Familia babesteko eta berriz elkartzeko familiako esku-hartze espezializatua

2.4. Gurasoen gaikuntzarako epeak

Gurasoen gaikuntzarako epea desberdina izango da familiaren gaitasunen eta arazoen arabera. Batzuek etengabe beharko dute kanpoko gizarte eragileen laguntza eta gainbegiratzea, haur eta nerabeak emantzipatu arte:

 

Familia motak, haien laguntza premien arabera Ezaugarriak
Krisi egoeran Familia horiek aldi baterako laguntza behar dute (6-12 hilabete) krisi puntual bat konpontzeko; gainerakoan, modu independente eta egokian funtzionatzen dute. Krisia bultza dezaketen gertaeren artean sartzen dira, adibidez, dibertsitate funtzionala duen haur baten jaiotza, dibortzioa/banantzea, zailtasun ekonomikoak, laneko arazoak, nerabezaroa, etab.
Epe ertainean
laguntza behar dutenak
Familia arazoaniztunak dira, eta hainbat arlotako esku-hartzea behar dute (gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, guraso trebetasunak, laguntza sarea, ongizate psikologikoa, etab.). Esku-hartzeak urtebete eta lau urte artean iraun dezake. Amaitutakoan, familiak behar bezala eta modu independentean funtzionatzea espero da.
Epe luzean
laguntza behar dutenak
Arazo kronikoak dituzten familiak dira, eta ezin da espero eskainitako laguntzek modu independente eta egokian funtzionatzen lagunduko dietenik. Hala ere, laguntza jarraituen bidez, haur eta nerabeen segurtasuna, ongizatea eta oinarrizko premien estaldura berma daitezke. Baliteke laguntzak haur eta nerabeak hazi arte izatea beharrezkoak.
Lagundu ezin zaienak Esku-hartzeko zerbitzuak ez dira nahikoak haur eta nerabeen segurtasuna, ongizatea eta oinarrizko premien estaldura bermatzeko, ez orain, ez etorkizunean. Haur eta nerabeak modu iraunkorrean banandu behar dira.

 

Irizpide orokor gisa, salbuespenak egon daitezkeen arren, hau ezar daiteke: familiako esku-hartze espezializatu intentsiboa jasotzen duen familia batek aldaketarik ez badu lehenengo hamar hilabeteetan, gainkuntzako esku-hartzea amaitutzat eman beharko da, ez delako aurreikusten aldaketak epe labur edo ertainera gertatuko direnik. Horrek ez du esan nahi, aldaketarik ezean, hamar hilabeteko epea agortu behar denik. Aldaketek denbora behar dutela kontuan izanda ere, emaitzarik ez badago, esku-hartzearen ikuspegia eta diseinua berrikusi eta aldatzeko prozesuari ekingo zaio, izan nahi den eraginkortasuna lortzearren.

Halaber, irizpide orokor gisa, salbu eta jaioberrien kasuan eta beste salbuespen batzuetan, banantze kasuetan ezar daiteke esku-hartze intentsiboko 18 hilabeteko aldia nahikoa izan behar duela familiaren funtzionamendua behar bezain funtzionala izatea lortzeko, eta erabakitzeko ea haur edo nerabea familiara itzul daitekeen edo itzuli ahal izango den edo behin betiko aukera edo aukera iraunkor bat behar duen. Kasu batzuetan, familiek esku hartzeko zerbitzuak behar izaten jarraituko dute 18 hilabetetik aurrera, baina ez dira hain intentsiboak izango.

Nolanahi ere, gurasoen gaikuntzarako aurreikusitako epeak haur edo nerabearen premiekin bateragarriak diren baloratu beharko da. Ildo horretan, adin oso txikiko haurren familientzako epeak adin handiagoko haur edo nerabeen familientzako zehaztutakoak baino laburragoak izan beharko dira nahitaez.