2.6. Haurrari edo nerabeari berariazko laguntza emateko helburua duen lana - haurtzaroeskuliburua
Familia babesteko eta berriz elkartzeko familiako esku-hartze espezializatua
2.6. Haurrari edo nerabeari berariazko laguntza emateko helburua duen lana
Haurrari edo nerabeari laguntza espezifikoa emateko esku-hartzearen ardatz nagusia haur edo nerabeari zuzeneko laguntza ematea da: (1) familia eta gizarte ingurune naturalean haren oinarrizko premiak asetzen direla bermatzeko, (2) babesgabetasun egoerak eta/edo bestelako egoera kaltegarriek eragin dioten kaltea konpontzeko, (3) baliabide erresilienteak emateko, eta (4) haren laguntza sare formala eta informala indartzeko. Esku-hartzearen azken helburua da, gurasoen gaikuntza baztertu bada ere, haur edo nerabeak haren familian jarraitzea ahalbidetzea, haren interes gorenari hobekien erantzuten dion aukera delakoan.
Helburu hori ezin izango da proposatu babesgabetasunak haur edo nerabearentzat trauma handia dakarrenean, ezta, behar bezala argudiatutako salbuespenetan izan ezik, hamabi urtetik beherakoen kasuan ere.
Babesgabetasunak eta/edo bestelako egoera kaltegarriek haur edo nerabearen garapen arlo desberdinetan eragin dituzten ondorioei heltzeaz gain, kasu horietan esku-hartzearen foku bat haur edo nerabearen erresilientzia gaitasuna sustatzea izan behar da ezinbestean, hau da, familian ezbehar esanguratsuak izan arren positiboki egokitzeko eta garapen osasuntsua izateko duen gaitasuna.
Ebidentzia enpirikoaren arabera, babesgabetasunak eta familiako bestelako inguruabar kaltegarriek haur edo nerabearengan izan dezaketen eragin negatiboa gutxitu edo indargabetu ahal dute honako elementu hauek (faktore babesleak):
- Haur edo nerabearen ezaugarri indibidualak
- Autoeraginkortasun sentimendua, inguruan gertatzen dena kontrolatzeko gai sentitzea.
- Egokitzeko trebetasunak: komunikatzeko gaitasuna, erabakiak hartzeko eta arazoak konpontzeko gaitasuna, trebetasun sozialak, nork bere burua zaintzeko eta ikasteko trebetasunak.
- Emozioen autoerregulaziorako eta autoerregulazio kognitiborako gaitasuna.
- Autoestimua.
- Egonkortasun emozionala.
- Jarduera positiboak egitea (adibidez, ikastetxean, kirola)
- Erlijiositatea.
- Inguruko pertsonekiko harremana
- Guraso, tutore edo zaintzaile batekin, gutxienez, atxikimendu lotura segurua ezar dezake haur edo nerabeak.
- Guraso gaitasun egokiak dituen guraso, tutore edo zaintzaile bat dago, gutxienez.
- Ongizate psikologiko egokia duen eta laguntza sarea duen guraso, tutore edo zaintzaile bat dago, gutxienez.
- Haur edo nerabeak lotura positiboak dituzten helduak ditu ingurune hurbilean.
- Berdinekiko harreman positiboa.
- Ingurunearen ezaugarriak
- Bizikidetza ingurune egonkorra.
- Eskola ingurune eta giro positiboa.
- Ingurune komunitario (auzoa) kohesionatua.
- Baliabide eta zerbitzu komunitarioak izatea.
14 urtetik gorako nerabeen kasuan, esku-hartze espezializatuaren helburua izango da, halaber, beren burua zaintzeko eta helduaroan autonomia izateko gaitasunak eta trebetasunak ematea.
Helburu horretan, zuzeneko esku-hartzearen ardatz nagusia haurra edo nerabea bada ere, esku-hartzea guraso, tutore edo zaintzaileengana ere zuzendu beharko da, haurraren edo nerabearen arretan ahalik eta inplikazio handiena izatera eta esku-hartzean laguntzera bultzatzeko, guraso funtzioak hobeto betetzeko laguntza eta orientazioa emateko, haur edo nerabearekiko harremana hobetzeko, ager daitezkeen zailtasunak edo gatazkak konpontzeko, eta, gaikuntza osoa bideraezina izan arren, zati batean har ditzaketen guraso eginkizunetan gaitzeko.
Babesgabetasuna desagertzen denean edo larritasun-maila murrizten denean, haur edo nerabeak eta familiak beren oinarrizko premiak eta ongizatea asetzen direla bermatzen duen laguntza sare normalizatu eta egonkorra dutenean, edo haur edo nerabea adin nagusitasunera iristen denean eta/edo autonomoa denean amaitu beharko litzateke helburu horretako esku-hartze espezializatua. Laguntza sareak elementu informalak (esaterako, guraso, tutore edo zaintzaileak ez diren jatorrizko familiako kideak, hurbileko pertsonak, berdinak) zein formalak (zerbitzu komunitarioak) izan ditzake.