Adingabeen eta Familiaren Arloaren esku-hartzeko faseak arrisku larriko edo babesgabeziako egoeretan 

5.4. Prozedura

Kasu plana gauzatzen den bitartean, kasu koordinatzaileak etengabeko jarraipena egingo die haurraren edo nerabearen (edo gaztearen, adin nagusitasunera iritsi bada), jatorrizko familien eta zaintzailearen (kasua bada) egoerari eta planaren garapenari, aurreikusitako moduan gauzatzen ari den eta zer emaitza izaten ari den zehazteko. Horretarako:

  • Haur edo nerabearekin eta jatorrizko familiarekin:

-    Elkarrizketa eta kontaktu pertsonalak izango ditu, hala eskatzen badute eta komeni bada.
-    Familia berriz elkartzera bideratutako kasuetan, kontaktu pertsonalak izango ditu gutxienez sei hilean behin, kontraindikaziorik ez badago.
-    Familia berriz elkartzera bideratuta ez dauden kasuetan, kontaktuak gutxienez sei hilean behin izango ditu, kontraindikaziorik ez badago.

  • Aldi baterako harrera eta harrera iraunkorretako harrera familiekin:

-    Kontaktuak izango ditu gutxienez sei hilean behin. 

  • Esku hartzen duten baliabide eta programa espezializatuetako talde teknikoekin: 

-    Kontaktuak izango ditu sei hilean behin, edo aldizkakotasun txikiagoarekin, hala badagokio. Horrez gain, baliabide eta programa horiek jarraipen bilakaerari buruzko aldizkako txostenak bidaliko dizkiote AFAri, AFAn kasu planaren berrikuspen formala egin baino lehen. Txosten horien eduki espezifikoa desberdina izango da, baina, oro har, planifikatutako helburuei dagokienez egon den bilakaeran zentratuko dira. Eskema orokor honi jarraituko diote:
 

Esku hartzen duten baliabide eta programa espezializatuek AFAri eman beharreko informazioa – Kasu planaren betearazpenaren jarraipena 
  1. Sarrera: esku hartzeko denbora, helburuak, haur edo nerabeari emandako baliabideak (propioak zein komunitarioak).
  2. Kasuaren bilakaeraren deskribapen laburbildua eta datu objektibagarriak, planteatutako helburuei eta horien lorpen mailari dagokienez.
  3. Balorazioa, pronostikoa eta etorkizuneko beharrak esku-hartzeri dagokionez: emaitzen eta esku-hartzearen bilakaeraren balorazio orokorra, haur edo nerabearen eta familiaren egungo egoeraren eta beharren balorazioa, kasuaren pronostikoa, jarraitu behar den esku-hartzeari buruzko orientazioa, kasu planean aldaketak egiteko proposamena.

Egoitza zentroetatik bidalitako jarraipen txostek beti izango dute apartatu bat, non betearazpen maila, familiaren bisiten edo kontaktuen balorazioa eta horiek haur edo nerabearengan izan duten eragina deskribatuko diren.

 

Oro har, kasu koordinatzaileak baloratu egingo ditu baliabide eta programa espezializatuek bidalitako txostenok, dela telefono bidez, dela pertsonalki. Balorazio hori egitean, esku-hartzeko beste eragile batzuk lantzen ari diren beste arlo garrantzitsu batzuetan kasuak izan duen bilakaerari buruzko informazioa ere partekatuko dute.
Aurrekoaz gain, baliabide eta programa espezializatuek txostenak bidaliko dituzte edo kontaktuak izango dituzte kasu koordinatzailearekin, alderdietako batek beharrezkotzat jotzen badu.
 

  • UGZekin:

-    UGZak kasuan esku hartzen ari direnean, haiekin kontaktuak izango ditu sei hilean behin, edo, hala badagokio, aldizkakotasun txikiagoarekin. 

Kasu koordinatzaileak kontaktuak izan ahal izango ditu, halaber, esku hartzen duten beste profesional edo zerbitzu komunitario batzuekin, komeni denean. 

Kasuaren planaren berrikuspen formalak sareko bileretan egitea bultzatuko da, esku hartzen duten zerbitzu komunitarioetako eta espezializatuetako profesionalekin batera. 

Kasu koordinatzaileak egingo du kasuaren planaren aldizkako berrikuspen formala, ataleko taldeko arduradun teknikoaren oniritziarekin. Zailtasun bereziko kasuetan edo hala behar duenean, taldeko arduradun teknikoaren eta/edo ataleko edo AFAko beste atal batzuetako kasu koordinatzaileen laguntza teknikoa izan dezake. Berrikuspenean, haur edo nerabeari buruz (edo gazteari buruz, adin nagusitasunera iritsi bada) eta, hala badagokio, haren jatorrizko familia eta/edo harrera familiari buruz, haren bilakaerari buruz eta lortutako emaitzei buruz jasotako informazioa aztertu eta baloratuko da, betiere kasu planean zehaztutako helburuei dagokienez. Horretan oinarrituta, aldaketak egiteko beharra baloratuko da.  Proposatutako aldaketak HNZBTk onetsi behar baditu, horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Plana gauzatzen den bitartean, jarraipen txostenak bidaliko zaizkie epaitegiei edo fiskaltzari ere

AFAren espedientean beti jaso beharko da kasu planaren berrikuspen dokumentua, bertan aldaketarik egon edo ez. Dokumentu sintetikoa izango da, eta beste txosten batzuk aipatu ahal izango dira bertan. Eduki hau izango du:
 

Kasu planaren berrikuspena 
  1. Txostenaren arrazoia. Barne hartzen duen aldia. Txostena egin duen profesionala eta zerbitzua identifikatzeko datuak. 
  2. Haur edo nerabea eta familia identifikatzeko datuak.
  3. Metodologia (jasotako txostenak; elkarrizketak haur edo nerabearekin edo familiarekin; koordinazioak baliabide eta programa espezializatuekin eta koordinazioa beste zerbitzu batzuekin. Zehaztu UGZekiko koordinazioa)
  4. Informazio garrantzitsu berria 
  5. Kasuaren bilakaeraren eta lortutako emaitzen deskribapen laburra 
  6. Hala badagokio, jatorrizko familiaren bisiten, harremanen edo komunikazioen garapena eta horiek haur edo nerabearengan duten eragina.*
  7. Planean proposatutako aldaketak
  8. Akordioak eta konpromisoak haur edo nerabearekin eta familiarekin 
  9. Hala badagokio, epaitegietara edo fiskaltzara bidalitako txostenak
  10. Planaren hurrengo berrikuspena noiz egingo den 

 

Kasu planaren berrikuspen dokumentua espedientean sartuko da.

 

 


* Babes-plan indibidualizatuaren jarraipena egiteaz arduratzen den teknikariak aldizkako txostenak egin beharko ditu, honako hauek zehaztuz: adingabearen bisiten garapena, jatorrizko familiarekiko harremana edo komunikazioak, eta adingabearengan sortzen diren ondorioak, edozein motatakoak direla ere; eta, hala badagokio, bisitek adingabearen ongizatean, garapen normalean eta integrazioan duten eragina.