Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

4.6. Kasu planaren edukia

Kasu planean, babes espedientea irekita duten haur eta nerabe guztiekin egin behar den esku-hartzeari buruz AFAk hartu dituen erabaki nagusiak jasotzen dira. Lan analitikoa eta ikuspegi orokorra errazteko xedea duten erabaki multzo ordenatu batean egituratzen da. Hala, erabaki batzuk beste batzuetan oinarritu daitezke.  Lehenengo kasu plana hasierako ebaluazioa amaitu ostean diseinatuko da, eta gauzatzen den bitartean berrikusiko da.  

Kasu planaren eduki zehatza proposatutako legezko babes neurriaren arabera egokitu beharko da. Informazio hau jaso beharko du: 

Hasierako kasu plana
  1. Plana egin duen atala eta kasu koordinatzailea
  2. Haur edo nerabea eta familia identifikatzeko datuak 
  3.  Balorazio diagnostikoa 
  4. Aurretik hartutako legezko babes neurriak eta/edo neurri judizialak
  5. Kasu planaren diseinuan parte hartzen duten zerbitzuak 
  6. Esku-hartzearen helburua 
  7. Haur edo nerabeari eta haren familiari dagokionez ezarritako helburuak eta epeak
  8. Legezko babes neurriak eta gauzatzeko modua 
  9. Erabiliko diren zerbitzuak eta baliabideak, hartzaileak eta aurreikusitako iraupena
  10. Plan egokia
  11. Kontingentzia plana
  12. Familiak eta haur edo nerabeak kasu planaren proposamenari emango dioten erantzun aurreikusia; hala badagokio, jada ezarritako akordioak eta konpromisoak  
  13.  Plana abian jartzeaz arduratzen den AFAko atala
  14. Plana berrikusteko epea

 

 

1.     Plana egin duen atala eta kasu koordinatzailea 

  • Kasuaren koordinazioaz arduratzen den teknikaria eta atala 

 

 

2.    Haur edo nerabea eta familia identifikatzeko datuak 

  • Haur edo nerabea identifikatzeko datuak:

o    Espediente zenbakia, haur edo nerabearen izen-abizenak, NAN/AIZ, jaiotze data, generoa, egungo bizikidetza nukleoa, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa 
o    Desgaitasuna (mota, ehunekoa, gradua) eta mendekotasuna (maila)
o    Eskolatzea: ikastetxea, ikasturtea 

  • Familia identifikatzeko datuak

o    Familiaren osaera: izen-abizenak, haur edo nerabearekiko ahaidetasuna, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa
o    Beste senide eta pertsona garrantzitsu batzuk: izen-abizenak, haur edo nerabearekiko harremana, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa 

  • Babes espediente irekia duten anai-arrebak; alderdi/ezaugarri partekatuak

 

 

3.    Balorazio diagnostikoa 

  • Espedientearen irekiera data eta arrazoia (babesgabetasun motak eta larritasuna barne)
  • UGZren eta AFAren esku-hartze prozesuari buruzko informazio esanguratsuenaren laburpena, kronologikoki ordenatuta: egindako jarduketak, kasuaren bilakaera eta lortutako emaitzak. 
  • Guraso, tutore edo zaintzaileen jarrera eta lankidetza maila.
  • Haur edo nerabearen eta familiaren egungo egoeraren laburpena (hasierako ebaluazioaren gidoiari jarraikiz), pronostikoa. 
Atal honetan, kasu zehatzean planteatzen den esku hartzeko proposamenerako informazio garrantzitsua emango dugu. Ez ditu zortzi alde baino gehiago izango. Informazioa modu sintetikoan azalduko da, balorazio profesionala islatuko da eta errepikapenak saihestuko dira. Ez dire deskribapen oso zehatzak egingo, salbu eta kasua ulertzeko eta baloratzeko ezinbestekoak diren gaien kasuan. Espedientean jasotako txosten osagarrietara jo ahal izango da informazio gehiago edo xehetasunak lortzeko. 

