1.6. Kasuistika bereziak kasuaren koordinazioari dagokionez - haurtzaroeskuliburua
Adingabeen eta Familiaren Arloaren antolaketa, barne funtzionamendua eta organo erabakitzaileak
1.6. Kasuistika bereziak kasuaren koordinazioari dagokionez
Jarraian aurkezten diren jarduketa irizpideak ez dira oztopo izango kasuistika—beti askotarikoa eta konplexua— dela-eta zenbait kasu banaka aztertzeko eta, batzuetan, oro har ezarritako irizpideekin bat ez datozen baina egokiagoak izan daitezkeen erabakiak hartzeko.
Elementu bereziak dituzten kasuak taldeko arduradun teknikoek ebatziko dituzte, eta kasuaren koordinazioa esleitzeko erabaki aproposak hartuko dituzte horiek.
Kasuistika bereziak:
- Babes neurri desberdinak dituzten anai-arrebak
- Behin betiko banantzera eta emantzipaziorako prestakuntzara bideratuta dagoen 17 urteko anai-arreba bat eta familia babesean edo familia harreran dagoen beste batzuk dituzten familiak
- Babes espedientea duten 17 urte eta sei hilabetetik gorako nerabeak
- Zaintza familia zabalera edo hurbileko beste batera eskuordetzea, harrerarako egokitasuna baloratu arte
- Zaintza guraso ahalaren edo tutoretza arruntaren titularretako baten alde eskuordetzea behin-behinean
- AFAn artatu eta itxi ondoren berriz ireki diren espedienteak
- Egoitza baliabidea aldatzea
Babes neurri desberdinak dituzten anai-arrebak
Babes espedientea irekita duten eta neurri desberdinetan dauden anai-arrebak daudenean, ahaleginak egingo dira atal berak eta teknikari berak koordina ditzan. Horretarako, irizpide hauei jarraituko zaie —malguak dira kasu bakoitzaren berezitasunen eta tartean diren ataletako taldeko arduradun teknikoek iritz dezaketenaren arabera—:
- Dagokionaren arabera, FHAAk edo EHAk koordinatuko dituzte, hurrenez hurren, jatorrizko familian bizi diren haur edo nerabeak dituzten eta, aldi berean, sei hilabetetik gorako egonaldi aurreikusiarekin familia edo egoitza harreran dauden anai-arrebaren bat duten familiak.
- Familia harrerara bideratutako kasu plan egokia duten haur edo nerabeak dituzten eta, aldi berean, egoitza harreran dauden haur edo nerabeak dituzten familiak hauek koordinatuko dituzte:
- FHAAk, familia harrerara bideratutako haur edo nerabeak 6 urte edo gutxiago baditu, harrera familiarik egon ala ez.
- EHAk, familia harrerara bideratutako haur edo nerabeak 7 urte edo gehiago baditu, harrera familiarik ez dagoelako egoitza harreran badago, eta epe laburrean harrera familiarik egongo ez dela aurreikusten bada. - Jatorrizko familian bizi diren haur edo nerabeak, familia harreran daudenak eta egoitza harreran daudenak dituzten familiak hauek koordinatuko dituzte:
- FHAAk, haur edo nerabe gazteena familia harreran badago, edo 6 urte edo gutxiago baditu eta haren kasu plan egokia familia harrerara bideratuta badago, harrera familiarik egon ala ez.
- EHAk, haur edo nerabe gazteena egoitza harreran badago, edo 7 urte edo gehiago baditu, haren kasu plan egokia familia harrerara bideratuta badago, ez badago harrera familiarik eta epe laburrera egongo denik aurreikusten ez bada. - Salbuespen gisa, haur edo nerabe bat adopzioa helburu duen zaintzan dagoenean —edo aldi baterako familia harreran, adopziorako egoki moduan baloratu den familia batean—, haren gurasoen kokapena ezezaguna denean, bisita araubiderik edo antzekorik ez duenean, eta, beraz, haren espedientea FHAAk koordinatzen duenean, beste egoera batean (familia harreran, jatorrizko familiarekin edo egoitza harreran) dagoen anai-arrebarik badu, azken horien espedienteak arestiko apartatuetan zehaztutako irizpideen arabera dagokion atalak koordinatuko ditu. Adopzio irekira bideratutako kasuetan, haur edo nerabea anai-arrebekin harremanetan badago, kasu koordinatzaileak arduratuko dira koordinazioaz.
