3.6. Zigor legearekin gatazkan dauden hamalau urtetik beherakoak

HNLren 147. artikuluak gizarte zerbitzuek zigor legearekin gatazkan dauden hamalau urtetik beherako adingabeekin jarduteko erari buruz xedatzen duenaren arabera:

1.    Indarkeria-ekintzak hamalau urtetik beherakoek egin badituzte, haien gizarte- eta familia-egoera baloratuko duen jarraipen-plan batean sartuko dira. Horretarako, dagokion balorazio-prozedura hasi beharko dute, arrisku- edo desanparo-egoerarik dagoen ebazteko, eta, halakorik badago, gizarte-zerbitzu eskudunek, beren jardunean, bete egin beharko dute lege honen VI. tituluan azaltzen den prozedura. 

2.    Jarraipen-plan hori udaletako gizarte-zerbitzuek diseinatu eta gauzatuko dute, baldin eta babesgabetasunik dagoen jakiteko abiarazitako balorazio-prozedura izapidetzean baloratzen bada pertsona adingabea ez dagoela babesik gabe edo arriskua arina edo neurritsua dela; eta arrisku-egoera larria edo desanparo-egoera dagoela ondorioztatzen bada, berriz, haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundietako lurralde-zerbitzuek diseinatu eta garatuko dute plan hori. 

3.    Haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek, betiere, honako kasu hauetan diseinatu eta egin beharko dute jarraipen-plana: 

  • Fiskaltzak bidaltzen duen egitateen lekukotzatik larritasun handiko egoera ondorioztatzen bada. 
  • Sexu-izaerako indarkeria-ekintzak badira eta sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitutzat jo badaitezke, edo genero-indarkeria dakarten indarkeria-ekintzak badira. 

Kasu horietan, haur eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek ez dute kasurik igorriko udaletako gizarte-zerbitzuetara, eta kasua berehala jaso beharko dute, bai eta babesgabetasun-egoera baloratzeko prozedura hasi ere. 

4.    Baldin eta indarkeria-ekintzak sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren aurkako delitua edo genero-indarkeriako delitua izan badaitezke, jarraipen-planean genero-berdintasuneko prestakuntza-modulu espezifiko bat sartu beharko da, jarrera ez-sexistak, errespetuzko ohiturak eta balio demokratikoak eskuratzen laguntzeko, eta beste jokabide erasotzailerik edo berrerorlerik ez gertatzeko. 

5.    Halaber, gertaerak ingurune digitalean gertatu badira, jarraipen-planak, aldi berean, segurtasun digitalaren arloko berariazko prestakuntza-modulu bat jaso beharko du, honako gai hauei buruzko sentsibilizazioa eta gaikuntza emateko: 

  • Bereziki Interneten eta sare sozialen eta, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien segurtasuna eta erabilera segurua eta arduratsua.
  • Sexu-indarkeriaren fenomenoak sor ditzaketen erabilera desegokiaren ondoriozko arriskuak, hala nola ziberjazarpena, groominga, genero-ziberindarkeria edo sextinga.