 

 

4.    Aurretik hartutako legezko babes neurriak eta/edo neurri judizialak

  • Hartutako neurriak, administrazio ebazpenen zenbakia eta data
  • Aribideko baliabide juridikoak

 

 

5.    Kasu planaren diseinuan parte hartzen duten zerbitzuak

Kasu planean, hura diseinatzen modu esanguratsuan lagundu duten zerbitzuak jasoko dira, eta bereziki aipatuko dira UGZk
 
 

 

 

6.    Esku-hartzearen helburua 

Esku-hartzearen helburuak haur edo nerabearekiko esku-hartzearen azken xedea definitzen du. Horri esker, ahalegin guztiek (bai AFA eta UGZrenak, bai familiarenak, bai esku hartzen duten gainerako eragile eta zerbitzuenak) ondo definitutako zentzua izango dute, eta norabide bererantz zuzenduko dira.  Helburua zehazteke: esku-hartzeko balorazioa” kasuetan ere kasu plana beteko da

Haur edo nerabearentzako neurri egonkorraren erabakia ahalik eta eperik laburrenean hartu behar dela dioen jarduketa printzipioarekin bat, kasu planaren helburuak egonkorra izan beharko luke edo aldaketa gutxi izan beharko lituzke esku-hartzean zehar.  Kasu planaren helburua aldatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da azken xedea lortzea ezinezkoa dela edo, haur edo nerabearen interesaren aurkakoa delako, helburu horrekin jarraitzea ez dela egokia egiaztatzea. 

Ezinezkoa da haur edo nerabe bat hainbat helburutan sartzea aldi berean, xede orokorrak bateraezinak direlako. Hala ere, ondoz ondo sar daiteke helburu desberdinetan. Esate baterako, familia berriro elkartzean nahi diren emaitzak lortzen ez badira, kasu plana aldatu egin beharko da, eta haur edo nerabea modu iraunkorrean edo behin betiko banantzera bideratu, familia berrian integratuta, edo, bestela, behin betiko banantzera eta emantzipaziorako prestakuntzara.

Kasu planaren helburu hauek bereizten dira AFAn:

  1. Helburua zehazteke: esku-hartzeko balorazioa
  2. Familia babestea – Gurasoen gaikuntza
  3. Familia babestea – Familia osagarria 
  4. Familia babestea – Haur edo nerabearentzako laguntza espezifikoa
  5. Familia berriro elkartzea 
  6. Bizikidetza ingurune alternatibo egonkorrean integratzea – Jatorrizko familiarekin kontaktuan 
  7. Bizikidetza ingurune alternatibo egonkorrean integratzea – Jatorrizko familiarekin kontakturik gabe 
  8. Adopzioa - Jatorrizko familiarekin kontaktuan
  9. Adopzioa - Jatorrizko familiarekin kontakturik gabe
  10. Emantzipaziorako prestatzea 
  11. Desgaitasun larria duten pertsonak modu egonkorrean integratzea egoitza ingurune espezifikoetan
  12. Bizitza independenterako laguntza
  13.  Adin-nagusitasun-osteko familia-harrera laguntza
     
Esku-hartzearen helburua  Aplikazioa eta helburuak 


 Zehazteke:esku-hartzeko balorazioa 

(gehienezko iraupena: sei hilabete)

Ikusi

Familia babestea

Gurasoen gaikuntza 1
(batez besteko iraupena: bi urte; baina kasu batzuetan lau urte izan daitezke beharrezkoak)


Aldatzeko gai izan daitezkeen eta euren rola behar bezala betetzeko gaitasuna duten guraso, tutore edo zaintzaileak dituzten haur edo nerabeei zuzendua. Rol hori betetzea eragozten edo zailtzen dieten zailtasunak laguntza zerbitzuekin konpon daitezke, eta zerbitzu horiek eman daitezke.  Aukera egokiena haur edo nerabea familia ingurunean mantentzea eta ez banantzea dela irizten da. 

