1.5. Adingabeen eta Familiaren Arloaren jarduketa

1.5.1. Jarraibide orokorrak 

AFAk bere gain hartuko ditu UGZek berehala egindako premiazko bideratze guztiak, eta bertako talde teknikoen ardura izango da, behar izanez gero, haur edo nerabea eta familia dauden lekura joatea. Aurrekoa gorabehera, eta AFAk bere gain hartu arte, UGZak prest egongo dira haur edo nerabea babesteko beharrezkoak diren jarduketak egiteko. Behar izanez gero, AFA arduratuko da informazio gehigarria biltzeaz eta, hala badagokio, kasuan beharrezkoak diren babes neurriak hartzeaz. UGZek kasu bakoitzean egokia den laguntza emango diote AFAri. 

Premiazko babes neurria hartu beharko da kasu hauetan:

1 Haur edo nerabeari eragin dion babesgabetasun egoeraren larritasuna handia edo oso handia da, edo, larritasuna baieztatu ezin izan gabe, gertatu delako susmo sendoak daude, eta haur edo nerabearen inguruko hainbat elementuri erreparatuta litekeena da berehala edo epe laburrean egoera larritasun berarekin edo handiagoarekin errepikatzea, eta haur edo nerabearen oinarrizko osasunerako edo segurtasunerako arrisku argia da hori. Babesgabetasun handi edo oso handiko egoera gertatu ez bada, haur edo nerabearen inguruko hainbat elementuri erreparatuta litekeena da egoera hori berehala edo epe laburrean gertatzea, eta haur edo nerabearen oinarrizko osasunerako edo segurtasunerako arrisku argia da hori.
2 Eta haur edo nerabearen ingurunean ez dago arrisku horri modu naturalean kontra egin diezaiokeen babes elementurik.
3 Eta haur edo nerabearen oinarrizko osasuna edo segurtasuna bermatzeko modu bakarra premiazko babes neurria hartzea da.

 

Haur edo nerabe bat bizilekutik ateratzea soilik planteatu behar da haur edo nerabearen bizitza, osotasun, osasun edo segurtasunerako berehalako arrisku larriaren zantzuak edo ebidentziak daudenean eta arrisku maila ezin denean beste neurri batzuen bidez murriztu. Premiazko banantzea, babesgabetasunaren larritasuna edozein dela ere, honako egoera hauetan ekidin daiteke: 

  • Kaltea eragin duen pertsona etxetik urrundu da eta erabat galarazten zaio haur edo nerabearekin kontaktua izatea, edo, kontaktu mugatua badu, haur edo nerabea uneoro hura babesteko gai den pertsona heldu baten zaintzapean dagoela bermatzen da. 
  • Haur edo nerabearen legezko tutoretza edo zaintza betetzen duten pertsonek behar adinako laguntza edo euste zerbitzuak onartzen dituzte, seguru dagoela bermatzeko. 
  • Senide edo hurbileko pertsona batek etxean egonkor egoteko konpromisoa hartzen du, eta haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta osotasuna ziurta ditzakeen berme nahikoa dago.

Haur edo nerabe baten babesgabezia edo zaintza proposatu aurretik, AFAk dagokion txostenean ziurtatu eta justifikatu beharko du ez dagoela beste aukerarik familiarengandik banandu gabe haren oinarrizko osasuna eta osotasuna bermatzeko.  

Indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera, eta ezinezkoa denean izan ezik, legezko babes neurria proposatu eta hartu aurretik, AFAko profesionalek entzunaldia izango dute haur edo nerabearen legezko tutoretza edo zaintza betetzen duten pertsonekin eta haur edo nerabearekin berarekin, eragiten dieten prozedura administratibo eta judizialetan informazioa jasotzeko, entzunak izateko eta parte hartzeko dituzten eskubideak kontuan izanda.

Premiazko babes neurriak hartu behar direnean, AFAk hau egin ahal izango du:

a)    Haur edo nerabearen behin-behineko zaintza bere gain hartzea, HNLren 171.1 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituta, adingabeari berehalako arreta eman behar zaionean, haren inguruabarrak aztertu, ikerketa egin (behar izanez gero), eta babesgabezia egoeran ote dagoen egiaztatu bitartean. Inguruabar horietan behin-behineko zaintza hartzea nahitaezkoa izango da, HNLren 171.4 artikuluak dioen legez: “4. Urgentziazko arrazoiak badaude, foru-aldundien jarduketa berehalakoa izango da, eta barne hartuko du behin-behineko zaintza nahitaez beren gain hartzea, baita pertsona adingabearen eskubideak zaintzeko beharrezkoa den beste edozein neurri hartzea ere. Urgentziazko arrazoiak daudela joko da pertsona adingabe baten bizitza, osotasun, osasun edo segurtasunerako arrisku larri eta berehalakoaren zantzuak badaude”.

Aupatutako eginbideak ahalik eta eperik laburrenean gauzatuko dira, eta, nolanahi ere, gehienez hiru hilabeteko epean. HNLren 207.4 artikuluaren arabera, ezingo da epea luzatu.  Epe horretan, kasua bada, babesgabezia egoera adieraziko da, eta, ondorioz, tutoretza hartu edo bidezko babes neurria proposatuko da.

b)    Babesgabezia dagoela adieraztea prebentzio moduan, HNLren 195. artikuluko premiazko prozedurari jarraituta. Prozedura horrek babesgabezia adierazpenaren prozedura arrunterako aurreikusitako izapideak egitetik salbuesten du, haur edo nerabeari entzutea izan ezik. Dena den, hori ez egitea posible izango da haur edo nerabearen interes gorenari kalte egingo liokeela ondorioztatzen denean. 

