3.5. Kasuak bideratzea eta koordinazioa udaleko gizarte zerbitzuen artean eta udaleko gizarte zerbitzuen eta adingabeen eta familiaren arloaren artean

1.5. Esku-hartzearen ostean AFAtik UGZra bideratzea, babesgabetasunaren larritasun maila desagertu edo murriztu delako

Balora tresnak ezartzen duen bezala, lurraldeko gizarte zerbitzuetan artatutako kasu baten larritasuna maila arin edo ertainetara jaitsi dela eta udaleko gizarte zerbitzuetara bideratu behar dela uste izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

  1.  Lurraldeko Gizarte Zerbitzuek gutxienez hamabi hilabetez esku hartu edo jarraipena egin behar izan du*. AFAk hasierako kasu planaren ikerketa, ebaluazio eta diseinu faseak osatzen dituenean eta plana abian jartzen duenean hasiko da epe hori zenbatzen. 
  2.  Larritasun mailaren jaitsiera eta haur edo nerabearen zaintzari dagokionez familian lortutako aldaketak finkatuta eta egonkor agertu dira gutxienez lau hilabetez (lau hilabete horiek esku hartzeko hamabi hilabeteko gutxieneko aldiaren barruan egon daitezke).
  3.  Aldi baterako banantze baten ondoren familia berriz elkartzen den kasuetan, lurraldeko gizarte zerbitzuek haur edo nerabeak familia etxean duen egoeraren jarraipena egin beharko dute gutxienez sei hilabetez, eta denbora horretan berretsi egingo da arrisku larriko edo babesgabezia egoera ez dela berriz agertu, eta familia ingurunean lortutako aldaketak finkatu eta egonkortu egin direla.

Inguruabar horiek gertatzen direnean eta familiak udal eskumeneko laguntza-zerbitzuak behar dituela baloratzen denean, urraldeko gizarte zerbitzuek udaleko gizarte zerbitzuetara bideratuko dituzte, honela:

  • Bideratzea familiak zerbitzu horiek martxan jartzea onartzen duenean egingo da. Konpromiso hori agiri bidez formalizatu beharko da.  Hori lortzen ez bada, beste aukera batzuk planteatuko dira (adibidez, udaleko gizarte zerbitzuen jarraipena). Gai horiek ebatzi arte, lurraldeko gizarte zerbitzuen ardurapean jarraituko du esku-hartzeak.
  • Bideratzea beti egingo da txosten idatzi baten bidez, eta, bertan, alderdi hauek laburbilduko dira: kasuarekin egindako esku-hartzea, familiaren eta adingabearen egungo egoera, eta esleitutako larritasun mailaren justifikazioa. Txostenarekin batera, tresnaren laburpen-orria aurkeztuko da.

    
Arrisku larriko edo babesgabeziako kasu baten larritasun mailak behera egin duela eta familiak udal eskumeneko laguntza zerbitzurik behar ez duela baina jarraipena behar duela baloratzen denean, kasua udaleko gizarte zerbitzuetara bideratuko da dagokion txosten idatziaren bidez eta, ahal den guztietan, bilera bat egingo da ondoren.  

Lurraldeko gizarte zerbitzuek baloratzen badute familiak ez duela inolako laguntzarik edo jarraipenik behar udaleko gizarte zerbitzuen aldetik, esku-hartzea amaitu dela jakinaraziko diete soilik familia udaleko gizarte zerbitzuek bideratu bazuten edo zerbitzu horietan espedientea irekita badute edo duela gutxi izan badute. Bestela, ez da beharrezkoa izango udaleko gizarte zerbitzuei inolako jakinarazpenik egitea kasuaren egoerari buruz. 