Helburuak:

  1. Guraso, tutore edo zaintzaileak euren rola behar bezala betetzeko gaitzea.
  2. Babesgabetasun egoerarekin amaitzea edo horren larritasuna murriztea, familia unitatea mantentzea, familiak haur edo nerabearen oinarrizko premiak asetzen dituela bermatzea, eta babesgabetasuna etorkizunean berriro agertzeko arriskua ezabatzea edo murriztea.
  3. Babesgabetasunak eta bestelako egoera kaltegarriek haur edo nerabeari eragin dioten kaltea konpontzea eta hari baliabide erresilienteak ematea.
Familia osagarria

(iraupena: ahalik eta laburrena)


Haur edo nerabearen oinarrizko premia zehatz bati edo batzuei dagokienez gaikuntza ematea ezinezkoa dela egiaztatu ostean zuzeneko edo zeharkako arreta eman behar zaien guraso, tutore edo zaintzaileak dituzten familiei zuzendua (adibidez, ikastetxera joatea, medikuaren pautak jarraitzea, tratamendu espezializatuetara joatea).  Aukera egokiena haur edo nerabea familian mantentzea eta ez banantzea dela irizten da 2

Helburuak:

  1. Guraso, tutore edo zaintzaileen osagarri izatea behar bezala bete ezin dituzten eginkizunetan, esku-hartze asistentzial baten bidez. 
  2. Babesgabetasun egoerarekin amaitzea eta familia unitatea mantentzea.
  3. Haur edo nerabearen oinarrizko premiak asetzen direla bermatzea.
  4. Haur edo nerabeari eta familiari laguntzeko sare normalizatu bat sortzea, guraso figuren osagarri gisa eta haur edo nerabearen ongizatea modu egonkorrean bermatzeko.

Haur edo nerabearentzako laguntza espezifikoa


(iraupena: mugarik ez)

Kasu hauetarako da: haur edo nerabearen guraso, tutore edo zaintzaileek ez dute gizarte zerbitzuen gaikuntzarako esku-hartzea onartzen, ezin izan da beharrezko elkarlana lortu, edo esku-hartzea onartuta ez dira nahi ziren emaitzak lortu eta ez da posible edo ez da egokitzat jotzen esku-hartzearen ildo horrekin jarraitzea. Hala eta guztiz ere, haur edo nerabea familia ingurunean mantentzea aukera egokia edo bakarra dela balioesten da. Guraso, tutore edo zaintzaileek eta haur edo nerabeak esku-hartzea onartzen dute 3.

Helburuak:

  1. Familian haur edo nerabearen oinarrizko premiak asetzen direla bermatzea.
  2. Babesgabetasun egoerak eta bestelako egoera kaltegarriek haur edo nerabeari eragin dioten kaltea konpontzea.
  3. Haur edo nerabeari baliabide erresilienteak ematea eta haren laguntza sare formala eta informala indartzea.
  4. 14 urtetik gorako nerabeei, beren burua zaintzeko eta helduaroan autonomia izateko gaitasunak eta trebetasunak ematea. 
  5. Guraso, tutore edo zaintzaileek euren rolean ahalik eta inplikazio handiena izan dezaten laguntzea, orientatzea eta bultzatzea. 
  6. Haur edo nerabeari eta familiari laguntzeko sare normalizatu bat sortzea, guraso figuren osagarri gisa eta haur edo nerabearen ongizatea modu egonkorrean bermatzeko
     

 

Familia berriro elkartzea

Babes neurri moduan familiarengandik banandu dituzten haur edo nerabeei zuzendua, guraso, tutore edo zaintzaileak aldatzeko gai izan daitezkeela eta euren rola behar bezala betetzeko gaitasunak dituztela baloratzen denean. Kasuaren balorazioa egin ostean, ondorioztatzen da rol hori betetzea eragozten edo zailtzen dieten zailtasunak laguntza zerbitzuekin konpontzeko modukoak izan daitezkeela eta zerbitzu horiek eman daitezkeela.  Kanpoan geratzen dira, hortaz, gurasoen gaikuntzarako pronostiko negatiboa duten kasuak. Haur edo nerabearentzako aukera egokia familia berriz elkartzea dela irizten da. 