Aipatutako artikuluaren arabera (195.1 artikulua), honako kasu hauetan, foru aldundiek babesgabezia dagoela adiera ahal izango dute prebentzio moduan, premiazko prozedura bati jarraituta:

  • Familian babesgabetasun egoera larrien aurrekariak daudenean edo adingabearen osotasun fisiko edo psikikorako berehalako arrisku larriaren beste zantzu batzuk daudenean.
  • Familiak ihes egiteko edo adingabea ezkutatzeko arriskua dagoenean, edo zantzu horiek instrukzio fasean egiaztatu badira eta berehala eta atzerapenik gabe esku hartu behar bada haren interes gorena bermatzeko.
  • Premiazko esku-hartzea behar duen eta familia nukleotik banantzea beharrezkoa egiten duen beste edozein kausa dagoenean.
  • Larritasun handiko ezohiko eta ustekabeko inguruabarrak daudenean —behar bezala egiaztatu beharko dira—, hala gomendatzen eta justifikatzen duten ezinbesteko kasuak barne.

Kasua jaso eta gehienez ere sei hilabeteko epean —eta, salbuespen gisa, bederatzi hilabeteko epean— (HNLren 193.6 artikulua), organo eskudunak administrazio ebazpena emango du, babesgabezia egoera berresteko edo, bestela, hasieran eratutako tutoretza iraungitzat jotzeko, hartutako behin-behineko neurriak bertan behera uzteko eta espedientea artxibatzeko. 

HNLren 171.6 artikuluaren arabera, haur edo nerabe bat harrera eta larrialdietarako zentro batean sartzen denean, berehalako arreta osoa eta haren premietara egokitutakoa emango zaio. Behin-behineko neurriak eta lehen harrerako baliabideetako egonaldia luzatzea saihestuko da.

Kasua ikertu ostean, AFAk ondorioztatzen badu haur edo nerabeari arreta ematea ez dela haren eskumenekoa, arrisku larririk edo babesgabeziarik ez dagoelako, edo zaintza neurririk behar ez delako: 

  • Haur edo nerabeak eta haren familiak UGZren esku-hartzea edo haren mende dauden laguntza zerbitzuak behar badituzte, kasua dagokion UGZra bideratuko du, oro har ezarritako bideratze prozedurari jarraituta. AFAk bideratze txostena bidaliko dio UGZri, eta, kasua bada, identifikatutako indarkeria egoerei, babesgabetasunarekiko zaurgarritasunari, arrisku arinari edo arrisku ertainari buruzko informazioa ere jasoko du bertan. Horretarako, bideratze txostenaren eredu orokorra erabiliko da. Kasu horietan, ez da beharrezkoa izango AFAk gutxienez denbora zehatz batez esku hartu izana. 
  • Haur edo nerabeak eta haren familiak ez badute UGZen mendeko laguntza zerbitzurik behar, ikerketaren emaitzak idatziz jakinaraziko dizkio UGZri. Ondoren, espedientea itxiko du.

Txosten guztiak erakundeen artean txostenak bidaltzeko prozedurari jarraituz bidaliko dira.
 

1.5.2. Premiazko familia harrera

 

1.5.3. Harrera eta larrialdietarako zentroetako benetako sarreren aurrean nola jardun 

AFAk ikertuko ditu AFAren mendeko harrera eta larrialdietarako zentroetan benetan sartzeagatik banantze neurria duten premiazko egoerak, GLUZk egindakoak edo salbuespen gisa epaitutakoak.  Kasu horietan, lehenik eta behin, premiazko babes neurria mantendu behar den ala ez baieztatuko du AFAk. Horretarako, haur edo nerabeari eta haren familia inguruneari buruzko informazioa eskatu ahal izango dio UGZri. UGZek ahalik eta lasterren erantzungo diote eskaerari.  

GLUZk jakingo balu haur edo nerabeak espedientea irekita duela UGZn, berehala emango die horren berri. Kasu horietan zein beste eragile batzuek (adingabeen fiskaltza edo epaitegia) egindako sarreretan, UGZek telefono bidez deituko dio AFAri gertakariaren berri izan eta berehala, eta, ondoren, ofizioz bidaliko dute premiazko txostena, kasuari buruz duten informazioarekin eta esku hartzeko proposamenarekin. Modu berean, haur edo nerabearen egoerari eta haren familiari buruzko informazioa eman dezaketen beste pertsona garrantzitsu, zerbitzu edo profesional batzuk identifikatuko dituzte. 

Kasua ikertu ondoren, AFAk ondorioztatzen badu haur edo nerabearen arreta ez dela bere eskumenekoa, arrisku larririk edo babesgabeziarik ez dagoelako edo zaintza neurririk behar ez delako, eta balioesten badu haur edo nerabeak eta haren familiak UGZren jarraipena, esku-hartzea edo haren mendeko laguntza zerbitzuak behar dituztela edo behar izan ditzaketela, kasua dagokion UGZra bideratuko du, oro har ezarritako bideratze prozedurari jarraituta. AFAk bideratze txostena bidaliko dio UGZri, eta, kasua bada, identifikatutako indarkeria egoerei, babesgabetasunarekiko zaurgarritasunari, arrisku arinari edo arrisku ertainari buruzko informazioa ere jasoko du bertan. Horretarako, bideratze txostenaren eredu orokorra erabiliko da. Kasu horietan, ez da beharrezkoa izango AFAk gutxienez denbora zehatz batez esku hartu izana. 

Familiak udalaren arretarik behar ez duela eta UGZn espedienterik ez duen kasua dela balioesten bada, AFAk idatziz jakinaraziko dizkio ikerketaren emaitzak UGZri, eta espedientea itxiko du.