Adingabeen eta Familiaren Arloaren antolaketa, barne funtzionamendua eta organo erabakitzaileak

1.3. Familia Harrera eta Adopzioetako Atala (FHAA)

Atalaren eginkizunak dira: 

- Kasua koordinatzea, babes espedientea duten eta egoera hauetan dauden haur edo nerabeen kasuan:  

  • Sei hilabetetik gorako familia harrerara bideratutako kasu plana dute, eta legezko babes neurri hartua. 
  • Sei urte edo gutxiago dituzte, eta haien kasu plan egokia sei hilabete baino gehiagoko familia harrerara dago bideratuta.  Haur edo nerabe horiekiko esku-hartzea FHAAk koordinatuko du, kasu plana onesten den unean harrera familia egon ala ez. Haur edo nerabeek zazpi urte betetzen dituztenean, egoitza harreran badaude, harrera familia baten zain, eta harrera familiarik egongo dela aurreikusten ez bada, EHAk hartuko du bere gain kasuaren koordinazioa. 
  • Sei hilabete baino gehiagoz egon dira familia harreran, eta jatorrizko familiara itzuli dira. FHAA arduratuko da kasuaren koordinazioaz, gehienez ere sei hilabetez. Sei hilabete horiek igarotakoan, haur edo nerabearentzat arrisku larriko egoera bat dagoela balioesten bada oraindik ere, esku-hartzea FBEAk koordinatuko du. Salbuespen izango dira une horretan (berriro elkartu osteko jarraipenaren amaieran) 17 urte eta 6 hilabete bete dituzten nerabeen kasuak; FHAAn mantenduko dira.   
  • Adopzioa helburu duen zaintzara bideratutako kasu plana dute, edo kasu plan egokia adopziorako zaintzara dago bideratuta.

- Atzerritar adingabeak Arabako Lurralde Historikora aldi batez lekualdatzeko programa humanitarioei buruzko txosten teknikoak egitea, eta pertsona fisiko edo juridiko sustatzaileek beren gain hartutako betebeharren jarraipena egitea, Atzerritar adingabeak Euskal Autonomia Erkidegora aldi batez lekualdatzeko xedea duten izaera humanitarioko programei buruzko abenduaren 26ko 188/2018 Dekretuan xedatutakoaren arabera. 

- Familia harreran laguntzeko programaren (FAHLP), adoptatzen laguntzeko programaren (ProAdop), laguntza psikologikoko programaren eta Bisiten Unitatearen zerbitzuaren esku-hartze teknikoaren alderdi guztiak gainbegiratzea.  AFAko beste atalei laguntza teknikoa ematea programa horiekin lotutako prozesu eta egitekoei dagokienez, bai eta familia harrerarekin edo adopzioarekin ere, hala eskatzen dutenean.  

- Familia harrera eta adopzioa sustatzea herritar guztien artean eta, bereziki, pertsona interesdunen artean, bi figura horien modalitate guztiei buruzko informazio egokia emanda. 

- Premia bereziak dituzten haur edo nerabeentzako formulak eta adopzio irekia azpimarratzea. 

- Familia harrera eta adopzioa ezartzeko eta jatorria bilatzeko bilaketa, informazio, prestakuntza, balorazio eta hautaketa prozesuak zuzentzea. 

- Informazioa ematea jaioberriak adopzioan borondatez emateko prozeduran interesa duten pertsonei.  

- Indarrean dagoen araudiak esleitutako izapideak gauzatzea nazioarteko adopziorako espedienteetan. 

- Erantzuna ematea Arabako Lurralde Historikoan bizi diren familiak harrerarako egokiak ote diren baloratzeko eta familia harrerarako edo adopziorako pertsona edo familia egokiak bilatzeko beste lurralde historiko, autonomia erkidego edo herrialde batzuek egindako eskaerei.