3.4. Adopzio osteko jarraipena eta laguntza - haurtzaroeskuliburua
3.4. Adopzio osteko jarraipena eta laguntza
Adoptatutako haurren eta nerabeen jatorrizko herrialde gehienetako legediaren arabera, denbora tarte aldakor batean, adopzio ondoko jarraipen txostenak bidali behar dira, haur edo nerabea familia berrira zenbateraino ari den egokitzen jakiteko. Horregatik, izapidetzearen hasierako fasean eta haur edo nerabearen herrialdera adopzio eskaeraren espedientea bidali aurretik, beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonek baldintza hori onartu behar dute AFAren aurrean, eta jarraipenak egiteko konpromisoa hartu behar dute. Jatorrizko herrialdeak eskatzen badu, adoptatzaileek konpromisoa hartu beharko dute itzulpen kautotua emateko eta jarraipen txostenak bidali aurretik legeztatzeko. Kostuak beren gain hartuko dituzte. Foru aldundiak jarraipena finkatutako epeetan egiteko konpromisoa hartzen du beste herrialdeko agintarien aurrean.
Eskatutako adopzio ondoko jarraipen txostenak egiteko AFAk edo, bestela, jarraipena egiten duen erakunde bermatuak behar dituen informazioa, dokumentazioa eta elkarrizketak eman beharko ditu adopzio familiak, aurreikusitako denboran. Halaber, erakunde bermatua adopzio espedientea izapidetzen aritu bada, hark prestatutako jarraipen txostenei baiespena eman behar zaie, jatorrizko herrialdera bidali aurretik (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 36.3b) art.). Adopzio familiak fase horretan parte hartzen ez badu, administrazio zehapenak ezarri eta zehapen prozedura bat hasi ahal izango dira. Ondorengo adopzio prozesu batean desegokitasunaren kausatzat hartu ahal izango da hori (abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 11.2 art.; HNLren 326.28 art.).
AFAk, FHAAko kasu koordinatzailearen bitartez, haur eta nerabe bakoitzaren banakako jarraipena egingo du, eta, haur edo nerabeak eta familia adoptatzaileak behar duten orientazioa eta laguntza emango du. Aurrekoaz gain, beharrezkotzat jotzen duenean, AFAk hau eskainiko die adoptatutako haur eta nerabeei eta familia adoptatzaileei ProAdop programaren bidez:
- Adopziozko integraziorako saioak, haurra edo nerabea iritsi ondoren, gehienez ere urtebetez.
- Adopzioarekin lotutako krisi egoeran dauden familien egoera baloratzea eta egokitzat jotzen diren baliabide komunitario, pribatu edo bestelakoetara orientatzea, adoptatutako haur edo nerabearen balorazio psikologikoa barne.
- Laguntza psikologikoa ematea, adopzioarekin lotutako zailtasun esanguratsuei aurre egiteko behar duten haur eta nerabeei eta familiei. Gehienez ere bi urteko iraupena izango du.
Azkenik, ProAdop programaren bidez, hau eskainiko du:
- Gutxienez, urteko prestakuntza plan bat guraso adoptatzaileentzat, adoptatutako haur eta nerabeentzat eta profesionalentzat. Prestakuntza saioak, hitzaldiak, mahai inguruak eta abar izan daitezke, adoptatutako haur eta nerabeen eta haien familien premiei heltzeko.
- Adoptatutako haur eta nerabeekin eta haien familiekin esku hartzen ari diren profesionalentzako orientazioa, familia babesten eta loturak mantentzen laguntzeko.