetan.
  • c)    Nazioarteko adopziorako espedienteak izapidetzen esku hartzea Espainiako zein atzerriko agintari eskudunen aurrean.
  • d)    Adingabeen jatorrizko herrialdeko legeriak edo agintari eskudunek adoptatzaileentzat ezarritako adopzio osteko betebeharrak betetzeko kudeaketak izapidetzen eta egiten esku hartzea.

1993ko maiatzaren 29ko Hagako Hitzarmena berretsi ez duten herrialdeekin egindako adopzio espedienteak erakunde bermatuen bidez bakarrik izapidetu ahal izango dira. 

Nazioarteko adopziorako bitartekaritza-erakundeen jarduera-eremuari, funtzioei, betebeharrei eta berme prozedurari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi 573/2023 Errege Dekretua, uztailaren 4koa, Nazioarteko Adopzioaren Erregelamendua onartzen duena.