3.6. Zigor legearekin gatazkan dauden hamalau urtetik beherakoak - haurtzaroeskuliburua
3.4. Premiazko egoeretan eta kasuistika berezietan nola jardun
3.6. Zigor legearekin gatazkan dauden hamalau urtetik beherakoak
HNLren 147. artikuluak gizarte zerbitzuek zigor legearekin gatazkan dauden hamalau urtetik beherako adingabeekin jarduteko erari buruz xedatzen duenaren arabera:
1. Indarkeria-ekintzak hamalau urtetik beherakoek egin badituzte, haien gizarte- eta familia-egoera baloratuko duen jarraipen-plan batean sartuko dira. Horretarako, dagokion balorazio-prozedura hasi beharko dute, arrisku- edo desanparo-egoerarik dagoen ebazteko, eta, halakorik badago, gizarte-zerbitzu eskudunek, beren jardunean, bete egin beharko dute lege honen VI. tituluan azaltzen den prozedura.
2. Jarraipen-plan hori udaletako gizarte-zerbitzuek diseinatu eta gauzatuko dute, baldin eta babesgabetasunik dagoen jakiteko abiarazitako balorazio-prozedura izapidetzean baloratzen bada pertsona adingabea ez dagoela babesik gabe edo arriskua arina edo neurritsua dela; eta arrisku-egoera larria edo desanparo-egoera dagoela ondorioztatzen bada, berriz, haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundietako lurralde-zerbitzuek diseinatu eta garatuko dute plan hori.
3. Haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek, betiere, honako kasu hauetan diseinatu eta egin beharko dute jarraipen-plana:
- Fiskaltzak bidaltzen duen egitateen lekukotzatik larritasun handiko egoera ondorioztatzen bada.
- Sexu-izaerako indarkeria-ekintzak badira eta sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitutzat jo badaitezke, edo genero-indarkeria dakarten indarkeria-ekintzak badira.
Kasu horietan, haur eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek ez dute kasurik igorriko udaletako gizarte-zerbitzuetara, eta kasua berehala jaso beharko dute, bai eta babesgabetasun-egoera baloratzeko prozedura hasi ere.
4. Baldin eta indarkeria-ekintzak sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren aurkako delitua edo genero-indarkeriako delitua izan badaitezke, jarraipen-planean genero-berdintasuneko prestakuntza-modulu espezifiko bat sartu beharko da, jarrera ez-sexistak, errespetuzko ohiturak eta balio demokratikoak eskuratzen laguntzeko, eta beste jokabide erasotzailerik edo berrerorlerik ez gertatzeko.
5. Halaber, gertaerak ingurune digitalean gertatu badira, jarraipen-planak, aldi berean, segurtasun digitalaren arloko berariazko prestakuntza-modulu bat jaso beharko du, honako gai hauei buruzko sentsibilizazioa eta gaikuntza emateko:
- Bereziki Interneten eta sare sozialen eta, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien segurtasuna eta erabilera segurua eta arduratsua.
- Sexu-indarkeriaren fenomenoak sor ditzaketen erabilera desegokiaren ondoriozko arriskuak, hala nola ziberjazarpena, groominga, genero-ziberindarkeria edo sextinga.