Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

4.4. Kasu plana diseinatzeko printzipioak eta irizpide orokorrak

Kasu plana diseinatzean, estatuko eta autonomia erkidegoko legeetan horri buruz xedatutako jarduketa printzipioei jarraituko zaie. 

Hauek izango dira AFAren lehentasunezko helburuak: haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta osotasuna bermatzea; gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei euren rola modu egokian betetzen laguntzea eta horretarako babesa ematea, haur edo nerabeak modu egokian zaintzeko eta familia unitatea babesteko; haur edo nerabeari izan ditzakeen zailtasunei aurre egiten laguntzea, eta elementu babesleak indartzea haur edo nerabearengan, haren familian eta ingurunean. Egiteko horiek elkarrekin indartu behar dituzte UGZk eta AFAk. Banantzea proposatu ahal izango da soilik egiaztatzen denean ezinezkoa dela haur edo nerabearen ongizatea ziurtatzea familia nukleoan, eta ez dagoenean beste aukerarik banantzea saihesteko eta haur edo nerabearen osotasun fisiko eta psikologikoa eta segurtasuna bermatzeko. Kasu horietan, lehentasunezko aukeratzat hartu beharko da haur edo nerabea familia berriro elkartzeko helburuan sartzea.

Banantzeetan, edozein haur edo neraberentzat, batez ere sei urtetik beherakoentzat, familia harreraren neurriak izango du lehentasuna egoitza harreraren gainetik. Hiru urtetik beherakoentzat ez da egoitza harrerarik adostuko, salbu eta une horretan familia harreraren neurria hartzea ezinezkoa denean —behar bezala egiaztatu beharko da hori— edo neurri hori haur edo nerabearen interes gorenari dagokionez komeni ez denean. Egoitza harrera adosteko muga hori sei urtetik beherakoei ere aplikatuko zaie, ahalik eta eperik laburrenean. Nolanahi ere, oro har, haur edo nerabe horien egoitza harrerak ez du hiru hilabete baino gehiago iraungo. 

Banantze kasuetan, haur edo nerabearen interes gorena kontuan izanda, guraso (guraso ahala ez badute ere), tutore edo zaintzaileekin, aitona-amonekin, anai-arrebekin, gainerako ahaideekin eta hurbilekoekin zer bisita, harreman edo komunikazio araubide izango duen arautu beharko da, haur edo nerabearen lotura afektiboei eusten zaiela bermatzeko, betiere ez badu eragin kaltegarririk haren ongizatean edo garapen fisiko edo psikologiko normalean, integrazio pertsonal, familiar, sozial edo hezkuntzakoan, edo ez badu babes ekintza oztopatzen. Horretarako, ahaleginak egingo dira pertsona edo familia harreragile berari emateko anai-arreba talde beraren zaintza, elkarrekin jarrai dezaten. Hori ezinezkoa bada, guztien arteko harremanak erraztuko dira, eta, orokorrean, jatorrizko familia osatzen duten pertsona guztiekiko harremanak bultzatuko dira, dagokion bisita araubidearen esparruan, eta, kasua bada, haien bizitzan esanguratsuak diren pertsonekiko harremanak (abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 63.1 eta 63.2 artikuluak).

Haur edo nerabea familiatik banatzeko proposamenak horretarako ezarritako irizpide teknikoetan oinarrituko dira.