3.4. Jaioberriak borondatez ematea adopzioan

•    Ospitaleak jaioberria borondatez adopzioan eman dela jakinarazten dionean AFAri, JBOAn esleitutako kasu koordinatzailea ospitale horretako gizarte langilearekin jarriko da harremanetan, ama ezkongabea bada eta aitatasuna aitortzeko aurreikuspenik ez badago, honako informazio eta dokumentazio hau jasotzeko: 

  • Amaren izen-abizenak, telefono zenbakia eta posta helbidea
  • NANaren, pasaportearen edo bizileku baimenaren kopia, harraren borondatezko entregarako.
  • Amaren gurasoen izena (Erregistro Zibilean inskribatzeko)
  • Beste seme-alabarik badago: izena eta jaioteguna 

Emakumea ezkonduta badago edo aitatasuna aitortuta badago, hasierako entrega sinatu beharko da, eta aitaren edo ezkontidearen datu edo agiri berberak eskatuko dira. Ezkontzarik badago, haurra automatikoki “ezkontzazko semetzat edo alabatzat” hartuko da.

Informazio horrekin eranskin hauek prestatuko dira:  1. Borondatezko entrega, 2. Adopziorako berrespen eta baiespenerako hitzordua (bigarren sinadura, bi kopia), eta 3. Haurtxoa ospitalean jasotzeko baimena, foru diputatuak sinatua.

•    Kasu koordinatzaileak ospitaleko gizarte langilearekin adostuko du noiz azalduko den ospitalera, amaren gelara joan eta jarraian deskribatuko dugunaren berri emateko hari (edo gurasoei), baita 1. eta 2. eranskinetako sinadurak biltzeko ere. 

•    Sinadurak jaso aurretik, haurra adopzioan emateko borondatea berretsi beharko da, eta gurasoei erabaki horrek zer dakarren eta zer ondorio dituen azalduko zaie, baita zer prozedurari jarraitu behar zaion ere. Jaioberria adopzioan ematea oro har egoera zaila dela kontuan hartuta, garrantzitsua da informazioa eman eta jasotzean laguntza emozionala ematea eta enpatiaz eta errespetuz tratatzea. Gainera, laguntza emanez gero, informazioa emateko prestasun handiagoa izango dute, eta hori garrantzitsua da adoptatuko den pertsonarentzat. 

Horrela, haurra borondatez adopzioan emateko nahia edo erabakia adierazten duten gurasoekin lehen kontaktu hori izatean, hau lortu nahi da: 

  1. Lehenago egin ez bada, zer eskubide eta aukera dituzten jakinaraztea.  Inork ez du dokumenturik sinatuko, harik eta haurra borondatez adopzioan emateko eskaera formala egitearen ondorio pertsonal, emozional eta legalei buruzko informazio osoa jaso arte.  Ziurtatu behar da pertsonak ulertzen duela erabakiak zer dakarren berekin, informazio guztia duela erabakia modu arrazoituan hartzeko, badakiela errebokatzeko eskubidea duela, eta badakiela ez dela legezko ondoriorik izango. Laguntza baliabideei edo zerbitzuei buruzko informazioa ere emango zaio, bai haurra adopzioan entregatzea erabakitzen badu, bai azkenean adopziorik egiten ez badu.
  2. Haurraren izenaren  edo beste alderdi batzuen inguruan (adibidez, adopzio irekia) zer nahi duten jakitea. Zer nahi duten kontuan izango da, eta aintzat hartu ahal izango da, ahal bada eta haurraren interes gorenari erantzuten badio.  
  3. Ahalik eta informazio gehien biltzea haren historiari eta egoera pertsonalari buruz. Hori garrantzitsua da, kasu askotan eta beste dokumentu iturri batzuekin batera, haurraren historia pertsonalari eta familiarrari buruz ageri den informazio bakarra izango delako haren espedientean, eta, etorkizunean, ezinbestekoa izango delako jatorri biologikoak ezagutzeko duen eskubidea erabili ahal izateko. Kode Zibilaren 180.5 artikuluan aitortzen da eskubide hori, eta, horrez gain, erakunde publikoak haur edo nerabearen jatorriari buruz duen informazioa gutxienez berrogeita hamar urtez gordetzeko betebeharra duela ezartzen du, adopzioa behin betiko egiten den unetik zenbatzen hasita. Beraz, funtsezkoa da entregan parte hartzen duten profesionalek lortzen duten informazio guztia jasotzea, eta, batez ere, adopzioaren arrazoiak eta familia aurrekariak jakite aldera, etorkizunean adoptatuarentzat garrantzitsua izan daitekeena. 
  4. Adopzio prozesuan eman behar diren urratsei buruzko informazioa eta AFAko erreferentziazko profesionalarekin harremanetan jartzeko datuak ematea. 

