Familia babesteko eta berriz elkartzeko familiako esku-hartze espezializatua

2.2. Jarduketa printzipio orokorrak

  • Haur eta nerabeek eskubideen subjektu aktibo gisa duten interes gorena da familiako esku-hartze espezializatuaren oinarria, familia ingurunearen baldintzak optimizatuz, haur eta nerabeen garapen testuinguru nagusi gisa. 
  • Familiako esku-hartze espezializatuak lehentasunezko arreta eman behar dio haur edo nerabearen segurtasuna bermatzeari eta babesgabetasun egoera zuzentzeari, baina helburu zabalagoa izan behar du, haren ongizatea sustatzera eta familia ingurunean eta ingurune naturalean haren oinarrizko premiak asetzera bideratua. Haur edo nerabea, haren ongizatea, haren oinarrizko premien estaldura eta haren gaitasunen sustapena dira esku-hartzearen arrazoia, foku nagusi eta azken helburua.  
  • Familiako esku-hartze espezializatuak hiru ardatz edo hartzaile ditu: guraso, tutore edo zaintzaileak, haur eta nerabeak berak eta haien ingurunea. Elementu horiei behar den unean eta intentsitatean eta kasu bakoitzaren aukeren eta premien arabera heltzen zaie.  Esku-hartzearen xede diren aldaketa prozesuak ezin dira familiako kideen maila pertsonalera mugatu; aitzitik, beharrezkoa da familiaren funtzionamenduaren azpian dauden elkarreragin interdependenteen bilbe konplexuari heltzea, bai eta familiaz kanpoko testuingurua kontuan hartzea ere, familia dinamikaren eta familiaren inguruko ingurunearen arteko lotura dela-eta. Horregatik, gehienetan, familiako esku-hartze espezializatuko baliabideaz gain, haur edo nerabearekin eta familiarekin esku hartzen duten beste zerbitzu eta eragile batzuk daude, eta horien guztien jarduera koordinatua behar da. Zerbitzuen eta eragileen sare horrekin koordinatzeko lana haur edo nerabearekin eta guraso, tutore edo zaintzaileekin zuzenean lan egitea bezain garrantzitsua da. 
  • Laguntza sarea eta haur edo nerabearen eta familiaren eta baliabide komunitarioen arteko konexioa sustatzea kasu guztietan izango dira helburu esku-hartzean. 
  • Esku-hartzea familia bakoitzaren beharretara egokitu behar da. Horretarako, ebaluazio osatu bat erabiliko da, familia horren beharrak eta indarguneak argi eta garbi identifikatuko dituena eta esku-hartzea planifikatu eta aldizka gainbegiratzeko oinarri izango dena. Horretarako, esku hartzeko proiektu bat egin behar da, helburuak, jarduketak, inplikatutako baliabideak eta epeen aurreikuspena jasoko dituena. Zailtasunak konpontzea eta indarguneak, elementu positiboak eta babes elementuak bultzatzea izango da ardatza. 
  • Guraso, tutore edo zaintzaileek zein haur edo nerabeek esku-hartzearen helburuak zehazten eta haien bilakaera aztertzen parte hartu behar dute, haien aukeren arabera, eta, horrez gain, haien iritzia entzun eta kontuan hartu behar da eragiten dieten erabakietan. Guraso, tutore edo zaintzaileak eta haur eta nerabeak subjektu aktibotzat eta prozesuaren protagonistatzat hartu behar dira, haien duintasuna eta interesak errespetatuta eta haien indarguneak kontuan izanda.
  • Esku-hartzean, etengabeko arreta eskaini beharko zaio haur edo nerabearen ongizatea arriskuan jar dezaketen zailtasun, arazo edo arrisku faktore berrien agerpenari. Agertzen badira, lehenbailehen heldu beharko zaie. Esku-hartzea zenbat eta goiztiarragoa izan, orduan eta arrakasta handiagoa izango du. 
  • Aldaketa pertsonalera eta familiarrera bideratutako esku-hartze planifikatuaren osagarri gisa, babesgabetasun arazoak dituzten familiek aurre egin behar dieten zailtasun berezien ondorioz, batzuetan, krisi egoeretarako esku-hartzeak egin behar izaten dira berehala, egoera kritiko edo traumatiko batek familian eta, bereziki, haur eta nerabeengan eragin dezakeen kaltea minimizatzeko. 
  • Esku-hartzea beharrezko prestakuntza duten profesionalek burutu behar dute, taldean, sarean eta diziplinarteko ikuspegitik lan eginez. Ahal den neurrian, esku hartzen duten profesionalak ez dira aldatuko, esku-hartzerako egokitzat jotzen denean izan ezik. 
  • Babesgabetasun larriko egoeretan esku hartzean, laguntza eta kontrol rolak ez dira kutsatu behar, osatu baizik. Horretarako, ahal den guztietan, baliagarria da bi rolak bereiztea (testuinguru fisikoak eta giza baliabideak), bai eta esku-hartzean parte hartzen duten profesionalek eta taldek zer erantzukizun dituzten argitzea ere familiei. 
  • Esku-hartzeak aniztasunarekiko sentsibilitatea erakutsi beharko du, eta kontuan edukiko ditu familia bakoitzaren balio eta sinesmen kulturalak. Errespetatu egin beharko dira, haur edo nerabearen eskubide, ongizate eta interes gorenarekiko arretarekin bateragarriak badira.