3.3. Nazioarteko adopzioak izapidetzeko prozedura

1. etapa - Nazioarteko adopzioari buruzko informazioa eta prestakuntza

Nazioarteko adopzioan interesa duten pertsonekin lehen elkarrizketa presentzial bat egingo da. Bertan, adopzioari, betekizunei eta jarraitu behar den prozedurari buruzko oinarrizko informazioa emango die FHAAn horretarako izendatutako teknikariak. 

Elkarrizketan, jakinaraziko zaie, egokitasun adierazpena eskatu aurretik, AFAk edo erakunde bermatuak antolatutako informazio eta prestakuntza saioetan parte hartu beharko dutela, indarrean dagoen legediak ezartzen duen bezala (abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 11.1 art.). Saio horien xedea hauei buruzko informazioa ematea izango da: adopzioaren funtsezko alderdiak, adopziozko filiazioaren ezaugarri bereizgarriak, maila pertsonalean zein familiarrean plantea ditzakeen arrisku, erronka eta doitzeak. Horrez gain, haien itxaropenak egokitzea ere izango du helburu, azken batean, adopzio proiektuari buruzko erabakiak hartzen laguntzeko. Saioak banaka edo taldeka emango dira, eskaeraren eta aukeren arabera. Interesdunei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik ez badira saio horietara joaten, egokitasun adierazpenaren eskaera ukatuko da.

Interesdunak (1) nahitaezko informazio eta prestakuntza saioetan parte hartu ostean, eta (2) eskaera eredu normalizatuaren bidez AFAn aurkeztu ostean, ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 15. artikuluaren eta 29. artikuluaren arabera eskatutako dokumentazioarekin batera, eskaintza eredu normalizatuaren bidez AFAn aurkeztu ostean, FHAAn horretarako esleitutako teknikariak eskaintza ez onartzeko arrazoirik ez dagoela egiaztatuko du, eta eskaintza Adopzioen Erregistroan eta Nazioarteko Adopzioaren Estatuko Erregistroan (ADIN) inskribatuko da. 

2. etapa.- Beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonen egokitasunaren balorazioa (abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 10. art.).  

Beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonaren edo pertsonen egokitasun adierazpenerako haien egoera pertsonal, familiar, erlazional eta sozialari buruzko aldez aurreko balorazio psikosoziala egin behar da, alderdi hauek egiaztatzeko: eskatutako baldintzak eta gaitasunak dituztela, lotura egonkorrak eta seguruak ezartzeko gaitasuna, hezkuntza trebetasunak eta haur edo nerabeari arreta emateko gaitasuna, haren egoera berezien arabera, eta nazioarteko adopzioaren berezitasunak, ondorioak eta erantzukizunak onartzeko gaitasuna. Balorazioan, beren burua adopziorako eskaintzen dutenen seme-alabei entzun beharko zaie.  Balorazioa egiteko, jatorrizko herrialdeko legediaren eskakizunei jarraituko zaie. 

FHAAn horretarako izendatutako teknikariak egokitasunaren balorazio psikosozialerako eskaera bidaliko du ProAdop programara, FHAAko taldeko arduradun teknikoak sinatutako idazkiarekin batera. 

Foru aldundiari dagokio, erakunde publiko eskuduna den aldetik, nazioarteko adopziorako egokitasun ziurtagiriak ematea; eskumen hori ezingo zaio beste ezein erakunde publiko edo pribaturi eskuordetuko. Administrazio ebazpena desegokia bada, nazioarteko adopziorako desegokitzat jotako pertsonak edo pertsonek bidezko errekurtsoak aurkeztu ahal izango dituzte, ebazpenean zehaztuak.

Egokitasun ziurtagiriak herrialde jakin bateko adopziorako izango dira.

Egokitasun adierazpenerako ziurtagiriak eta balorazio psikosozialak hiru urteko indarraldia izango dute, organo eskudunak ematen dituen egunetik zenbatzen hasita, baldin eta beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonen egoera pertsonalean eta familiarrean funtsezko aldaketarik gertatu ez bada. Hala ere, dagokion legedian ezarritako baldintzak eta mugak bete beharko dira.

3. etapa.- Espedientea izapidetzeko, prestatzeko eta jatorrizko herrialdera bidaltzeko bidea aukeratzea

Erabaki hori hartzeko, alderdi hauek izan beharko dira kontuan:

  •  
    • Haur edo nerabearen jatorrizko herrialdeak espedienteak izapidetzeko bide esklusiborik ezarri duen ala ez (babes erakunde publikoa edo erakunde bermatua)
    • Estatu jakin baten kasuan, nazioarteko adopziorako eskaintzak estatu bietako agintariek baimendutako erakundeen bidez baino ez izapidetzea erabaki ote duen estatuko administrazio orokorrak, erakunde publikoekin lankidetzan.
  •  Beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonek haur edo nerabearen jatorrizko herrialdeak eskatutako dokumentu guztiekin prestatuko dute espedientea. Horretarako, AFAren edo erakunde bermatuaren aholkularitza izango dute, espedientea izapidetzeko bidearen arabera. 

