3.6. Komunikazioak edo eskaerak, adingabeen fiskaltzaren, epaitegien etabeste herrialde, autonomia erkidego edo hiri autonomo eta lurralde historikoenak

1. Adingabeen Fiskaltzaren komunikazioak edo eskaerak

Adingabeen fiskaltzaren komunikazioak edo eskaerak AFAri zuzentzen zaizkio, eta hari dagokio komunikazioari edo eskaerari sarrera ematea eta egingo diren jarduketen berri ematea, bai eta ondoren erantzuna ematea ere, informazioa zuzenean jaso duen edo beste zerbitzu bati eskatu dion alde batera utzita. AFAk erantzun beharreko komunikazio edo eskaeretan, UGZri kontsulta egingo zaio beti; baliteke kasua ezagutzea edo bertan esku hartzen aritzea. Oro har, arrisku edo babesgabezia egoeran egon daitezkeen haur edo nerabeei buruz adingabeen fiskaltzak eta epaitegiek egiten dituzten idatzizko komunikazioekin AFAn jarraitu beharreko prozedura gainerako komunikazio edo eskaerekin jarraitu beharreko bera izango da.  

Normalean, fiskaltzaren komunikazioek edo eskaerek helburu hauek izango dituzte:

1.    Haur edo nerabearen gizarte eta familia egoeraren balorazioa eskatzea (adibidez, arau-hausleak, seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeriaren eragileak, etxeko indarkeriaren edo genero indarkeriaren eraginpean dauden haur eta nerabeak, babesgabetasunaren biktima diren haur eta nerabeak, oso gatazkatsuak diren banantze prozesuetan inplikatutako haur eta nerabeak), eta dagozkion neurriak hartzea.  Batzuetan, martxan den esku-hartzearen berri.
Kasu guztietan, itzulketa txostena bidali beharko zaio AFAri, esanbidez eskatu ala ez. 
Eskatutako informazioa AFAn espedientea irekita duen haur edo nerabe bati buruzkoa bada, hark egingo du txostena. Hala badagokio, UGZrekin kontsultatuko du. Gainerako kasuetan, UGZek jasoko dute eskatutako informazioa eta dagokion txostena prestatuko dute.

2.    Zigor legearekin gatazkan dagoen hamalau urtetik beherako pertsona baten gizarte eta familia egoeraren balorazioa eskatzea. 

Eskaera UGZra bideratuko da, eta hark balorazioa egin, eta babesgabetasuna, babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna edo UGZen edo AFAren esku-hartzea eta laguntza behar izan dezaketen beste zailtasun batzuk dauden zehaztuko du. 

Honako hauek salbuesten dira: AFAn espediente irekia duten haur eta nerabeak, larritasun handiko edo oso handiko babesgabetasun adierazleak dituztenak, sexu askatasunaren edo sexu ukigabetasunaren aurkako delitu izan daitezkeen sexu ekintzak edo genero indarkeria dakarten indarkeria ekintzak egin dituztenak. AFAk baloratuko ditu horiek.

3.    Kasu batean egiten ari diren esku-hartzeari buruzko informazioa eskatzea.

Aurreko kasuan bezala jokatuko da.