3. Sexu indarkeriaren susmoen edo baieztatutako kasuen aurrean inplikatutako sistemen jarduketa prozesuaren oinarrizko elementuak - haurtzaroeskuliburua
4. Haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeriako egoeretan esku hartzea
3. Sexu indarkeriaren susmoen edo baieztatutako kasuen aurrean inplikatutako sistemen jarduketa prozesuaren oinarrizko elementuak
HNLren 17. artikuluak dioena kontuan hartuta, hezkuntza, osasun, polizia, gazteen justizia eta gizarte zerbitzuen arloko edo bestelako sistemetako edozein profesionalek haur edo nerabe baten aurkako indarkeria egoeraren bat edo babesgabetasun egoera posibleren bat dagoela badaki edo horren zantzuak daudela hauteman badu, gizarte zerbitzuei jakinarazi beharko die. Gainera, haur edo nerabearen osotasuna, osasuna edo segurtasuna arriskuan egon badaiteke, berehala jakinarazi beharko diote Ertzaintzari edo Udaltzaingoari, bai eta fiskaltzari ere.
Premisa horretatik abiatuta, sexu indarkeriaren kasu berean, esku hartzeko eremu bikoitza egon daiteke:
- Prozesu judiziala.
- Gizarte zerbitzuek haur edo nerabeak eta haren familiak izan ditzaketen premiak baloratzeko prozesua.
Oro har, eta kasuan kasuko Jarduketa Koordinatuko Protokoloan zehazten diren berezitasunak salbu, sistema batek lehen aldiz badu haur edo nerabe baten aurkako sexu indarkeriako egoera baten edo haiei eragin diezaieketen sexu izaerako ekintza, portaera edo jokabideen berri, susmo edo ebidentzia, honela jokatuko du:
a) Haur edo nerabe baten aurkako sexu indarkeriaren berri, susmo edo ebidentzia izanez gero eta oraindik salaketarik aurkeztu ez bada:
- Gertakariak berehala jakinarazi behar zaizkie gizarte zerbitzu eskudunei, eta horiek arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzura bideratuko dute kasua, jardunari ekin diezaioten.
- Zerbitzu hori arduratuko da kasua fiskaltzari eta tartean diren beste erakundeei jakinarazteaz, betiere komunikazio hori aldez aurretik egin ez bada, HNLren 16.3 eta 17.3 artikuluen arabera.
- Haur edo nerabeak esan badu sexu askatasunaren aurkako delitu baten biktima izan dela, baina haren legezko ordezkariek ez badute salaketarik jarri nahi, zerbitzuak fiskaltzari jakinaraziko dio.
- Haur edo nerabearen osotasuna, osasuna edo segurtasuna arriskuan egon badaiteke, berehala jakinarazi beharko diote Ertzaintzari edo Udaltzaingoari, bai eta fiskaltzari ere, betiere komunikazio hori aldez aurretik egin ez bada, HNLren 17.3 artikuluaren arabera.
b) Salaketa dagoenean eta poliziari aurkezten zaionean:
- Poliziak berehala jakinaraziko die guardiako epaitegiari edo fiskaltzari eta gizarte zerbitzu eskudunei. Era berean, gizarte zerbitzu eskudunek arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzura bideratuko dute kasua, jardunari ekin diezaion.
- Biktimari ez zaio deklaraziorik hartuko arau gisa, ezertan eragotzi gabe kasuaren arabera egiten diren salbuespenak.
- Haur edo nerabeak gertatukoaren berri eman dioten erreferentziazko lekukoei hartu behar zaie deklarazioa.
- Egon daitezkeen erreferentziazko testigantzen bidez gertatzen diren zeharkako froga iturriak gorde eta jasoko dira.
c) Salaketa dagoenean eta fiskaltzan aurkezten denean:
- Fiskaltzak berehala jakinaraziko die gizarte zerbitzu eskudunei, eta horiek arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzura bideratuko dute kasua, jardunari ekin diezaion.
- Hala badagokio, prozesuaurreko ikerketa eginbideak irekiko ditu.
d) Salaketa dagoenean eta guardiako epaitegian aurkezten denean:
- Guardiako epaitegiak berehala jakinaraziko die gizarte zerbitzu eskudunei, eta horiek arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzura bideratuko dute kasua, jardunari ekin diezaion.
- Halaber, berehala jakinaraziko dio lurralde eskumena duen abokatuen elkargoari, biktimari abokatu bat izenda diezaion.
Aurrekoaz gain, osasun zerbitzuek ere esku hartuko dute, eta dagokion protokoloa aktibatuko dute:
a) premiazko kasua bada, hau da, osasun laguntza behar duten lesio fisikoak daude, presazko tratamendua egin behar da, edo delituaren froga elementuak izan daitezkeen arrasto fisiko eta biologikoak daude (7-10 egun, baginako sarketa egon bada pubertaroan daudenen kasuan, eta 72 ordu, gehienez, gainerako sexu erasoetan)
edo
b) premiazkoa ez bada, hots, sexu indarkeriako egoera ez da duela gutxikoa (pubertaro aurreko haurren kasuan, 72 ordu baino gehiago; neska nerabeen kasuan, 7-10 egun baino gehiago), ez dago osasun arreta behar duen adierazpen fisikorik, ezta tratamendu profilaktikoaren beharrik ere sexu transmisiozko infekzioetarako, larrialdiko kontrazepziorako edo nerabeen haurdunaldirako, edo kasua haur edo nerabeak zuzenean jakinarazi duelako iritsi da, baina ez dago adierazle fisikorik.