Gaztelania ez den hizkuntza ofiziala duen herrialde batekin izapidetzen bada, dokumentuak zinpeko itzulpen bidez itzuli beharko dira. Orobat, legeztatu egin beharko dira. 

  • Espedientea foru aldundiaren edo erakunde bermatuaren bidez bidaliko zaio haur edo nerabearen jatorrizko herrialdeko agintaritza eskudunari, espedientea izapidetzeko bidearen arabera.

4. etapa.- Atzerriko agintaritzaren esleipen proposamena AFAn jasotzea eta adostasuna jakinaraztea adopzio prozedurak aurrera jarrai dezan (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 35. art.)

Nazioarteko adopzioaren eskatzaileek AFAri komunikatu beharko diote, zuzenean edo horretarako bitarteko izan den erakunde bermatuaren bidez, jatorrizko herrialdeko agintarien aldetik haur edo nerabearen aurreesleipena edo esleipena egin dela, salbu eta herrialde horrek foru aldundiari zuzenean jakinarazi badio, agintaritza nagusi moduan. Esleipen proposamenean, haur edo nerabearen nortasunari, adoptagarritasunari, gizarte eta familia inguruneari, historia medikoari eta premia bereziei buruzko informazioa agertu beharko da, bai eta pertsonen, erakundeen eta agintarien baimenei buruzko informazioa ere —jatorrizko herrialdeko legeriak eskatzen ditu horiek—.

Aurreesleipena foru aldundiak onetsi behar du beti. Kasuari buruzko informazioa aztertu ondoren, hura onesteko edo ukatzeko ebazpena emango du, modu arrazoituan, eta eskatzaileei eta haur edo nerabearen jatorrizko herrialdeari jakinaraziko dio. Dagokion dokumentua eta aurreesleipenaren onarpena, adopziorako beren burua eskaintzen duen pertsonak edo pertsonena, haur edo nerabearen jatorrizko herrialdeko agintaritza eskudunari igorriko zaizkio.

Aurreesleipenarekiko adostasuna emanda, adopzioa eratze aldera haur edo nerabearen jatorrizko herrialdera bidaiatzeko unea hurbiltzen denean, AFAko kasu koordinatzaileak beharrezkotzat jotzen badu familia adoptatzaileak orientazioa jasotzea haur edo nerabea iritsi aurretik, adopziozko integrazioko saioak egitea proposatu ahal izango du, ProAdop programaren bidez. Kasu horietan, familiarekin lehen saioa egin ondoren, helburuen eta saioen maiztasunaren proposamen bat aurkeztuko du ProAdop programak. Behin esku-hartzea amaituta, edo AFAk eskatzen dionean, familiaren bilakaerari buruzko txostena aurkeztuko du.  

Proposatutako edo esleitutako haur edo nerabeak bere garaian egin zen egokitasun adierazpeneko ezaugarriak betetzen baditu eta hura ez bada onartzen, onetsita dagoen egokitasuna baliogabetzeko arrazoia izango da hori (ekainaren 17ko 114/2008 Dekretuaren 12.2d) art.). 

5. etapa.- Haur edo nerabearen jatorrizko herrialdera bidaia eta topaketa, adopzioaren eraketa, Espainiara itzultzea, adopzioa Erregistro Zibilean inskribatzea 

Haurra edo nerabearen bila jatorrizko herrialdera joan, adopzioa han eratu, hala badagokio, eta Arabako Lurralde Historikora itzuli ondoren, adoptatzaileek hau egin beharko dute:   

  • Adopzioa edo, kasua bada, Espainiako Estatuan adoptatzeko erakunde juridikoa eratu dela jakinaraztea AFAri, beren kabuz edo, hala badagokio, horretarako bitarteko izan den erakunde bermatuaren bidez, eta, era berean, ebazpenaren kopia konpultsatua eta zinpeko itzulpena ematea.
  • Haur edo nerabea iritsi dela jakinaraztea AFAri, beren kabuz edo, kasua bada, horretarako bitarteko izan den erakunde bermatuaren bidez.
  • Adopzioa Erregistro Zibilean inskribatu dela behar bezala egiaztatzea AFAren aurrean, beren kabuz edo, hala badagokio, horretarako bitarteko izan den erakunde bermatuaren bidez.