3.3. Epeak - haurtzaroeskuliburua
Udaleko gizarte zerbitzuen esku-hartzea arrisku ertaineko egoera baieztatuetan
3.3. Epeak
Babesgabetasun arazoak dituzten haur eta nerabeekiko eta familiekiko esku-hartzeak ez du mugarik denborari dagokionez, baina lortu nahi diren helburuak ahalik eta epe laburrenean lortzera bideratu beharko da esku-hartzea. Kasu batzuetan, esku-hartzea haur edo nerabea adin nagusitasunera iritsi arte izango da beharrezkoa (ikusi esku-hartzearen helburua).
Arreta pertsonalizatuko plana aldian-aldian berrikusi behar da, oro har, gutxienez sei hilean behin. Epea laburragoa izan daiteke kasu berezietan (adibidez, haur txikiak, egoera bereziki zaurgarrian daudenak) edo beharrezkoa denean. Hala, ezohiko bilerak deituko dira arreta pertsonalizatuko plana berrikusteko, egoera hauetakoren bat gertatzen denean:
- UGZko erreferentziazko profesionalaren ustez, beharrezkoa da (a) esku-hartzearen helburua aldatzea proposatzea, edo (b) kasua AFAra bideratzea.
- UGZko erreferentziazko profesionalak balioesten du denbora nahikoa igaro dela kasuan emaitza positiborik lortu gabe edo familiaren egoerak okerrera egin duela, eta, horrenbestez, esku hartzeko estrategia aldatu behar dela.
- UGZko erreferentziazko profesionalak zailtasun handiak ditu arreta pertsonalizatuko plana gauzatzeko, eta beste profesional/zerbitzu batzuen laguntza eskatzen du zailtasun horiek aztertu edo konpontzeko.
- Baliabideren baten esku hartzeko baldintzak aldatzeko proposamena dago (amaitzea, gehitzea, esku-hartzearen aldaketa handia), eta horrek funtsezko aldaketak dakartza arreta pertsonalizatuko planaren diseinuan.
- Ezin dira abian jarri arreta pertsonalizatuko planean aurreikusitako baliabideak, zeinak funtsezkoak baitira esku-hartzea behar bezala garatzeko, eta, beraz, beharrezkoa da planaren diseinua funtsean aldatzea.