Helburu orokorrak:

  1. Haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta segurtasuna bermatzea, familia ingurunetik aldi baterako bananduta.
  2. Guraso, tutore edo zaintzaileei euren rola behar bezala betetzeko gaitasunak eta trebetasunak ematea. 
  3. Jatorrizko familiak zer baldintza bete behar dituen zehaztea, ahalik eta lasterren itzul dadin behin betiko.
  4. Egoera etorkizunean berriro gertatzeko arriskua ezabatzea edo murriztea. 
  5. Babesgabetasunak eta bestelako egoera kaltegarriek haur edo nerabeari eragin dioten kaltea konpontzea eta hari baliabide erresilienteak ematea. 
  6. Familiari eta haur edo nerabeari laguntzeko sareak indartzea
     

 

Bizikidetza ingurune alternatibo egonkorrean integratzea

  • jatorrizko familiarekin kontaktuan
  • jatorrizko familiarekin kontakturik gabe

Egoera hauetan dauden haur edo nerabeei zuzendua: (1) jatorrizko familiatik modu iraunkorrean (bi urtetik gora) banandu dira, eta ez dago berriro elkartzeko aurreikuspenik 4, edo (2) behin betiko banandu dira, familia berriz elkartzea baztertu da, eta bizikidetza ingurune alternatibo egonkor batean integratzea nahi da, adopzioa alde batera utzita. 

Helburu orokorrak:

  1. Haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta segurtasuna bermatzea, familia ingurunetik modu iraunkorrean edo behin betiko bananduta.
  2. Haur edo nerabea bizikidetza ingurune alternatibo egonkor batean integra dadin bultzatzea —6 urtetik beherako haurrentzat familia-ingurunea izango da ezinbestez—. 
  3. Babesgabetasunak eta bestelako egoera kaltegarriek haur edo nerabeari eragin dioten kaltea konpontzea eta hari baliabide erresilienteak ematea. 
  4. Jatorrizko familiarekin kontaktua dagoenean, harremana eta lotura afektiboak zaintzea eta indartzea. 
     
Adopzioa 
  • jatorrizko familiarekin kontaktuan
  • jatorrizko familiarekin kontakturik gabe


Behin betiko banandu diren haur eta nerabeei zuzendua, familia berriz elkartzea baztertu, eta haiek adopzio bidez bizikidetza ingurune alternatibo egonkor batean integratzea lortu nahi denean. 

Helburu orokorrak:

  1. Haur edo nerabearen oinarrizko osasuna eta segurtasuna bermatzea, familia ingurunetik behin betiko bananduta.
  2. Haur edo nerabeak familia adoptatzailearekin lotura egokia izan dezan eta ondo integra dadin bultzatzea. 
  3. Babesgabetasunak eta bestelako egoera kaltegarriek haur edo nerabeari eragin dioten kaltea konpontzea eta hari baliabide erresilienteak ematea. 
  4. Jatorrizko familiarekin kontaktua dagoenean, harremana eta lotura afektiboak zaintzea eta indartzea. 
Emantzipaziorako prestatzea 5

Behin betiko banantze neurria duten 14 urtetik gorako nerabeei zuzendua, familia berriro elkartzea baztertuta, (1) egoitza harreran badaude, ezin izan badute eta ezin izango badute familia alternatibo batean integratu, eta ez badute jatorrizko familiaren laguntzarik izango adin nagusitasunera iristen direnean, edo laguntza hori oso mugatua izango bada, edo (2) familia harreran badaude, eta ez badute jatorrizko familiaren edo familia harreragilearen laguntzarik izango adin nagusitasunera iristen direnean, edo laguntza hori oso mugatua izango bada.

Helburu orokorrak:

  1. Guraso eginkizunak modu subsidiarioan betetzea.
  2. Babesgabetasunak eta bestelako egoera kaltegarriek haur edo nerabeari eragin dioten kaltea konpontzea eta hari baliabide erresilienteak ematea.
  3. Haur edo nerabeari bizitza independentea garatzeko beharrezko trebetasunak ematea.
  4. Emantzipaziorako ibilbidea diseinatzea.
  5. Banakako eta laneratzeko prestakuntza plana mugatzea.
  6. Jatorrizko familiarekin dituen lotura afektiboak zaintzea eta indartzea, haur edo nerabearen interes gorenari erantzuten diotenean.
  7. Haur edo nerabearen laguntza sareak indartzea. 
Desgaitasun larria duten pertsonak modu egonkorrean integratzea egoitza ingurune espezifikoetan

Behin betiko banantze neurria eta desgaitasun larriak dituzten 14 urtetik gorako nerabeei zuzendua, familia alternatibo batean integratu ezin izan badira edo integratu ezin izango badira, eta adin nagusitasunera iristean jatorrizko familiaren laguntza izango ez badute edo laguntza hori oso mugatua izango bada.  

