1.3. Premiazko babes jarduketa behar izan dezaketen egoerak

Premiazko jarduketa behar izan dezaketen egoerak dira haur edo nerabe baten oinarrizko osasunerako edo osotasunerako arrisku larria dagoenean eta informazio horren kontra doan daturik ez dagoenean. Besteak beste, adibidez:

  • Guraso, tutore edo zaintzaileak aldi baterako ezinduta daude ustekabean, beste zaintzailerik dagoen jakin gabe. 
  • Guraso, tutore edo zaintzaile bakar bat ere ez dago prest haur edo nerabea zaintzeko, edo haur edo nerabeak ez du etxean egon nahi.
  • Haur edo nerabeak uko egiten dio familia etxera itzultzeari eta horren beldur dela dio guraso, tutore edo zaintzaileek eragindako edo onartutako indarkeria fisikoa edo sexuala jasateko beldurragatik. 
  • Haur edo nerabea bakarrik dago eta ez da gai bere segurtasuna bermatzeko edo oinarrizko beharrak asetzeko. Ez dago guraso, tutore edo zaintzaileen kokapenaren inguruko informaziorik. 
  • Jaio aurreko indarkeria.
  • Haurtxo batenganako tratu txar fisiko oso larrien susmoak. 
  • Tratu txar fisikoak edo zabarkeria haur edo nerabea hiltzeko edo hark lesio larriak izateko arriskuan jartzeko bezain larriak izan direla egiaztatzen duten osasun frogak daude. 
  • Osasun frogen arabera, haurra edo nerabea nahita pozoitzen saiatu dira, edo gorputzean arma hilgarri batekin eraso diotela edo objektu astun batekin kolpatu dutela adierazten duten markak ditu.
  • Haur edo nerabearekiko kontrolik gabeko indarkeria fisiko larriak eztanda egiteko arrisku handia balioesten da familian. 
  • Adierazle fidagarrien arabera, esku hartzen ez bada haur edo nerabearen bizitza arriskuan jar dezakeen babesgabetasun egoera dago, eta guraso, tutore edo zaintzaileek laguntza mota guztiak baztertzen dituzte.
  • Haur edo nerabearen gutxieneko premia fisikoak ez dira asetzen (janaria, jantziak, aterpea eta zainketa medikoak), eta guraso, tutore edo zaintzaileek uko egiten diote horiek asetzeari, edo baliabide ekonomikoak izan arren ez dira asetzeko gai, edo uko egiten diete arazo hori konpontzeko eskaintzen zaizkien laguntza ekonomikoei edo bestelakoei.
  • Froga argiak daude esateko guraso, tutore edo zaintzaileek ez dutela gaitasunik haur edo nerabeak behar duen gutxieneko zaintza emateko, eta ez dago defizit hori betetzeko baliabiderik (esaterako, senideak, baliabide publikoak) kasua ikertzen eta ebaluatzen den bitartean.
  • Guraso, tutore edo zaintzaileek haur edo nerabeari kalte larria egingo diotela mehatxu egin dute, edo hari kalte larria egiten saiatu dira (nahiz eta lesio larririk ez izan).  
  • Haur edo nerabeak bere buruari min egingo diola dio, eta guraso, tutore edo zaintzaileek ez dute neurririk hartzen hori prebenitzeko edo saihesteko.
  • Familiari laguntzeko zerbitzuak eskaini ondoren, babesgabetasun egoera oso handia gertatu da.
  • 1. lehentasuneko ikerketa fasean dagoen babesgabetasun egoera posible oso handia detektatu denez, gizarte zerbitzuen jarduna saiheste aldera familiak ihes egiteko edo haur edo nerabea ezkutatzeko arriskua dago. 
  • Informazioaren arabera, 16 urtetik beherako haur edo nerabe baten —edo desgaitasuna duen adin nagusiko baten— berehalako ezkontza edo antzeko erritu bat antolatu da, edo, bestela, ezkontza behartua edo antzeko erritu bat edozein adinetan. 
  • Haur edo nerabeari sexu erasoa egin dio senide batek edo familiako pertsona ezagun batek, eta guraso, tutore edo zaintzaileek ez dute ezer egiten hura babesteko.
  • Familia barruko sexu indarkeria dago, abusatzailea etxean bizi da edo haur edo nerabea irisgarri du, eta ez dago bermatuta guraso, tutore edo zaintzaileek egoera berriro gertatzea saihestuko dutenik. 
  • Antzeko beste egoera batzuk. 

Era berean, Balora tresnaren arabera, kasuak premiaz bideratu ahal izango dira AFAra, babesgabetasun handiko edo oso handiko egoeraren susmo sendoak egonik, egoera hori baliozkotzea zailtzen duten inguruabarrak daudenean eta haur edo nerabearen osotasun fisikorako berehalako arrisku egoera aurreikustarazten duten elementuak daudenean, baliozkotze prozesuan aurrera egin ahal izan gabe. Kasu horietan, UGZek bideratze txostenean justifikatuko dute egoera berezi hori. Ondoren, UGZk eta AFAk baloratzeko eta esku hartzeko prozesuekin jarraitzeko estrategia adostuko dute.