Familia berriro elkartzeko kasuetan, HNLren 221. atikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko da: 

1.    Familian berriro integratzeko ebazpena eman ondoren, foru-aldundiek berriro integratzeko prozesuaren garapenari eta bilakaerari buruzko jarraipena egin beharko dute eta, hala badagokio, familiarekin esku hartuko dute. Behar diren laguntzak eman beharko dizkiote familiari egokitzat jotako denbora-tartean, gutxienez sei hilabetez babes-neurria amaitzen denetik edo, hala badagokio, desanparo-deklarazioa errebokatzen denetik.
2.    Familian berriro integratzearen jarraipena egin eta familiarekin berarekin esku hartu ondoren, eskumena duen foru-aldundiak uste badu familiak udal-eskumeneko laguntza-zerbitzuak behar dituela, udaleko gizarte-zerbitzuetara bideratuko da, baldin eta egindako jarraipenak eta esku-hartzeak baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

  • Lurraldeko gizarte-zerbitzuek familian berriro integratzearen jarraipena eta haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuen familiarekiko esku hartzea gutxienez urtebetez egin bada**.
  • Pertsona adingabea zaintzeari eta guraso-erantzukizunak behar bezala betetzeari dagokienez familiaren larritasun-maila jaitsi eta lortutako aldaketak finkatuak eta egonkorrak direla frogatu bada, gutxienez lau hilabetez. Horretarako, lau hilabeteko epea 1. apartatuan ezarritako sei hilabeteko esku-hartzearen gutxieneko epearen barruan egon daiteke.
  • Familian berriro integratzea aldi baterako banantze baten ondoren gertatu den kasuetan, pertsona adingabeak babesteko lurralde-zerbitzuek haurraren edo nerabearen egoeraren jarraipena egin badute familiaren egoitzan, sei hilabetez gutxienez, eta aldi horretan egiaztatu badu: desanparo-egoera ekarri zuen inguruabarrik ez dagoela eta ez dela berriz azaldu, ez dagoela arrisku larriko adierazlerik, eta familia-ingurunean lortutako aldaketak eta aurrerapenak finkatuak eta egonkorrak direla.

3.    Babesgabetasun-egoeraren larritasuna gutxitu egin dela irizten zaionean, eta familiak ez dituela udal-eskumeneko laguntza-zerbitzuak behar, baina jarraipen gehigarria bai, kasua udaleko gizarte-zerbitzuetara bideratuko da dagokion txosten teknikoaren bitartez; bertan, gutxienez, honako hauek jaso beharko dira:

  • Egindako jarraipena eta esku-hartzea, hala badagokio, eman zaizkion laguntza-zerbitzuak zehaztuta.
  • Familiaren eta pertsona adingabearen egungo egoera.
  • Esleitutako larritasun-mailaren justifikazioa.

Arrisku ertaina eta UGZetara bideratzeko proposamena duten kasu guztietan, bideratu aurretik AFAk eta UGZk bilera bat egingo dute kasuaren informazioa partekatzeko, baterako azterketa bat egiteko, haur edo nerabearen eta familiaren egoerari buruzko balorazioa adosteko eta zer esku-hartze egin behar den erabakitzeko, eta zerbitzuen arteko bideratzerako eta trantsiziorako prozedura zehazteko. Bilera horretara sareko beste profesional batzuk deitu ahal izango dira, bi alderdiek komenigarritzat jotzen badituzte. 

 


*Puntu honetan eta hurrengoan aipatutako esku hartzeko edo jarraipena egiteko epeak bete egin behar direla ulertuko da, betiere familia egituran funtsezko aldaketarik ez badago. Aldaketa horiek gertatzen badira (adibidez, haur edo nerabearen zaintza eta jagoletza araubidea aldatu eta guraso babesle batekin biziko da), beste balorazio bat egin beharko da babesgabetasunik eta larritasunik ote dagoen jakiteko. Balorazio horren emaitzaren arabera (arrisku larria edo babesgabezia berdin mantentzea, arrisku arin edo ertainera jaistea, babesgabetasuna desagertzea), lurraldeko gizarte zerbitzuek esku-hartzeari eutsiko diote edo amaitu egingo dute, eta, ondoren, udaleko gizarte zerbitzuei bideratuko edo jakinaraziko diete, jarraian datozen paragrafoetan adierazitakoaren arabera. 


**AFAk hasierako kasu planaren ikerketa, ebaluazio eta diseinu faseak osatzen dituenean eta plana abian jartzen duenean hasiko da epe hori zenbatzen.