Harrera, lehen balorazioa eta ikerketa babesgabetasun egoera posibleetan 

1.4. Prozedura

Kasu horietan, honela jardungo da:

  1. Jasotako informazioa aztertzea eta, hala badagokio, informazio gehigarria biltzea
  2. Aurrekoarekin batera, haur edo nerabeak edo familiako beste kide batzuek UGZn espedientea edo historia irekita duten edo izan duten egiaztatzea
  3. Jasotako informazioa baloratzea eta fase honi dagozkion erabakiak hartzea

 

  1. Jasotako informazioa aztertzea eta, hala badagokio, informazio gehigarria biltzea  
    Harreran informazio hau lortzeko ahaleginak egingo dira:
    1. Haurrari edo nerabeari buruzko informazioa: identifikazio datuak, zaurgarritasun bereziko inguruabarrak (adibidez: dibertsitate funtzionala edo premia bereziak, aurretiko biktimizazio historia), egungo kokapena.
    2. Familiaren osaera edo haur edo nerabearen bizikidetza nukleoa.
    3. Guraso, tutore edo zaintzaileei buruzko informazioa: identifikazio datuak, egungo kokapena, haur edo nerabearekiko egungo harremana eta kontaktua, harremanetarako datuak.
    4. Jakinarazpena egitea eragin duen egoerari buruzko informazioa (ahalik eta zehatzena): babesgabetasun mota eta, kasua bada, balioetsitako larritasuna, adierazleak —fisikoak eta jokabidezkoak haur edo nerabearengan eta guraso, tutore edo zaintzaileengan—, haur edo nerabeak zer dioen egoerari dagokionez; egoera zer toki, une, egun eta ordutan gertatu den (zehaztea posible bada); lekukoak dauden; jakinarazitakoaren antzeko egoerarik egon den aurretik.
    5. Beste anai-arreba batzuei buruzko informazioa: identifikazio datuak, kokapena, behatu diren eta ezagutzen diren babesgabetasun adierazleak.
    6. Gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek haur edo nerabearekin gertatutakoaren berri duten (babesgabetasunaren arduradunak ez badira) eta zenbateraino aritu diren elkarlanean.
    7. Jakinarazpena egin duen pertsonari buruzko informazioa: identifikazio datuak eta kokapena; haur edo nerabearekiko eta haren familiarekiko harremana; ikerketako eta hasierako ebaluazioko faseetan laguntzeko prestasuna, beharrezkoa izanez gero; jakinarazpena egiteko arrazoiak (ebaluatu ahal badira); informatzaileak dituen informazio iturriak.
    8. Informatzaileak edo haur edo nerabearen edo haren familiaren inguruko beste batzuek egindako ekintzak.
    9. Haur edo nerabeari edo haren familiari buruzko informazioa eman dezaketen beste pertsona edo zerbitzu batzuk identifikatzea eta aurkitzea.
    Beharrezkoa bada informazio gehigarria biltzea, azkar bilduko da.  
  2. Haur edo nerabeak edo familiako beste kide batzuek UGZn espedientea edo historia irekita duten edo izan duten egiaztatzea
    Horrekin batera, haur edo nerabeak edo beste anai-arreba batzuek AFAn espedienterik irekita duten edo izan duten egiaztatuko da. UGZ ez den beste iturri batetik bideratu bada, UGZrekin jarriko da harremanetan, esku hartu duten edo kasuaren berri duten jakiteko.  
  3. Jasotako informazioa baloratzea eta erabakia hartzea 
    Lehenengo fase honetan, kasuaren gaineko arreta UGZren eskumenekoa den, ez den edo horri buruzko zalantzarik dagoen hartuko da kontuan jarduketa burutzeko.
    1. Argi ondorioztatzen denean kasuari erantzutea ez dela gizarte zerbitzuen eskumena (ez UGZ, ez AFA)
      Kasu horietan, harrera eta hasierako balorazioa egin duen teknikariak jarduketen txostena prestatu, eta hau erregistratuko du bertan: harreraren data, iturria eta jasotako informazioa; egin diren jarduketak, kronologikoki ordenatuta; lortutako informazioa; jarduketa proposamena eta jarduketa egitea eragin duten elementuak. Txostena dagokion espedienteak kudeatzeko programan erregistratuko da.   
      Haur edo nerabeak edo haren familiak beste zerbitzu batzuek landu beharreko arazoak dituztela balioesten denean, dagokion zerbitzura bideratuko da. Kasuaren arabera, jakinarazpena egin duen familia edo pertsona zerbitzu horretara zuzendu ahal izango da, edo UGZtik jardungo da. Azken kasu horretan, komeni da bideratzea idatziz egitea, haur edo nerabeari edo familiari dagokionez hautemandako arazoa berariaz aipatuta, eta eskumena duen zerbitzuaren esku-hartzea eskatzea (ikusi).