Helburu orokorrak:

  1. Guraso eginkizunak modu subsidiarioan betetzea.
  2. Jatorrizko familiarekin dituen lotura afektiboak zaintzea eta indartzea, haur edo nerabearen interes gorenari erantzuten diotenean. 
  3. Haur edo nerabeari bere premia bereziei erantzuten dien egoitza ingurunea ematea, adin nagusitasunera iritsi ondoren bertan integra dadin.
Bizitza independenterako laguntza 

16 urtetik aurrera babes sistema utzi eta jatorrizko familiara itzultzen diren, bertan mantentzen diren edo bizimodu independentea hasten duten gazteei aholkularitza eta laguntza ematera zuzendua, haien familiak eta eskura dituzten laguntza normalizatuak ez direnean nahikoak haien premiak asebetzeko eta bizitza autonomoa izateko laguntza gehigarria behar dutenean. Laguntza hori 19 urte eta sei hilabetera arte eman ahal izango da. Programa horietan borondatez eta partaidetza aktiboko eta aprobetxamenduko konpromisoa hartu izanaren arabera hartuko da parte.

Adin-nagusitasun-osteko familia-harrera laguntza

Familia-harreran dauden eta adin-nagusitasuna bete duten gazteei zuzendutako laguntza da, harrera-familian jarraitzeko aukera sustatzeko helburuarekin. Laguntza mota hori 19 urte eta sei hilabete bete arte eman ahal izango da. Programa honetan parte hartzea borondatezkoa izango da, eta eskatzaileak parte-hartze aktiboa izateko eta programa behar bezala aprobetxatzeko konpromisoa hartu beharko du.

 

 

7.    Haur edo nerabeari eta haren familiari dagokionez ezarritako helburuak eta epeak

Kasu planak haur edo nerabearekin, familiarekin eta, hala badagokio, haren ingurunearekin lortu nahi diren jomugak jaso beharko ditu —esku-hartzerako ezarritako helburutik abiatuta zehaztuko dira—, baita horiek lortzeko ezarritako epeak ere.

Esku-hartzearen helburuak adieraztea oso garrantzitsua da; izan ere, besteak beste:

  1. Esku-hartzearen plangintza eta garapenaren ardatza helburu horiek lortzea izan behar da.
  2. Helburuek zehaztuko dute haur edo nerabeari eta familiari zer laguntza baliabide edo zerbitzu eman behar zaizkien.
  3. Helburuak esku-hartzearen jarraipena egiteko eta emaitzak baloratzeko erabili behar dira.
  4. Planteatutako helburuak lortu diren ala ez aldian-aldian ebaluatu behar da, eta kasu planean egin daitezkeen aldaketak ebaluazio horretan oinarritu behar dira.

Kasu planean esku-hartzearen helburu orokorrak zehaztuko dira eskuarki, eta esku-hartzea garatuko duten zerbitzuak helburuoi jarraituko die (esaterako, familia eremuan esku hartzeko programa, familia harreran laguntzeko programa, egoitza zentroak). Zerbitzu horiek helburu espezifikoak zehaztu beharko dituzte helburu orokorren barruan, horiei nola heldu sekuentziatu, eta horiek lortzeko jarraitu beharreko prozedura zehaztu beharko dute.  Orobat, esku-hartzean zehar, AFAk zehaztutako helburu orokorrak aldatzeko proposatu ahal izango dute, beharrezkotzat edo komenigarritzat joz gero, bai eta jorratu behar diren helburu espezifikoak eta horien sekuentziazioa aldatzeko ere.   