Behin betiko banantzera eta emantzipaziorako prestakuntzara bideratuta dagoen 17 urteko anai-arreba bat eta familia babesean edo familia harreran dagoen beste batzuk dituzten familiak
Kasuaren koordinazioa hainbat profesionali esleituko zaie:
- 17 urteko anai-arrebarekin egin behar den esku-hartzea EHAko teknikari batek koordinatuko du.
- Gainerako anai-arrebekin egin behar den esku-hartzea EHA edo FHAAko teknikari batek koordinatuko du, dagokionaren arabera.
Babes espedientea duten 17 urte eta sei hilabetetik gorako nerabeak
JBOAk ikerketa eta hasierako ebaluazioa egin ondoren, kasuaren koordinazioa dagokion atalera bideratuko da, kasu planaren orientazioaren arabera.
Arestian aipatutako kasuan izan ezik, 17 urte eta sei hilabetetik aurrera ez da koordinazio atala aldatuko, kasu planaren orientazioa edo legezko babes neurria aldatu ala ez.
Zaintza familia zabalera edo hurbileko beste batera eskuordetzea, harrerarako egokitasuna baloratu arte
Harrerarako egokitasuna baloratu arte zaintza familia zabalera edo hurbileko beste batera eskuordetzeko proposamenak horretarako ezarritako prozedura teknikoaren arabera egingo dira. AFAko edozein atalek egin ahal izango ditu.
a) Balorazioaren emaitza harrerarako egokia ez dela bada, HNZBTk hala erabakitzen badu eta haur edo nerabea harrera zentro batera joango bada, kasuaren koordinazioa EHAra pasatuko da. Jatorrizko atalak zaintza eskuordetzea baztertu eta haur edo nerabea egoitza zentroan sartzeko dokumentazioa prestatuko du.
b) Harrerarako egokitasunaren balorazioaren emaitza positiboa denean eta HNZBTk hala erabakitzen duenean, kasuaren koordinazioa FHAAra igaroko da. Jatorrizko atalak dagozkion baimenak, familia harreraren ebazpena eta harreragilearekin sinatzen den kontratua prestatuko ditu. Familia harreragilearen kontu-zenbakia ere jasoko du, konpentsazio ekonomikoa egiteko. Kontratu hori sinatzeko unea, sartzen eta ateratzen diren kasuen koordinatzaileak bertan direla, kasuaren atalaren aldaketa formalizatzeko.
Haur edo nerabeak 6 urte edo gutxiago dituenean, jatorrizko unitateak zaintza eskuordetzea eta FAHLPra bideratzea izapidetuko du, harrerarako egokitasuna balora dadin. Momentu horretan, kasua FHAAra helaraziko da.
Zaintza guraso ahalaren edo tutoretza arruntaren titularretako baten alde eskuordetzea behin-behinean
HNLren 198.4 eta 198.5 artikuluetan jasotzen den legez:
4. Nolanahi ere, guraso-ahalaren edo tutoretza arruntaren titularrak bananduta bizi badira eta egiaztatzen bada horietako batek bakarrik betetzen dituela babestua zaintzeko baldintza egokiak, desanparo-egoeraren deklarazioari eutsiko zaio, hargatik eragotzi gabe zaintza behin-behinean eta berehala baldintza horiek betetzen dituenari eskuordetzeko aukera, hark prozesu zibil edo penal baten esparruan edo borondatezko jurisdikzioko espediente batean bidezko akzio judizialak izapidetzen dituen bitartean, desanparo-egoeran dagoela deklaratutako pertsona adingabea zaintzeko eta jagoteko neurriei lotuta. Zaintza eskuordetu aurretik, entzun egin beharko zaio pertsona adingabeari, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada.
5. Kode Zibilaren 158. artikuluaren babesean, foru-aldundiek agintaritza judizialari eskatu ahal izango diote alda ditzala zaintza- eta jagoletza-neurriak eta neurri horien baldintzak guraso-ahalaren edo tutoretza arruntaren titular den pertsona baten alde.
AFAn artatu eta itxi ondoren berriz ireki diren espedienteak
Kasu horietan, espedientea itxi zenetik hamabi hilabete baino gutxiago igaro badira, azken koordinatzaileak eta atalak koordinatuko dute kasua. Ostera, hamabi hilabete baino gehiago igaro badira, JBOAri dagokio koordinatzea.
Egoitza baliabidea aldatzea
Egoitza baliabidea aldatzen bada eta, horregatik, erreferentziazko kasu koordinatzailea aldatu bada, koordinatzaile bera mantendu ahal izango da aldi baterako, egoerak dela-eta hala behar bada (esaterako, ziurgabetasuna aldaketaren iraupenaren inguruan, egoera iragankorra, espedientea laster ixteko aurreikuspena).