2. Nola jardun Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean edo zaintzapean dauden haurrak edo nerabeak indarkeriaren, sexu indarkeriaren, bestelako delitu moten edo larritasun bereziko inguruabarren biktima direnean

AFAren protokoloan arautzen da Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapeko edo zaintzapeko haur eta nerabeen aurkako indarkeria egoeren aurrean egoitza harrerako baliabideek, harrera familiek, AFAren baliabide eta programa espezializatuetako beste edozein profesionalek eta AFAk berak nola jardun behar duten, baita bereziki larriak diren gertakarien aurrean zehazki nola jardun behar den ere. 

Protokoloak hau dio:

1.    Egoitza harrerako baliabideek, harrera familiek eta AFAren baliabide eta programa espezializatuetako beste edozein profesionalek Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean edo zaintzapean dagoen haur edo nerabe bat indarkeria jasaten ari dela pentsarazten duten zantzuak hautematen badituzte, berehala jakinarazi beharko diote AFAri. Indarkeriatzat hartuko da:

“Adingabeak haien eskubidez eta ongizatez gabetzen dituen edozein egite, ez-egite edo tratu arduragabe, haien garapen fisiko, psikiko edo soziala arriskuan jartzen duenean edo ondo gauzatzea eragozten duenean, egite, ez-egite edo tratu hori gauzatzeko modua eta bitartekoa edozein dela ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egindako barne, bereziki indarkeria digitala.
Halaber zehazten du, edonola ere, indarkeriatzat joko direla hauek: tratu txar fisiko, psikologiko edo emozionalak; zigor fisikoak, umiliagarriak eta iraingarriak; deskuidu edo tratu arduragabea; mehatxuak, irainak eta kalumniak; esplotazioa, sexu-indarkeria barne; ustelkeria, haur-pornografia; prostituzioa; eskola-jazarpena; sexu-jazarpena; ziberjazarpena; genero-indarkeria; mutilazio genitala; gizakien salerosketa, xedea edozein dela; ezkontza behartua; haurren ezkontza; pornografia ikusteko sarbide eskatu gabea; sexu-estortsioa; datu pribatuen zabalkunde publikoa, eta haien familia-eremuan indarkeriazko edozein jokabide izatea”
(IBILOren 1. art.).

2.    Jarduketa hori bereziki aginduzkoa izango da, eta berehala egin beharko da haur eta nerabeen oinarrizko bizitza edo osotasuna mehatxatzen duten edo mehatxatu dezaketen egoeren aurrean, horiek delitu izan edo ez. Horren barruan sartzen dira, besteak beste, pertsona helduek edo berdinek eragindako indarkeria larri fisiko, psikologiko edo sexuala, haur edo nerabeak berak bere buruari eragindako indarkeria, edo arrisku handiko portaerak (baimendu gabeko ez-etortzeak behin eta berriz), baita bestelako inguruabarrak ere, hala nola istripuak edo osasun arazo larriak.

Kasu horretan, honela jokatuko da:

a)    Egoera AFAren bulego ordutegian gertatzen bada, berehala jakinaraziko zaio kasu koordinatzaileari, horrek ataleko taldeko arduradun teknikoari abisatuko dio, eta hark AFAko zuzendariordetzari. 

b)    Egoera AFAren bulego ordutegitik kanpo gertatzen bada:

  • Egoitza baliabide batean izan denean horren berri, AFAren guardiako telefonora deituko dio (24 ordu/egun, 365 egun/urte), eta horrek berehala jakinaraziko dio arloko zuzendariordetzari. 
  • Harrera familiak edo AFAren beste baliabide edo programa espezializatu batek izan duenean horren berri, GLUZri jakinaraziko dio, eta horrek berehala helaraziko du informazioa AFAren guardiako telefonora deituta.

  Larritasun bereziko kasu horietan, AFAren bulego ordutegiaren barruan edo kanpoan gertatzen direnean, arloko zuzendariordetzak GOFEko zuzendaritzari helaraziko dio informazioa, Gizarte Politiken Saileko foru diputatuari jakinaraz diezaion. 

  Jakinarazi ondoren, ahalik eta lasterren bidaliko da gorabeherari buruzko txostena, ohiko prozeduraren bitartez. 

 

Egitateak delitu izan badaitezke, egoitza harrerako baliabideek, harrera familiek, eta kasuan esku hartzen duten baliabide eta programa espezializatuetako beste edozein profesionalek, segurtasun indar eta kidegoei, ministerio fiskalari edo agintaritza judizialari jakinaraziko diete, AFArekin koordinatuta. Salaketa ere jar dezakete, hala badagokio. Hori guztia, haur edo nerabeari behar duen berehalako arreta ematea galarazi gabe (IBILOren 15. eta 16. art.). 

Haur edo nerabeak hala nahi duenean, salaketa jarri ahal izango du zuzenean, eta, horretarako, AFAko aholkularitza juridikoko taldearen laguntza izango du. 

AFAk beharrezko jarduketak sustatu eta gauzatuko ditu eraginpeko haur eta nerabeen babesa eta segurtasuna bermatzeko, bai eta kasu bakoitzean behar den arreta espezializatua emateko ere, sexu indarkeriaren susmoak edo egoera baieztatuak arreta osoko eta espezializatuko zerbitzura berehala bideratzea barne.