 

 

8.    Legezko babes neurriak eta gauzatzeko modua 

Legezko babes neurria proposatuz gero, alderdi hauek zehaztuko dira:

  • Legezko neurri mota: arrisku adierazpena, zaintza (hainbat modalitatetan), babesgabezia adierazpena eta tutoretza 
  • Banantzeak zenbat iraungo duen (aurreikuspena)
  • Gauzatzeko modua: familia harrera (modalitate guztietan), egoitza harrera (modalitate guztietan), zaintza eskuordetzea (modalitate guztietan), adopzio proposamena 
  • Aplikatzeko baldintza zehatzak: iraupena, kokapen geografikoa, familiak edo haur edo nerabea hartzen duen zentroak haren premia espezifikoei erantzuteko izan behar dituen ezaugarriak. 
  • Haur edo nerabearen bisita, harreman eta komunikazio araubidea jatorrizko familiarekin edo hurbileko pertsonekin (bisitekin edo bisitarik gabe, maiztasuna, kanpoko gainbegiralerik dagoen, etab.)6.
  • Proposatu beharreko baliabide juridikoak (adopzio proposamena, guraso ahala kentzea, emantzipazioa, tutoretza arrunta, adingabeen aurkako delituak salatzea, guraso eta seme-alaben arteko neurriak aldatzea).

Legezko babes neurriak eta horiek gauzatzeko moduak proposatzeko, horretarako ezarritako irizpide teknikoei jarraituko zaie. 

Edozein izapide hasi aurretik, proposamen orok taldeko arduradun teknikoaren oniritzia izan beharko du —eta, hala badagokio, HNZBTren erabakia—.

FAHLPrekin premiazko harrera familiarik eta beste harrera familiarik dagoen kontsultatzeko, horretarako eskuragarri dauden inprimakiak erabiliko dira.  Jatorrizko familiarekin kontakturik gabeko adopzio proposamenetan, familia adoptatzailearen ezaugarri egokiez gain, bizilekua on duen ere zehaztu beharko da. 

 

 

9.    Erabiliko diren zerbitzuak eta baliabideak, hartzaileak eta aurreikusitako iraupena

Babes neurriez gain, aurreikusitako helburuak lortzeko haur edo nerabeari eta/edo familiari zer zerbitzu eta baliabide eman behar zaizkion barne hartu behar du kasu planak, eta, horrez gain, zerbitzu horien hartzaileak nor izango diren eta zer iraupen aurreikusten den zehaztu behar du. Banantzeak eragin traumatikoa edo negatiboa izatea saihesteko esku-hartze espezifikoak sartuko dira. 

Esku-hartzean, ahalik eta gehien erabiliko dira baliabide komunitarioak eta UGZk. Zerbitzu normalizatuek kasuaren beharrei erantzuten ez dietenean soilik erabiliko dira baliabide eta programa espezializatuak. Saihestu egingo da helburu eta esku-hartze plan berberak dituzten hainbat zerbitzuk esku-hartzeak bikoiztea, eta kasu koordinatzaileari dagokio aukeratutako tratamendua lehenestea. 

Modu berean, esku-hartzean inplikatutako instituzioak eta koordinazio eta jarraipen bileren kronograma jasoko da kasu planean —kasu koordinatzailearen ardura da hori—. 

Kasu planean baliabide edo programa espezializatu bat abian jartzea aurreikusten denean, proposamena formalizatu aurretik, kasu koordinatzaileak, inklusio irizpideak betetzen direla egiaztatzeaz gain, baliabidea behar diren baldintzetan dagoen eskuragarri egiaztatu beharko du. Baliabidea eskuragarri ez badago, plan alternatibo bat proposatuko da, baliabide egokia eskuragarri egon arte. Prozedura bera jarraituko da UGZekin, kasu planean udalaren mendeko baliabide bat agertzen denean.

