3.5. Kasuak bideratzea eta koordinazioa udaleko gizarte zerbitzuen artean eta udaleko gizarte zerbitzuen eta adingabeen eta familiaren arloaren artean

2. AFA-ren eta UGZ-ren arteko koordinazioa AFA-ren esku-hartzean

AFAk koordinatzen dituen kasuetan, UGZek zeregin bereziki garrantzitsua izango dute; izan ere, sarritan jakinarazpen iturri izateaz gain, eta AFAren esku-hartzean haur edo nerabearen eta familiaren jarraipenean eta esku-hartzean parte hartzeaz gain, beren esku-hartzea amaitutakoan ere parte hartzen jarraituko dute.  UGZekiko koordinazioaren edukia eta intentsitatea desberdina ziango da kasu bakoitzaren berezitasunen eta beharren arabera; komunikazio kanalek etengabe egon beharko dute irekita bi zerbitzuen artean. 

AFAk esku hartzen duen bitartean, UGZek haur edo nerabearekin edo familiarekin esku hartzen edo harremana izaten jarraitzen dutenean edo esku-hartzea amaitutakoan harremana izaten jarraituko dutela aurreikusten denean, AFAk kasuaren bilakaeraren eta egoerari dagokionez gertatzen diren aldaketen, zehazki, AFAren jardunerako garrantzitsuak izan daitezkeen aldaketen berri eman beharko dio UGZko erreferentziako profesionalari. Horrek barne hartuko ditu, gutxienez:

1.    Hasierako kasu plana eta haren ondorengo berrikuspenak partekatzea, AFAn proposatu eta formalki onetsi aurretik, eta azkenean onetsi diren planen edukiaren berri ematea (ez da beharrezkoa kasu planen kopia bidaltzea). 

2.    Haur edo nerabearen eta familiaren egoeran izandako edozein aldaketa garrantzitsuren berri arin ematea (HNLren 179.7 artikulua), gutxienez honako hauek:

•    Babes neurri edo baliabidearen aldaketak.
•    Haur edo nerabearen bizikidetza unitatearen edo udalerriaren aldaketak.
•    Arlo judizialeko, polizialeko edo beste zerbitzu batzuetako esku-hartze garrantzitsuak.
•    AFAn kasua koordinatzen duen atal arduradunaren edo profesionalaren aldaketak. 

3.    Espedientea ixteko proposamena partekatzea AFAn, organo erabakitzaileei helarazi aurretik, eta prozesu hori elkarrekin planifikatzea eta koordinatzea.

AFAn espedientea ixteko eta UGZra bideratzeko proposamena egin aurretik, kasu koordinatzaileak kasuari buruzko informazioa partekatu beharko du UGZko erreferentziazko profesionalarekin, eta hau adostu beharko du: haur edo nerabearen eta familiaren egoerari buruzko balorazioa —babesgabetasunik dagoen eta haren larritasuna barne—, zer esku-hartze burutu behar den, eta, hala denean, zerbitzuen arteko bideratzerako eta trantsiziorako prozedura. 

4.    UGZen esku-hartzerako garrantzitsua izan daitekeen informazio guztia berehala helaraztea. 

Koordinazioa UGZetako erreferentziazko profesionalarekin gauzatuko da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 19.4 eta 19.5 artikuluetan ezarritakoaren arabera:

19. artikulua. Esku hartzeko oinarrizko prozedura.
4. Prozedura koordinatzeko ardura Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako profesional batena izango da, ondoren ezarritako moduan:
b) Eman beharreko laguntza handia dela-eta hala egitea komeni bada, erreferentziako profesionalak dena delako kasuaren ardura bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuetako profesionalen baten esku utz dezake. Momentu horretatik aurrera, beste profesional horrek hartuko du dena delako kasua koordinatzeko ardura, baina, edonola ere, jatorrizko oinarrizko gizarte-zerbitzuan erreferentzia-lanak egin zituen hori jakinaren gainean eduki beharko du, ea kasuak zer-nolako bilakaera duen, batez ere hark beste arreta-esparru batzuetan oraindik pertsona erabiltzailearekin edo familiarekin harremanik baldin badu.
5. Aurretiazko beste esku-hartzerik egon bada edo oraindik ere baldin badago, erreferentziako profesionalak esku-hartze hori garatu duen beste profesionalarekin lankidetzan aritu beharko du, aurretiazko esku-hartze hori Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzuren baten baitan egon edo ez.

Era berean, UGZek esku-hartzerako garrantzitsua izan daitekeen edozein informazio jakinaraziko diote AFAko kasu koordinatzaileari.