3.2. Jaio aurreko arriskua

Jaio aurreko arriskutzat joko da “emakume haurdunak bere gorputza ez zaintzea edo ahalmen adiktiboa duten substantzia gehiegi kontsumitzea, bai eta emakumeak berak edo hirugarren batek, amak baimenduta, jaioberriaren garapen normala kaltetu dezaketen edo harengan gaixotasun edo anomalia fisiko, mental edo zentzumenezkoak eragin ditzaketen edo haren garapen egokia arriskuan jar dezakeen ekintzaren bat gauzatzea” (HNLren 176.3 art.).

Era berean, HNLren 178.3 eta 178.4 artikuluek xedatzen dutenaren arabera:

3. Udaletako gizarte-zerbitzuek, lege honen 176.3 artikuluan ezarritako moduan, jaio aurreko arrisku-egoera posible bat detektatzen badute, haien esku-hartzea oinarrituko da gurasoekin prebentziorako beharrezkoak diren jarduketak egitean, eta, hala badagokio, haurdunaldian eragin negatiboa izan dezaketen inguruabar, faktore edo arrisku-adierazleen detekzio goiztiarrean, betiere haurtxoa jaiotzen denean haurtxoaren ongizaterako eta eskubideetarako ondore negatiboak, txarrak edo kaltegarriak ez agertzeko, horiek murriztu edo kontrolatzeko, eta, era horretan, gero jaio ondorengo arrisku-egoeraren deklaraziorik ez egoteko. 
4. Hala ere, emakume haurdunen kasuan, baloratzen bada haurdunaldian zehar izandako portaerak direla-eta haurtxoa jaio eta gero haren osasunerako eta segurtasun-baldintza oinarrizkoetarako arrisku handiko egoera dagoela, eta horrek haurtxoaren garapen normalari eragin badiezaioke edo nahasmenduak ekar badiezazkioke, edo gaixotasun edo anomalia fisiko, mental edo sentsorial larriak edo astunak izateko arrisku handia dakarkiotela uste bada, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek egingo dute esku-hartzea

AFAri dagokionean esku-hartzearen koordinazioa bere gain hartzea, berehala hartuko du. AFA eta UGZ elkarlan estuan arituko dira lanean haurra jaio arte. UGZek kasuari buruz duten informazio guztia emango dute, eta, familiarekin harremanik izanez gero aldez aurretik, AFAk eskatuta beharrezkoak diren baliabideak mantentzen lagundu ahal izango dute aldi baterako, eta kasuan behar diren jarduketa zehatzetan parte hartu ahal izango dute. 

HNLren 193.4 artikuluaren arabera, “Salbuespen gisa, eta betiere behar bezala justifikatutako kausak badaude, desanparo-deklarazioa kontzebituaren gainean egin ahal izango da. Kasu horietan, desanparoa deklaratzeko eta tutoretzaren ardura hartzeko ebazpenaren ondoreak jaiotegunera arte atzeratuko dira, eta ebazpenak une horretatik aurrera izango ditu ondoreak”. Jaio aurretik babesgabezia adierazpena egin bada (oro har, jaiotzatik hurbil, tutoretza errazago gauzatzeko eta haur edo nerabeari babes hobea emateko), osasun zentroek jaioberria atxiki ahal izango dute AFAko teknikariak iritsi arte, HNLren 17.7 artikuluan laguntza eta berehalako arreta emateko betebehar orokorrari buruz xedatutakoa kontuan hartuta.