Familiako esku-hartze espezializatuko proposamenetan:

  • Eguneko zentroko gizarte eta hezkuntza programarako eta guraso bakarreko familientzako eta haurdun dauden emakumeentzako egoitza arretako Ondoan programarako, kasu koordinatzaileak AFAn programa horiek kudeatzeaz arduratzen den pertsonarekin kontsultatuko du plazarik dagoen. Behin baieztatuta, proposamena HNZBTri aurkeztu ahal izango zaio. 
  • Familian hezkuntzaren arloko esku-hartzea egiteko programarako, laguntza psikologikoko programarako eta Bisiten Unitatearen zerbitzurako, izapidetzen hasteko ez dago plazarik dagoen kontsultatzeko beharrik. 

Egoitza harrerako proposamenetan: 

Edozein atalek prestatutako kasu planean, haur edo nerabe bat harrera etxe edo zentro batean sartzeko proposamena, edo, bestela, harrera etxea edo zentroa aldatzeko proposamena aurreikusten denean, kasu koordinatzaileak EHAko taldeko arduradun teknikoarekin kontsultatuko du plazarik dagoen. Kontsultan, haur edo nerabearen premia eta inguruabar litekeenez garrantzitsuen berri emango du. Erabakia hartzean, alderdi hauek edukiko dira kontuan:

  • Haur edo nerabearen ezaugarriak eta premia bereziak: adina eta generoa, haren ezaugarriak eta premia bereziak, bai eremu pertsonalekoak, bai familiaren eta gizartearen eremukoak; datorren lekutik zenbateko distantziara egotea komeni zaion; talde berrian egokitzeko dituen aukerak; haren premiak betetzeko behar diren eskola baliabideak, osasun baliabideak eta baliabide komunitarioak, eta abar.
  • Sareko etxeen eta zentroen ezaugarriak: zenbat plaza dauden, zentroaren proiektua noraino egokitzen zaien haur edo nerabearen premiei, hezitzaile taldearen ezaugarriak, zentroan dauden haur eta nerabeen ezaugarriak eta premiak, bizikidetza taldearen ezaugarriak eta egoera, eta abar.
  • Egoitza dispositiboen sarearen egoera orokorra:  okupazio maila orokorra, haur edo nerabeen eta premien hainbanaketa, zentroak berregituratzeko planak, baliabideen itxierak edo baliabide berrien irekierak, eta abar.

Irizpide horiek guztiak hartzen dira kontuan, eta beti ere haur eta nerabeen onura lehenesten da. Horrela hartzen da erabakirik egokiena harrera etxea edo zentroa aukeratzeari buruz. Horretarako, EHAk beti eguneratuta eduki behar du egoitza dispositibo guztien egoera eta funtzionamendua zertan diren zehatz jakiteko informazioa. 

Komeni da haur edo nerabea hartuko duen egoitza etxeari edo zentroari buruzko proposamena bertako zuzendariarekin kontrastatzea, proposamena onetsi aurretik. Horrelako kudeaketak arin egin behar dira; batzuetan nahikoa izango da telefono bidezko elkarrizketa bat. 

Beharrezkotzat jotzen denean, bestelako neurri berezi edo osagarriak proposatzea edo ezartzea komeni den eta horretarako aukerarik dagoen aztertuko da. Hauek izan daitezke neurri horietako batzuk: bizikidetza unitate jakin baten okupazioa ez osatzea lan karga murriztu edo bizikidetzako gatazkakortasun maila jaisteko, etxean edo zentroan baliabide espezifikoak esleitzea, azpiegitura edo ekipamenduaren alderdi jakin batzuk egokitzea, etab.

 

 

10.    Plan egokia

Batzuetan, baliteke haur edo nerabe batek edo familia batek baliabide edo zerbitzu batzuk behar dituela baloratzea, baina, praktikan, horiek ez egotea eskuragarri edo behar diren baldintzetan. Hori gertatzen denean, egokiak izan ez arren bideragarriak diren beste aukera batzuk planteatu beharko dira. Kasu planean jaso beharko da hori. Plan egokia zein den adierazi, eta hura zergatik ezin den gauzatu zehaztu beharko da.