Oro har, elkarrizketa bakarra egingo zaie gurasoei. Hala eta guztiz, eskatzen badute, elkarrizketa gehiago egin ahal izango dira baiespena sinatu arteko sei asteetan. 

•    Sinatutako borondatezko entregaren eranskina ez da GOFEn erregistratuko. Adopzioa berretsi eta baiesteko hitzordua erditzearen ondorengo sei asteen ondoren izango da, eta hiruzpalau eguneko tartea egon daiteke. Dokumentuaren (2. eranskina) bi kopia eramango dira hitzordua egingo den lekura. Biak sinatu eta horietako bat AFAn gordeko da, hartu agiri gisa.

•    Aurreko izapideak egin ostean, JBOAko kasu koordinatzaileak berehala egingo dio kontsulta FAHLPri premiazko harrera familiarik dagoen edo, halakorik ezean, harrera eta larrialdietarako Hazaldi zentroan plazarik dagoen jakiteko. Kudeaketa hori aurreratu ahal izango da, kasuaren inguruabarrak direla-eta aurreratzea posible denean. 

Haurtxoari harrera non egingo zaion zehaztuta, FAHLPrekin adostuko da, edo, bestela, harrera eta larrialdietarako Hazaldi zentroko zuzendaritzarekin. Premiazko harrera familiaren kasuan, kasu koordinatzaileak saskitxo bat prestatuko du arroparekin —baten bat badago AFAn— eta haurra lekualdatzeko aulkia. 

•    Kasu koordinatzaileak:

  • Haurrari espedientea irekiko dio AFAn, gurasoak emandako izenarekin. 
  • FHAAri informazioa emango dio. 
  • Honako hauek prestatuko ditu: txosten teknikoa, tutoretza hartzeko ebazpena —jaiotza datatik aurrera hartuko da—, eta premiazko familia harreraren ebazpena —kontratua, edozein familia harrera bezala—, edo harrera eta larrialdietarako Hazaldi zentroko egoitza harrerarena. 

JBOAko taldeko arduradun teknikoaren oniritziarekin, dagozkion ebazpenak izapidetuko dira, kasu honetan premiaz.

Espedientea honako datu hauekin irekiko da:

    Eskaera datak: jaioteguna
    Eskaera mota: bestelako eskaerak
    Problematika: 4002 Uko egitea
    Laguntza motak: 30
    Espedientea sortzea.
    Zer motatako irekiera egin nahi da? Irekiera

    Egoera juridikoa: 4 Tutoretza
    Egoera juridikoaren data: Jaioteguna
    Zerbitzua: 3 Familia harrera/Balorazioa, bateragarritasun informatikorik badago 
    Zerbitzu egokia: 4 Adopzioa
    Baliabidea: 3136 Premiazko familia harrera//3112 Hazaldi zentroa
    Sarreraren arrazoia: 4 Uko egitea

•    Kasu koordinatzailea ospitalera joaten denean haurtxoa jasotzera, foru diputatuak sinatutako baimena (3. eranskina) entregatuko du.  

