Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

3.5. Gurasoen gaikuntzarako pronostikoa

3.5.1.    Irizpide orokorrak 

Ebaluazioan jasotako informazioan oinarrituta, gurasoen gaitasunaren pronostikoa zehaztuko da (hau da, guraso, tutore edo zaintzaileak haur edo nerabearen premiei behar bezala erantzuteko eta haien segurtasuna eta ongizatea ziurtatzeko gai izatea lortzeko aukerak), eta horretarako beharrezkoak izan daitezkeen epeak ezarriko dira. Hori zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
 

Gurasoen gaikuntzaren pronostikoa bideratzeko irizpideak
  • Guraso, tutore eta zaintzaileak arazoaz jabetzea eta aldatzeko motibazioa lortzea 
    Arazoaz behar bezala jabetzea eta aldatzeko motibazioa lortzea izan ohi da gizarte zerbitzuen esku-hartzearen hasierako helburua, gurasoen gaikuntzarako ezinbesteko baldintzak direlako.  
  • Aurreko esku-hartzeetan emandako erantzuna
    Aurreko esku-hartzeetan erantzun eskasa edo negatiboa eman izana edo lankidetza aktiborik ez izana kontrako pronostikoarekin lotzen dira
  • Babesgabetasunaren larritasuna eta kronikotasuna 
    Gaikuntzarako pronostikoa zailagoa da babesgabetasunaren larritasuna eta kronikotasuna handiagoak diren heinean.
  • Familiaren problematikaren kronikotasuna 
    Familiaren problematika kronikoagoa den heinean, gaikuntzarako pronostikoa zailagoa da. Kasu ez-kronikoek, non babesgabetasuna familia krisi baten ondorio edo isla den, pronostiko hobea dute. 
  • Haur edo nerabearen arazoen larritasuna 
    Haur edo nerabeak jokabide antisoziala edo kriminala dela-eta arazo larriak dituenean (kopuruari eta intentsitateari dagokienez), zailagoa da gurasoak gaitzeko pronostikoa egitea. 
  • Gurasoen ezgaitasun maila
    Guraso, tutore edo zaintzaileek zenbat eta ezgaitasun pertsonal handiagoa izan, orduan eta zailtasun handiagoak izango dituzte gaikuntzan. Zenbait ezgaikuntza mota (esaterako, pronostiko negatiboa duten trastorno psikiatrikoak edo toxikomaniek edo alkoholismoak eragindako arazo luze eta bilakaera negatibodunak), kontrako pronostikoarekin daude lotuta.  
  • Familiak babesgabetasunari dagokionez dituen arazoak zein mailatan alda daitezkeen.
  • Familia barruko indarkeriaren maila
    Indarkeria intentsitate handikoa denean eta kontrolik gabe gertatzen denean, familiek zailtasun gehiago dituzte gaikuntzan.
  • Guraso eta seme-alaben arteko lotura 
    Guraso, tutore edo zaintzaileen lotura afektiborik eza kontrako pronostikoaren faktorea da gaikuntza prozesuetarako.

3.5.2.    Pronostiko mailak 

Aurreko informazioaren arabera, pronostiko maila hauek bereiziko dira:

  1. Aldeko pronostikoa – Hainbat elementu direla-eta, ezarritako epean bideragarria eta errealista da gurasoak osorik edo behar bezain beste gaitzea lortzea.
  2. Kontrako pronostrikoa – Hainbat elementu direla-eta, ezarritako epean ez da oso bideragarria edo erraza gurasoak osorik edo behar bezain beste gaitzea lortzea.
  3. Pronostiko negatiboa – Ondorioztatzen da ezarritako epean ez dagoela aukerarik gurasoak behar bezain beste gaitzea lortzeko.