 

 

11.    Kontingentzia plana

Kontingentzia plana porrot egiteko arrisku handia duten kasu planetarako definituko da.  Aurreikusitako helburua lortzen ez denean AFAk nola jardun behar duen definitzen eta aurreratzen du plan horrek. Kontingentzia plan bat definituz gero, AFAk planifikatuta izan behar du, egungo planaren gaineko lanarekin batera, porrot eginez gero abian jarri behar den aukera, eraginpeko haur edo nerabeek itxaroteko beharrik izan ez dezaten eta ziurgabetasunik eta segurtasun ezik senti ez dezaten. Adibidez, bizikidetza nukleo alternatibo egonkor bat izan behar da aurreikusita haur edo nerabearentzat, familia berriro elkartzeko prozesuak huts egiteko arrisku handia dagoen kasuetan. 

 

 

12.    Familiak eta haur edo nerabeak kasu planaren proposamenari emango dioten erantzun aurreikusia; hala badagokio, jada ezarritako akordioak eta konpromisoak 

Guraso, tutore edo zaintzaileek eta haur edo nerabeak proposatutako kasu planari emango dioten erantzuna, haien inguruan ezagutzen dena eta kasu koordinatzailearekin aurrez izandako elkarrizketak oinarri hartuta. 
Kasua bada, guraso, tutore edo zaintzaileekin eta haur edo nerabearekin ezarritako akordioak eta konpromisoak 
Entzunaldiak, egin badira

 

 

13.    Plana abian jartzeaz arduratzen den AFAko atala 

Hala badagokio, kasuaren koordinazioa AFAko beste atal batera eramateko proposamena
 

 

 

14.    Plana berrikusteko epea 
 

 

1 Gurasoen gaikuntzara bideratutako familia-arloko esku-hartze espezializatuko programa batean parte hartzen duten familien ehuneko handi batek – dela zaintzara, dela itzultzera –, programa hori amaitutakoan, Gizarte Segurantzaren mendeko trebakuntza edo laguntza/jarraipen/kontroleko programa ez hain intentsiboek artatzen jarraitu beharko dute, arrisku moderatua, arrisku arina edo babesgabetasunarekiko kalteberatasuna dagoelako.

2 FEan, familia-osagarria helburu duen esku-hartzea asistentziala izango da, eta premia zehatzetara mugatu behar da. Salbuespenez eta ahalik eta eperik laburrenean erabiliko da, eta laguntza naturaleko sareak eta komunitate-zerbitzu normalizatuek familiari laguntzeko funtzioak pixkanaka eta modu egonkorrean bere gain har ditzaten lortzeko lan egingo da. Osatu beharreko premiak anitzak direnean, kasu planaren helburua aldatzea egokia den baloratu beharko da.

3 Helburu hori ezin izango da proposatu babesgabetasunak NNArentzat eduki traumatiko handia dakarrenean, ezta, behar bezala argudiatutako salbuespenetan izan ezik, hamabi urtetik beherakoak direnean ere.

4 Garrantzitsua: Banantze iraunkorrak ez du esan nahi uneren batean familia berriz integratzeko aukerarik ez dagoenik. Birintegrazioaren alternatibak beti egon behar du presente, eta NNAren interes gorenari erantzuten dion guztietan aztertu edo proposatu behar da.

Banantze iraunkor batean gurasoetako baten inguruabarrak aldatzeak birintegrazio-prozesu posible bat planteatzea eragiten badu, dagokion balorazioa egingo da. Balorazio hori esku-hartze labur baten bidez egin ahal izango da – gehienez sei hilabete –, gurasoak inplikatzeko eta gurasoen gaikuntza-prozesu bat gauzatzeko gai izango diren argitzeko. Kasu horietan, Kasu Planaren helburua ez da aldatuko, "Bizikidetza Ingurune Alternatibo Egonkorrean Integratzea" izango baita aurrerantzean ere. Balorazio-prozesua amaitu ondoren, eta emaitzen arabera, kasu-planaren helburua aldatuko da edo ez: "Familia berriz integratzea".

5 Egoitza-harrerako NNArekin, helburu hori edozein egoitza-dispositibotatik landu ahal izango da, ez soilik emantzipaziorako prestatzeko edo laguntzeko zentro espezifikoetatik.

6 179/2018 Dekretua, abenduaren 11koa, jatorrizko familiarekiko bisita-, harreman- eta komunikazio-erregimenari buruzkoa.