    2. Argi ondorioztatzen denean premiazko babes jarduketa bat behar dela, eskura dagoen informazioak hala iradokitzen duenean, edo bildutako informazioa dela-eta haur edo nerabearen oinarrizko osasuna edo segurtasuna arriskuan egon daitezkeela susmatzen denean
      Berehala bideratuko da AFAra, eskura dagoen informazioarekin, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
      Hona hemen horrelako egoeren adibide batzuk —ez da zerrenda zehatza—:
      • Haur bat jaio da beste anai-arreba batzuekiko babesgabetasun aurrekari oso handiak dituen familia batean.
      • Haurtxo bati eraso fisikoa (edozein larritasun mailatakoa) egin zaiola susmatzen da. 
      • Haur edo nerabeak zainketa fisiko desegokien ondorio izan daitekeen gaixotasun fisiko larria edo halabeharrezkoak ez diren lesio handiak dituela jaso da osasun zentroan.
      • Haur edo nerabeak uko egiten dio etxera itzultzeari, eta aita, ama, tutore edo zaintzailearen erasoa jasateko beldur dela dio.
      • Gurasoetako baten aldetik babesgabetasun larria dagoela susmatzen da, haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta osotasuna arriskuan jartzen dituena (adibidez, tratu txar fisiko edo zabarkeria larriak), eta ez dago informazio nahikorik beste gurasoak babesa emateko duen gaitasunaren inguruan. 
      • Familiaz kanpoko sexu indarkeria dagoela susmatzen da, edo aita, ama, tutoreak edo zaintzaileak ez diren pertsonek eragindakoa; informazioa ikusita, benetan gertatu dela dirudi, eta zalantzak daude aitak, amak, tutoreek edo zaintzaileek indarkeria hori bultzatu, baimendu edo ahalbidetu ote duten.  
      • Adin oso txikiko haur bat edo desgaitasuna duen haur zaharrago bat etxean bakarrik utzi dute arrazoizkoa ez den denbora tarte batean; bere oinarrizko premiak betetzeko edo bere burua zaintzeko gai ez dela uste da.
      • Hamabi urtetik beherako haur bat edo desgaitasuna duen haur zaharrago bat bakarrik eta alderrai dabil kalean, denbora luzeegian eta pertsona heldu baten zaintzarik gabe.
      • Haur bat negarrez edo oihuka dabil denbora luzez, eta arriskuan dagoela edo kalte larria jasaten ari dela pentsarazten duten adierazleak daude.
      • Aitak, amak edo tutoreek edo zaintzaileek haur edo nerabearekiko zigor guztiz desegokiak erabili ohi dituzte; maila fisikoan kalte larria eragin diezaiokete edo haren osasunerako eta segurtasunerako arriskutsuak izan daitezke.
      • Guraso batek edo biek, tutoreek edo zaintzaileek buruko nahasmendu larriaren diagnostikoa dute edo, halako diagnostikorik ez badute ere, buruko patologiaren bat dutela susmatzen da. Horren ondorioz, arduragabekeriazko jokabide larri kaltegarriak dituzte, eta haur edo nerabeari kalte larriak eragin diezazkiokete modu aktiboan edo pasiboan.
      • Bere buruari min egingo diola edo bere osasunerako edo segurtasun fisikorako oso arriskutsuak diren jokabideak izango dituela dio haur edo nerabeak.
      • Aitak, amak, tutoreek edo zaintzaileek ihes egiteko edo haur edo nerabea ezkutatzeko arriskua dago, gizarte zerbitzuen jarduna saihesteko helburuarekin. 
      • Aitak, amak, tutoreek edo zaintzaileek haurra etxetik ateratzea eskatzen dute, hari berehala min emateko beldur direlako. 
      • Haur edo nerabe bat emakumeen mutilazio genitalerako, ezkontza beharturako, erritualetarako edo antzekoetarako lekualdatu dela susmatzen da. 
      • Münchhausen-en sindrome delegatua dagoela susmatzen da, eta haur edo nerabearen bizitza edo osasuna arriskuan egon daiteke.
    3. Premiazko kasua izan gabe, babesgabetasun posiblea dagoela dioen informazioa dagoenean, eta berretsi eta larritasuna baloratu behar denean 
      Kasu horiek UGZek hartuko dituzte beren gain; 2. edo 3. lehentasunarekin ikertuko dira, dagokionaren arabera.