3.9. Bizikidetza nukleo independenteak udalerri desberdinetan dituzten guraso bananduak edo dibortziatuak

Apartatu honetan hizpide diren gurasoak bananduta edo dibortziatuta daude, zaintza partekatua dute, edo, bestela, zaintza ez partekatua egonaldirako eskubidearekin, eta, beraz, seme-alabekin bizi izango dira aldi erregularretan, baina bizikidetza nukleoek bizilekua udalerri desberdinetan dute. 

Bizilekutzat hartzen da pertsona batek benetako bizileku gisa zehazten duen lekua. Gaua bertan igaro ohi du, eta bertan ditu aterpea eta ohiko etxebizitza, bertan erroldatuta egon ala ez.

Honako bi printzipio hauei jarraikiz burutuko da esku-hartzea:

  1.  Haur edo nerabearen benetako bizilekuan egingo da.
  2.  Susmoa detektatu den edo babesgabetasuna egiaztatu den bizikidetza nukleoan edo nukleoetan egingo da.

 

3.9.1. Bizikidetza nukleo bakar batean babesgabetasun susmoa edo zantzuak daudenean

Balora tresnan ezarritakoaren arabera jardungo da:

“Babesgabetasunaren existentziaren eta horren larritasunaren balorazioan, denboraldi nahiko luzeak eta erregularrak bizikidetza-unitate desberdinetan igarotzen dituzten haurrak edo nerabeak barnean hartzen direnean —horixe da bikote bananduen edo dibortziatuen seme-alaben kasua—, babesgabetasun-arrastoak identifikatu diren bizikidetza-nukleoan soilik egingo da balorazioa. 

Hala ere, banandutako edo dibortziatutako bikoteen kasuetan,gizarte zerbitzuek egoera horren berri guraso baten bitartez izan badute (zaintza duen gurasoa izan edo ez), hark esan dielako beste bizikidetza-nukleoan babesgabetasun-aztarnak daudela, erabaki egin beharko da, kasuaren inguruabarren arabera, aztarna horien ikerketa hasiko den edo, prozesu hori abiarazita edo abiarazi gabe, egokia den egoeraren berri eman duen gurasoa dagozkion instantzia judizialetara bideratzea (penala, deliturik egon daitekeela jakinarazi badu, edo zibila), instantzia horietan eska ditzan haurra edo nerabea babesteko neurriak (larrialdiko egoeretan, egoeraren berri eman duen gurasoari esan dakioke kautela-neurriak eska ditzakeela)”.

Kasu horietan, jarduketa honako irizpide hauen arabera egingo da:

  1.  Babesgabetasun zantzuak susmatzen diren edo detektatu diren bizikidetza nukleoa bizi den udalerriko UGZek egingo dute ikerketa.
  2.  Beste bizikidetza nukleoari buruzko informazioa behar izanez gero, UGZen lankidetza puntuala eskatuko da, horretarako espedientea irekiko da* eta aktibo mantenduko da esku-hartzearen ardura duen UGZk bizikidetza nukleo horri dagokionez burutu ezin dituen lankidetza puntualetarako.
  3.  Ikerketak ondorioztatzen badu babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna, arrisku arina edo arrisku ertaina dagoela, atzemandako egoera gertatzen den udalerriko UGZei egokituko zaie esku-hartzea. 
  4.  Ikerketak arrisku larria edo babesgabezia dagoela ondorioztatzen badu, UGZek kasua AFAri helaraziko diote, bi bizikidetza unitateekin esku hartzen hasteko.

Bizikidetza unitate bakoitzeko erreferentziazko UGZek ikerketaren hasieraren eta ondorioen berri emango diete bi gurasoei. Era berean, esku-hartzearen ardura duen gizarte zerbitzuak egin ezin dituen lankidetza puntualak beste bizikidetza unitatearen erreferentziazko gizarte zerbitzuak egingo ditu. Horretarako, espediente aktiboa mantenduko da bi bizikidetza unitateetan.

 

3.9.2. Bi bizikidetza nukleoetan babesgabetasun susmoa edo zantzuak daudenean 

Balora tresnan ezarritakoaren arabera jardungo da:

“Banandutako edo dibortziatutako bikoteen kasuetan, bi bizikidetza-nukleoetan babesgabetasun-aztarnak daudela susmatzen edo detektatzen bada, haurrak edo nerabeak bizikidetza-nukleo bakoitzean zer tratu eta zainketa-maila jasotzen dituen balioetsiko dute gizarte zerbitzuek. Hala ere, haur edo nerabearen babesgabetasun-egoeraren eta haren larritasun-mailaren azken balorazioa bakarra izango da.  Horrek ez du kentzen, (…) bizikidetza-nukleo bakoitzean babesgabetasuna sor dezaketen portaerak bereizi behar direla (…), azterketa horretatik sortuko baita esku hartzeko proposamena kasu horretarako. Egokia bada, proposamen hori gurasoetako bat dagozkion instantzia judizialetara bideratzea izan daiteke, haurra edo nerabea babesteko neurri berberak eskatzeko (premiazko egoeretan kautelazko neurriak barne)”.

Kasu horietan, jarduketa honako irizpide hauen arabera egingo da:

1.    Espedientea irekiko da eta ikerketa hasiko da bizikidetza nukleo bakoitzeko erreferentziazko UGZ bakoitzean. Ikerketa tartean diren gizarte zerbitzuen arteko koordinazioarekin egingo da.

2.    Ikerketak ondorioztatzen badu babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna, arrisku arina edo arrisku ertaina dagoela, esku-hartzea babesgabetasun adierazleak dauden bizikidetza unitatean gauzatuko da: 

  • Bizikidetza-unitate batean bakarrik badaude adierazleak, aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera jardungo da.
  • Bi bizikidetza-unitateetan badaude adierazleak, UGZ bakoitza izango da dagokion bizikidetza unitatearen erreferentziazko zerbitzua. Espedientea irekita mantenduko du, esku hartzeko plan bat planteatuko du eta etengabeko koordinazioa izango du erreferentziazko beste taldearekin. 

Era berean, esku-hartzearen ardura duen gizarte zerbitzuak egin ezin dituen lankidetza puntualak beste bizikidetza unitatearen erreferentziazko gizarte zerbitzuak egingo ditu. Horretarako, espediente aktiboa mantenduko da bi bizikidetza unitateetan .

Prozesu horiek abian jartzeko, bi erakundeetako erreferentziazko profesionalen arteko koordinazioa mantenduko da, bi bizikidetza nukleoei dagokienez. Hori guztia prozesuak partekatzeko, ebaluatzeko, esku hartzeko planei koherentzia emateko eta horiek abian jartzeko eta etengabe berriz ebaluatzeko.

3.    Ikerketak arrisku larria edo babesgabezia dagoela ondorioztatzen badu, inplikatutako UGZk batera helaraziko diote kasua AFAri, bi bizikidetza unitateekin esku hartzen hasteko.

Bizikidetza unitate bakoitzeko erreferentziazko UGZek ikerketaren hasieraren eta ondorioen berri emango diete bi gurasoei.

 


*20.000 biztanletik beherako bi udalerritako UGZen kasuan, espediente bakarra irekiko da aplikazio informatikoan, tartean diren bi zerbitzuetako erreferentziazko profesionalek izango dute bertarako sarbidea. Idem aurreko orri oinean