Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

4.7. Haur edo nerabeari eta guraso, tutore edo zaintzaileei informazioa ematea, haiek prestatzea eta haien partaidetza kasu plana diseinatu eta gauzatzean

Haur edo nerabearen informazioa, parte-hartzea eta prestakuntza

AFAren esku-hartze prozesu osoan, Kasu Planaren diseinua eta gauzatzea barne, haur eta nerabeak entzuna izateko duen eskubidea aintzat hartuko da, LIAren 26. artikuluan ezarritakoari eta Eskuliburu honetan horri buruz adierazitakoari jarraituz. Eskubide hori gauzatzea nola errazten den modu esplizituan jasota geratu beharko da espedientean

 

Guraso, tutore edo zaintzaileei informazioa ematea, parte hartzea eta prestakuntza

Kasu guztietan, baina bereziki banantze neurri bat hartzea komenigarritzat jotzen denean, haur edo nerabearen gurasoei edo tutoreei informazioa eman beharko zaie, modu ulergarrian eta argian, neurriaren ezaugarriei eta edukiari buruz, bai eta neurri hori formalizatzeko prozedurari buruz ere, neurria zergatik aplikatu behar den uler dezaten eta hura bete eta garatzen lagun dezaten. Haien baldintza eta gaitasunetara, haur edo nerabeari dagokionez dituzten arduretara, kasu planaren helburuetara, neurria gauzatzeko modura eta hura formalizatzeko baldintzetara egokituko da prestakuntza.

Prestakuntzan, orientazio orokorra eta laguntza zehatzagoak emango dira, neurriaren garapenean eta betearazpenean errazago inplika daitezen, aldi baterako jasango dituzten aldaketak uler ditzaten, AFAko profesionalekin eta tartean diren zerbitzuekin elkarlanean aritu daitezen, haur edo nerabearekiko bisita, harreman edo komunikazio araubidea bete dezaten, beste pertsona batzuekin (adibidez, harrera familiarekin) zer-nolako harremanak izan behar dituzten jakin dezaten, kasua bada, eta etorkizunean familia berriro elkartzeko prest egon daitezen.

Gurasoen gaikuntza hobetzeko adostu daitekeen esku-hartzearen osagarria izango da prestakuntza, eta kasu plana familia berriz elkartzera bideratuta egon ala ez emango da.

Arestian aipatutako jarduketak ez dira gauzatuko guraso edo tutoreak non dauden ez dakitenean, ezta, hasiera batean haur edo nerabea banantzea erabaki ondoren, haur edo nerabearen interes gorenari edo proiektatutako legezko babes neurriaren helburuei dagokienez prestakuntza egitea komeni ez dela irizten denean ere.

Haur edo nerabea behin betiko banantzea erabaki bada, esku-hartzearen ardatz gisa, guraso edo tutoreei haur edo nerabea ez itzultzearen inguruko prestaketa eta laguntza emango zaie.