4. Haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeriako egoeretan esku hartzea

1. Sexu indarkeria diren egintzak

Haurrak eta nerabeak babesteko gaur egungo legediaren arabera, sexu indarkeria da onartu ez den edo edozein eremu publiko edo pribatutan (eremu digitala barne) bizitza sexualaren garapen askea baldintzatzen duen edozein sexu izaerako ekintza egitea haur edo nerabe bati. Sexu izaerako ekintzatzat hartzen dira, gutxienez, Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren II. liburuko VIII. tituluan xedatutako delituak (sexu erasoak; sexu jazarpena; exhibizionismoa eta sexu probokazioa; prostituzioa eta sexu esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea), emakumeen mutilazio genitala, behartutako ezkontza, sexu konnotaziodun jazarpena eta sexu esplotaziorako salerosketa (HNLren 11.3 artikulua). Eta eremu digitalean, hau sartzen da: sexu indarkeriako ekintzak zabaltzea, haur edo nerabea pornografiarako erabiltzea eta sexu estortsioa bitarteko teknologikoen bidez egitea (irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 3.1 artikulua, sexu-askatasunaren berme integralari buruzkoa). 

Espainian, hamasei urtetik beherako haur eta nerabeekin sexu izaerako ekintzak egitea delitua da, honako egoera hauetan izan ezik:

  1.  Adin horretatik beherako haur edo nerabeak sexu egintzarako baiezkoa eman badu, eta
  2.  indarkeriarik, larderiarik edo nagusitasun egoera edo biktimaren zaurgarritasun egoera baten abusurik ez da izan, eta haur edo nerabea ez dago zentzurik gabe, egoera mental zaurgarrian edo borondaterik gabe, eta 
  3.  egileak haur edo nerabearen antzeko adina eta garapen maila edo heldutasun fisiko eta psikologikoa ditu. 

Erantzukizun penaletik kanpo geratuko dira horiek (Zigor Kodearen 183 bis art.).

Sexu indarkeria mota askotakoa da. Haur edo nerabearen senideek edo familiatik kanpoko pertsonek, helduek edo adingabeek egin dezakete; kontaktu fisikoa izan dezake edo ez, eta eremu digitalean, modu presentzialean edo mistoan egin daiteke.  Besteak beste, honako hauek hartzen ditu barnean: haur edo nerabe bati sexu ekintzak egitea, haur edo nerabea bere buruari edo beste pertsona batzuei sexu izaerako ekintzak egiteko erabiltzea, haur edo nerabea pornografiarako erabiltzea, haur edo nerabeari sexu izaerako edukiak erakustea, sexu esplotazioa —hau da, sariak (opariak, dirua edo pribilegioak) ematea sexuagatik— edo sexting-a.  Sexu indarkeriaren ezaugarri komuna da egilearen eta haur edo nerabearen artean botere asimetria dagoela (fisikoa, kognitiboa, psikologikoa, posizioa, autoritatea, materiala), eta haren inplikazioa lortzeko indarkeria, hertsadura edo manipulazioa erabiltzen dela. 

Halaber, sexu indarkeriatzat hartzen da —hala dio Balora tresnak— sexu orientazioa edo identitatea edo genero adierazpena aldatzeko abertsio, konbertsio edo kontrabaldintzapen metodo, programa eta terapiak egitea, edozein modutan, baita interesdunak edo haren legezko ordezkariak baimena eman badu ere (trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 17. art.). Diskriminazio praktikak eta haur edo nerabearen sexu orientazioa, genero identitatea edo sexu ezaugarriak ez onartzea ere sexu indarkeria dira, eskubideak baldintza berdinetan erabiltzea eragozten dionean horrek (urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 17.f.2 art.; HNLren 177.2.i art.).