3.11. Egitezko zaindariak

Kode Zibilak egitezko zaindariaren figura jasotzen du. Horrekin, berariaz aitorten da guraso edo tutore ez diren pertsonen ardurapean bizi diren haur eta nerabeak daudela, baina ez erabaki judizial edo administratibo baten ondorioz, baizik eta senideen edo hurbilekoen arteko akordio pribatu huts baten ondorioz, zeina inongo erakunderen bitartekaritzarik gabe ezarri ahal baita.

Hala, egitezko zaindari delakoen artean hainbat egoera sartuko dira, zeinetan haur edo nerabe bat etengabe bizi den gurasoez edo tutoreez bestelako pertsonen ardurapean, administratiboki harreragile direla edo judizialki zaintzaile edo tutore direla egiaztatzen duen inolako dokumenturik gabe. 

Udaleko gizarte zerbitzuek esku hartzeko eremua:

UGZek egitezko zaindariaren berri izateak ez du esan nahi nolabait esku hartu behar dutenik. Esku-hartzea (hasierako ebaluazioa eta horren ondoriozko jarduketak) egitezko zaindariak arrisku edo babesgabezia adierazleak dituela ondorioztatzen dutenean bakarrik justifikatuko da; kasu horretan, ikerketa eta hasierako ebaluazioa egingo dituzte.

  • Arrisku edo babesgabezia adierazlerik antzematen ez badute, egitezko zaindariak familia epaitegira bideratuko dituzte, legezko zaintza eratu dezaten, egoera formalizatu nahi badute.
  • Zaintza duten pertsonek zaintza behar bezala ez betetzearen ondorioz arrisku arineko edo ertaineko egoera bat dagoela hautematen bada, UGZek egoera horietan esku hartuko dute, haur edo nerabeen halako beste edozein kasutan bezala. Egokitzat jotzen diren mekanismo zuzentzaileak erabiliko dituzte, eta izatezko zaindariak epaitegira bideratu ahal izango dituzte egoera formalizatu nahi badute, nahiz eta emaitza judizialki zalantzazkoa izan, arrisku egoera dagoelako eta epaitegiari antzemandako egoeraren berri eman behar zaiolako.
  • Udaleko gizarte zerbitzuek arrisku larriko edo babesgabeziako egoera bat hautematen badute egitatezko zaindariari lotuta, dela zaintza betetzen duten pertsonek haurrari edo nerabeari tratu oso txarrak ematen dizkiotelako, dela guraso edo tutoreek hasiera batean zuten egoera egokia aldatu eta izatezko zaindarian eta haur edo nerabearen beraren egonkortasuna larriki nahasten dutelako, kasua AFAra bideratuko da. 

Nolanahi ere, haur edo nerabearen guraso edo tutoreak serioski zalantzan jartzen dituen datu sinesgarririk ez badago, interes gatazka hutsagatik edo guraso edo tutoreek haur edo nerabeari zaintzaileek baino arreta okerragoa emango ote dioten zalantza hutsagatik, ez da gizarte zerbitzuen jarduerarik egingo, eta, edozelan ere, balizko auzi judizial baten xede izan daiteke gatazka hori. 

Arau horren salbuespena izango litzateke egoerak modu argi eta nabarmenean eragitea haur edo nerabearen ongizate eta egonkortasun psikologikoari; kasu horretan, kasua AFAra bideratzea plantea daiteke, babesgabetasun posiblea baloratu eta esku hartzeko, tutoretza hartuta eta etorkizun hurbilerako babes neurririk egokiena erabakita. Horretarako, haur edo nerabeak heldu esanguratsuen arteko gatazketan duen inplikazioarekin edo etorkizunari buruzko ziurgabetasun larriaren transmisioari lotutako tratu txar psikologikoa hartuko litzateke oinarri.

Hala, AFAren esku-hartze eremukoa izango da:

  • Hautematea egitatezko zaintzaileak gabezia larriekin ari direla zaintza gauzatzen edo haur edo nerabeari begira zaintza hori gutxieneko bermeekin betetzea eragozten dieten inguruabar larriek eragiten dietela. Kasu horretan, babesgabezia deklaratzeko eta haur edo nerabearen tutoretza hartzeko aukera egongo da, zaintza izatezko zaintzailea ez den beste familia batekin egiten den familia edo egoitza harreraren bidez gauzatuta.
  • Izatezko zaintza ez izatea iraunkorra, aldizkakoa baizik, eta haur edo nerabea gurasoen ardurapean bizi denean babesik gabe egotea. Kasu horretan, AFAren esku-hartzeak aukera emango du babesgabezia deklaratzeko, haur edo nerabearen tutoretza hartzeko eta izatezko zaintzaileekin familia harrera (edo zaintza eskuordetzea) formalizatzeko, haien egokitasuna baloratu ostean. 
  • Egitatezko zaintza egonkorra ez izatea eta gurasoek edo tutoreek tarteka mehatxatzea, eta, ondorioz, mehatxu asmo horiek betetzen ez badituzte ere, izatezko zaintzaileak eta haur edo nerabea bera ziurgabetasun kronikoan uztea. Kasu horretan, AFAren esku-hartzeak aukera emango du babesgabezia deklaratzeko, haur edo nerabearen tutoretza hartzeko eta izatezko zaintzaileekin familia harrera (edo zaintza eskuordetzea) formalizatzeko edo ez, egokiak direla eta guraso edo tutoreak geldiarazteko eta mugatzeko gai direla uste bada, edo haur edo nerabea leialtasunen balizko gatazkatik edo bizi duen ziurgabetasunetik ateratzea ezinezkotzat jotzen bada.
  • Guraso edo tutoreek egitatezko zaintza bat-batean amaitu nahi izatea, haien eskubideak egitezko zaintzaileen gainetik baliaraziz, eta, ondorioz, haur edo nerabea babesgabezian geratzea, inguruabarra edozein dela ere. Kasu horietan, AFAk izatezko zaintza amaitzeak haur edo nerabearen ongizaterako dakarren mehatxu larriaren jakitun, babesgabezia deklaratzea eta haren tutoretza hartzea aukera lezake, eta, ondoren, familia harrera formalizatzea (edo zaintza eskuordetzea) lehen izatezko zaintzaile zirenekin, aintzat hartzen badira.

Beste gogoeta batzuk:

Egitatezko zaintzaileek haur edo nerabearen guraso edo tutoreen presentzia fisikorik ez izatearen ondoriozko legezko ordezkaritzarik ezaren arazoak (normalean arazoak hezkuntza edo medikuntza erakundeekin izaten dira) ez dira babesgabeziatzat hartuko, salbu eta zaintzaileak bide judizialetik (tutoretza arrunta eskatzeko edo tutoretza egitekoak arautzeko, kasuaren arabera) edo eskuordetzako notario ahalorde baten bidez konpontzen saiatu badira arrakastarik gabe, eta irauten duen administrazio arazoa haur edo nerabearen oinarrizko premiaren baten estaldura zalantzan jartzeko adinakoa bada (adibidez, medikoki artatu ezin izatea eta haren bizitza arriskuan egotea, edo eskola prestakuntzarik jaso ezin izatea). 

Baldin eta arazoak jarraitzen badu jarduketa judizialak edo notarialak gorabehera, eta oso larria bada, orduan bakarrik hartuko da kontuan babesgabezia deklaratzeko aukera, eta, kasu horretan, izatezko zaintzaileekin aldi baterako familia harrera edo iraunkorra (edo zaintza eskuordetzea) formalizatzea (horretarako egokia dela adierazi ondoren).