4. Jatorriak bilatzea

Indarrean dagoen legeriak ezartzen duen bezala, erakunde publikoek haur edo nerabearen jatorrien inguruan eskura duten informazioaren kontserbazioa bermatu beharko dute, zehazki, haren gurasoen nortasunari dagokion informazioa zein haur edo nerabearen eta haren familiaren historia medikoa, eta gutxienez berrogeita hamar urtetan kontserbatuko dira, adopzio egiten den unetik zenbatzen hasita. Adoptatua adin nagusitasunera iristen denean edo, adin txikikoa bada, legezko ordezkarien bidez bere jatorri biologikoari buruzko datuak jakiteko eskubidea erabil dezan baino ez da kontserbatuko (KZren 180.5 eta 180.6 art.; HNLren 278 eta 279 art.). 

Nazioarteko adopzioaren kasuan, adoptatuen eskubide hori aitortuta geratzen da erakunde publikoek beren jatorri biologikoei buruz dituzten datuei dagokienez, 
ezertan eragotzi gabe jatorrizko herrialdeetako legeriatik erator daitezkeen mugak. Horretarako, adopzioan bitartekari aritu diren erakunde bermatuek eskura dituzten datuen berri eman beharko diete erakunde publikoei (abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 12. art.).

AFAk, FHAAko kasu koordinatzaileen bitartez, aholkularitza eta laguntza emango du helburu horrekin. Hau barne hartu dezake (HNLren 279.4 art.):
 

  • Informazioa bilatzeko, aurkitzeko eta lortzeko prozesuari buruzko orientazioa ematea, edo aholkularitza eta laguntza ematea informazioa ulertzeko eta emozionalki prozesatzeko eta norberaren identitatearen parte gisa onartzeko eta integratzeko.
  • Jatorrizko familiako kideekin harremanetan jartzeko bitartekaritza eta prestaketa, inplikatuek asmo horrekin ados daudela adierazten badute. Horretarako, bitartekaritza prozedura konfidentziala egin beharko da, datuak eman aurretik. Prozedura horren esparruan, alderdi bakoitzaren inguruabar familiar eta sozialen berri emango zaie hala adoptatuari nola haren guraso biologikoei eta, halaber, jakinaraziko zaie zer jarrera agertu duen beste alderdiak harremanetan jartzeko edo elkartzeko aukerari dagokionez.

Nazioarteko adopziorako, AFAk jatorriak bilatzeko erakunde bermatu edo baimenduei eskatu ahal izango dizkie bitartekaritza baliabide kualifikatuak (abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 5.1i) art.).

Kasu horietan jarraitu beharreko prozedurak urrats hauek ditu: 

1.    Eskaera aurkeztea AFAn

Prozedura jatorriak bilatzeko eskaerarekin hasten da. Eskaera orriari, gutxienez, NANaren fotokopia, hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria eta eskatzaileak prozesua errazteko baliagarritzat jotzen duen beste edozein agiri erantsi behar zaizkio. 

Prozesua hasteko ezinbesteko baldintza da adopzioa Arabako Lurralde Historikoan eratu izana, adopzio nazionalaren kasuan, edo foru aldundiaren bitartez izapidetu izana, nazioarteko adopzioaren kasuan.

Lehen une honetan, prozedurari buruzko informazioa jasotzeko elkarrizketa bat egin daiteke horretarako izendatutako FHAAko teknikariarekin, eskatzaileak hala eskatuz gero.

2.    Eskaeraren bideragarritasunaren balorazioa

Eskatzaileari elkarrizketa egiteko hitzordua ematen zaio FHAAn. Bertan, prozedura azalduko zaio (aurretik azaldu ez bazaio), eta eskaeraren bideragarritasuna baloratuko da.

3.    Ikerketa

Adopzioari buruzko administrazio espedientean, foru artxiboetan edo beste informazio iturri batzuetan dagoen informazioa aktiboki bilatzea. Era berean, jatorrizko familiako kideren batek adoptatuarekin harremanetan jartzeko interesik agertu ote duen bilatzea. 

4.    Aholkularitza eta orientazioa

Bilaketa jarduera administratiboekin batera, alderdi hauetarako prozesuan lagunduko dio AFAk eskatzaileari: 

  • Norberaren jatorriak ezagutzeko eskubidea erabiltzeak zer esan nahi duen eta zer irismen duen jakinaraztea.
  • Norberaren gainean dituen transzendentziaz eta ondorioez jabetzen laguntzea, baita eragina jasan dezaketen hirugarren pertsonen eskubide legitimoak errespetatzeari dagokionez ere.
  • Gogoeta prozesua sustatzea eta erabakiak hartzea erraztea.
  • Behar den laguntza pertsonala ematea, bai jatorri biologikoei buruzko informazioa dagoenean, bai horri buruzko daturik ez dagoenean.
     

5.    Jatorrizko familiari eta adoptatuari komunikatzea

Jatorrizko familiari komunikazioa egin ondoren, adoptatuari filiazio datuak komunikatuko zaizkio ebazpen bidez. Familia biologikoak eta adoptatuak elkar ezagutu nahi badute, hurrengo faseari ekingo zaio

6.    Bitartekaritza

Fase horretan hainbat elkarrizketa pertsonal, komunikazio eta abar egiten dira, alde batetik jatorrizko familiarekin eta, bestetik, adoptatuarekin, balizko topaketa bat prestatzeko helburuarekin.