Ospitalean, hauek entregatuko dituzte: jaiotza agiria, alta txostena, haurtxoa entregatzen dutela dioen idazki bat, haurtxoaren txertaketa kartilla eta barruan “haren lehen oroitzapenak” dituen kutxatxo bat. Dokumentazioa kasuaren espedientean sartuko da AFAn. Alta txostenaren kopia bat, txertaketa kartilla eta egon daitezkeen mediku gomendioak emango zaizkio harrera familiari edo harrera eta larrialdietarako Hazaldi zentroari.

•    Behin hori eginda, kasu koordinatzaileak:

  • Haurraren jaiotza deklarazioa beteko du Erregistro Zibilerako, eta AFAko lege aholkulariari emango dio, inskripzioa egin dezan. Geroago eskuratuko den hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria AFAren babes espedienteari erantsiko zaio. Bertan, erregistroko kode pertsonala jasoko da. Kode horren erreferentzia adopziorako baiespenean, hau da, gurasoek erditu eta sei astera sinatu behar duten dokumentuan (4. eranskina), agertu beharko da. 
  • Haurraren Gizarte Segurantzako zenbakia eskatuko dio GSINi posta elektronikoz, tutoretza hartu izanaren ziurtagiria eta jaiotza agiria erantsita.

•    Hori eginda, hasierako kasu plana prestatuko du, behin adopziorako baiespena sinatuta, hauek proposatzeko: haurraren zaintza, adopzioa helburu delarik; egoitza harrera edo premiazko familia harrera amaitzea; adopzioa helburu duen zaintzari datxezkion baliabideak, eta dagozkion ebazpenak eta dokumentuak. 

Halaber, 4. eranskina prestatuko du adopziorako baiespena jasotzeko (berrespena) —gurasoek erditu eta sei astera sinatu beharko dute—. Sinatu ondoren, FHAArekin koordinatuko da adopzio prozesua abian jartzeko. Une horretatik aurrera, kasua FHAAk koordinatuko du.

Haur jaioberrien adopzioa helburu duen zaintza, adopziorako baiespenaren ondoren:

•    FHAAko kasu koordinatzaileak AFArako hitzordua emango dio esleipenerako aukeratu den familiari egokiari. Haurraren oinarrizko informazioa emango zaie, eta esleipenaren eta adopzioa helburua duen zaintzaren onarpen agiria sinatzeko eskatuko zaie. Ondoren, haurtxoaren argazkiak erakutsiko zaizkie eta haren izena emango zaie.  

Baieztatuko du badakitela adopzioa helburu duen zaintza onartuz gero adoptatzen laguntzeko programaren (ProAdop) jarraipena eta laguntza teknikoa onartzen dutela. Horrez gain, adopzioa helburu duen zaintzagatiko konpentsazio ekonomikoaren berri emango die (36. laguntza).

•    Bizikidetza noiz hasiko den erabakiko da, eta banku kontuaren titulartasun ziurtagiria eskatuko zaie.

•    Entrega egunean, FHAAko bi teknikari premiazko harrera familiarengana edo harrera eta larrialdietarako Hazaldi zentrora joko dute, haurra hartu eta ondoren adopzio familiari entregatzeko.  Txosten txiki bat prestatuko da haurraren errutinekin (hartzen duen esne mota, medikamentuak, berezitasunak, etab.), azken hartualdia noiz izan den galdetuko da, eta errutinen orria, argazkien liburua, txerto kartilla eta ospitalean entregatutako “lehen oroitzapenen” kutxatxoa jaso, eta familia zaintzailearen etxera eramango dira.

•    Familia zaintzaileari ebazpena eta adopzioa helburu duen zaintzaren ziurtagiria emango zaizkio, hartu agiria sinatzeko kopia eta guzti. Zaintza ziurtagiriarekin erroldatzeko, osasun txartel indibiduala kudeatzeko, GSIN-n aitatasun edo amatasun baimena eskatzeko izapideak edo bestelakoak egin ditzakeela jakinaraziko zaio.