3.5. Kasuak bideratzea eta koordinazioa udaleko gizarte zerbitzuen artean eta udaleko gizarte zerbitzuen eta adingabeen eta familiaren arloaren artean

1.2. Bideratze motak: premiazkoa, lehentasunezkoa eta arrunta

Erakundeen artean kasuak bideratzean (UGZetatik AFAra edo alderantziz), premiazko erantzuna, lehentasunezkoa edo arrunta behar duten egoerak bereiziko dira. Lehenengo bi kasuetan, erakunde bideratzailearen ustez, atzerapenik gabe jardun behar du helmuga erakundeak. 

Premiazko erantzuna haur edo nerabearen oinarrizko osasuna edo osotasuna arrisku larrian egon daitezkeela balioesten denean esleitu behar da; beraz, erantzunak berehalakoa izan behar du, inolako itxaronaldirik gabe.  Bideratzean argi eta garbi zehaztu beharko dira zer elementurengatik eman behar den erantzun mota hori.

Lehentasunezko erantzuna esleituko da berehalako premiazko erantzuna behar ez duten baina tartean egoera bereziki zaurgarrian dauden haur eta nerabeak daudenean, eta bereziki garrantzitsua denean ahalik eta azkarren esku hartzea, besteak beste, egoera larriagotu ez dadin edo premiazko bihurtu ez dadin.  Adibidez, honako hauek sartzen dira: adin txikiko haur edo nerabea, desgaitasunen bat duena, bilakaera negatibo progresiboa duena, aurretiazko babesgabetasun larriaren historia edo beste biktimizazio mota bat duena, komunitatean ikusgarritasun mugatua duena edo isolamendu egoeran dagoena, bizilekuaren maizko aldaketen historia duena, edo beste zaurgarritasun faktore batzuk dituena.

Gainerako bideratzeetan, erantzun arrunta espero dela ulertuko da; nolanahi ere, ahalik eta azkarren hasi eta osatu beharko da, betiere eskuliburu honetan ezarritako gehieneko epeen barruan.