3.5. Kasuak bideratzea eta koordinazioa udaleko gizarte zerbitzuen artean eta udaleko gizarte zerbitzuen eta adingabeen eta familiaren arloaren artean

1.7. Datuak babestea eta erakundeen artean txostenak bidaltzeko prozedura

Gizarte zerbitzuetan erabiltzen diren datu pertsonalak bereziki sentikortzat jotzen dira, eta babes handiena dute datu datuok zabaltzeari eta horiek eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko aukerei dagokienez. Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
Profesionalen eta sistemen arteko komunikazio guztiak segurtasun baldintza egokietan egingo dira, hirugarrenei edukiak eskuratzea galarazteko eta ukitutako pertsonek intimitaterako eta datuen babeserako duten eskubidea errespetatzen dela bermatzeko. Kasuan kasuko egoerarako beharrezkoa eta egokia den informazioa baino ez dute jasoko. Bitarteko elektronikoen bidez bidalitako idatzizko komunikazioetan, identifikazio pertsonaleko datuak, eta, beraz, datu sentikorrak segurtasun maila handienarekin enkriptatu beharko dira.  

Erakundeen arteko txostenak Erregistro Elektronikoen Interkonexio Sistemaren (SIR) bidez bidali beharko dira nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Horrek ez du eragozten, premiazko egoeretan edo beste egoera batzuetan, txostenak edo txostenetako batzuk aldez aurretik posta elektronikoz bidaltzea. Horrela bidali arren, SIR sistemaren bidez ere igorri beharko dira nahitaez. 

AFAren txostenak honela bidaliko zaizkio UGZri:

Gasteizko Udalaren kasuan:

  • Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuari, arrisku ertaineko kasua bada. 
  • Komunitate Jardueren Zerbitzuari, gainerako kasuetan, salbu eta GLUZtik AFAra bideratuak eta UGZn espedienterik irekita ez dutenak; kasu horretan, jakinarazpena Gizarte Inklusioaren Zerbitzuari egingo zaio. 

Landa eremuko gizarte zerbitzuen kasuan, dagokion udalari edo kuadrillari. 

Horretarako, emandako harremanetarako helbideak erabiliko dira. Halaber, AFAk helbide horiek erabiliko ditu UGZri bere interesekoak izan daitezkeen jarduketen berri emateko.