3.5. Kasuak bideratzea eta koordinazioa udaleko gizarte zerbitzuen artean eta udaleko gizarte zerbitzuen eta adingabeen eta familiaren arloaren artean

1.4. Premiazkoak ez diren kasuak UGZtik AFAra bideratzea, ikerketan edo hasierako ebaluazioan arrisku larria edo babesgabezia zantzuak hauteman ondoren

Premiazkoak ez diren kasuetan, UGZk ikerketa egin ondoren arrisku larria edo babesgabezia zantzuak hautematen dituztenean, dagokion txostena bidaliko diote AFAri, Ikerketan jasotako informazioarekin eta ondorioekin. Ikerketa osoa egiten saiatuko dira, baina horrek ez du beti esan nahi Balora tresnaren eskala guztietako informazioa bildu denik. 


Arrisku larriko edo babesgabezia zantzu argiak daudela egiaztatu bada, AFAra bideratzea ez litzateke gehiegi atzeratu behar, txosten berriak edo informazio gehigarria lortzeko zain. Kasu horietan, bideratzea egin ahal izango da, eta txosten edo informazio horiek geroago bidali. Bideratzean, UGZek kasuari buruz duten informazio guztia emango dute. AFAk jasotako txostenak aztertu eta kasuaren koordinazioa bere gain hartu ondoren —hala erabakitzen badu—, dagozkion jarduketekin jarraituko du. Horien artean, beharrezkoa izanez gero, ikerketa osatu ahal izango da, eta hasierako ebaluazioarekin edo egoki diren beste edozein ekintzarekin jarraitu ahal izango da.  


Arrisku ertain gisa baloratutako kasuetan, baldin eta UGZk hasierako ebaluazioa egiten ari badira, arrisku larriko edo babesgabezia adierazleak detektatzen direnean, ebaluazioa osatu eta AFAra bideratuko da.