7.2. Egokitze prozesua

Beste familia bateko harrera guztiek egokitze fasea beharko dute. Familia zabaleko edo hurbileko harreretan, beharrezkoa bada, kasuaren inguruabar zehatzetara egokituko da. 

Beste familia bateko harreran egokitzeko prozesua berme tekniko eta administratibo handienekin egin behar da; haur edo nerabearen eta harrera familiaren artean lotura ezartzean, eragile guztien laguntza eta inplikazioa izango da. Horrela:

  • Leialtasun gatazkak murriztuko dira, eta familia harrera hasteko baimen emozionala lortuko da.
  • Haur edo nerabeak izan ditzakeen zailtasun emozionalak eta jokabideak kontrolatuko dira.
  • Jatorrizko familiaren inklusioa bultzatuko da.
  • Harrera familiari orientazioa emango zaio hasierako lotura prozesuan.
  • Egoera berrira egokitzeko prestatzen lagunduko zaie alderdi guztiei.

Egokitzapen guztiek diseinu espezifikoa eta adostua izan behar dute, hainbat alderdiren arabera: haur edo nerabearen adina, zenbat denbora egon den instituzionalizatuta, harrera mota eta jatorrizko familiaren jarrera, besteak beste. Egokitze planaren diseinua FAHLPko kasu arduradunak gidatuko du, betiere AFAko kasu koordinatzailearen oniritziarekin. .

Fase hauetatik igaroko da:

  1. Prestakuntza fasea
    Fase horretan, familia harrera egin aurretik haur edo nerabearekin, jatorrizko familiarekin eta harrera familiarekin burutu beharreko prestakuntza ekintza guztiak jasotzen dira. Ekintzak modu paraleloan eta intentsiboan egiten dira, eta, horretarako, egutegi malgua, irekia eta alderdien erritmora egokitua prestatu behar da. Fase horretan, halaber, garrantzitsua da komunikazio arina izatea AFAko (kasu koordinatzailea) eta FAHLPko (kasu arduraduna) erreferentziazko profesionalen eta, hala badagokio, harrera zentroaren edo premiazko harrera familiaren artean, jarduketa plana haren bilakaeraren arabera doitzearren.
    Azpimarratu behar denez, haur edo nerabea eta guraso, tutore edo zaintzaileak aldez aurretik hasiko dira prestakuntza jasotzen, AFAko hasierako ebaluazioaren eta kasu planaren diseinuaren faseetan. Kontuan edukiko da eragiten dieten prozedura administratibo eta judizialetan, erabakiak hartzean eta azkenean zehazten diren babes jarduketak planifikatu, garatu eta gauzatzean informazioa jasotzeko, entzunak izateko eta parte hartzeko dituzten eskubideak.
    Familia harreraren kasuan, haur edo nerabearen, jatorrizko familiaren eta harrera familiaren prestakuntzak abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 67.artikuluan xedatutakoa beteko du:
     
    • Haur edo nerabearen prestakuntza. Harrera egingo zaion haur edo nerabearen prestakuntza haren adinera eta heldutasunera egokitu beharko da, baita neurria beharrezko egiten duten baldintza eta premietara ere. Nolanahi ere, hasieran, tarte bat hartuko da haur edo nerabeari zenbait kontu azaltzeko —orokorrean eta pixkanaka azalduko zaizkio—: jatorrizko familiatik zergatik banandu den, proposatutako neurria hartzea zergatik komeni den, eta haren kasuaren inguruan hartu behar diren erabakietan parte hartu dezakeela, haren garapen mailaren, heldutasunaren edo adinaren arabera. Harrera familian sartu aurretik, hau azalduko zaio: familia harreraren neurria zer den, nor arduratuko den haren zaintzaz eta zergatik egingo duen hori, zer bisita, harreman eta komunikazio araubide izango duen jatorrizko familiarekin. Prestakuntza erreferentziazko teknikariak emango dio (harrera zentro edo etxeko tutoreak, kasu arduradunak premiazko familia harrera bada, edo harrera familiak berak), FAHLPko kasu arduradunarekin batera, beharrezkoa bada eta planean hala diseinatu bada.
      Inguruabarrek ahalbidetzen badute, eta bi urtetik beherako haurren kasuetan eta premiazko egoeretan izan ezik, haur edo nerabearen hasierako prestakuntza behar beste luzatuko da, egoera berria behar bezala onartzea lortu arte (abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 71.3 artikulua).
    • Jatorrizko familiaren prestakuntza. Familia harreraren neurria hartzea komenigarritzat jotzen denean, haur edo nerabearen gurasoei edo tutoreei informazioa emango zaie, modu ulergarrian eta argian, neurriaren ezaugarriei eta edukiari buruz, bai eta neurri hori formalizatzeko prozedurari buruz ere, neurria zergatik aplikatu behar den uler dezaten eta hura bete eta garatzen lagun dezaten. Haien baldintza eta gaitasunetara, haur edo nerabeari dagokionez dituzten arduretara, kasu planaren helburuetara, hartutako familia harreraren modalitatera eta neurria formalizatzeko baldintzetara egokituko da prestakuntza.
      Prestakuntzan, orientazio orokorra eta laguntza zehatzagoak emango dira, neurriaren garapenean eta betearazpenean errazago inplika daitezen, aldi baterako jasango dituzten aldaketak uler ditzaten, AFAko eta FAHLPko profesionalekin elkarlanean aritu daitezen, haur edo nerabearekiko bisita, harreman edo komunikazio araubidea bete dezaten, harreragileekin zer-nolako harremanak izan behar dituzten jakin dezaten, kasua bada, eta etorkizunean familia berriro elkartzeko prest egon daitezen.
      Gurasoen gaikuntza hobetzeko adostu daitekeen esku-hartzearen osagarria izango da prestakuntza, eta kasu plana familia berriz elkartzera bideratuta egon ala ez emango da.
      Arestian aipatutako jarduketak ez dira gauzatuko gurasoak edo tutorea non dauden ez dakitenean, ezta, hasiera batean haur edo nerabea banantzea erabaki ondoren, haur edo nerabearen interes gorenari edo proiektatutako legezko babes neurriaren helburuei dagokienez prestakuntza egitea komeni ez dela irizten denean ere.
      Une horretan jatorrizko familiaren laguntzarik ez izateak ez du esan nahi haiekin egiten den esku-hartzea bertan behera utzi behar denik; aitzitik, helburu izaten jarraituko du geroago egingo den lanerako. 
    • Harrera familiaren prestakuntza. Harrera familiaren kasuan, lan egingo da familia dinamikan harrerak ekar dezakeenari buruzko itxaropen errealistak izaten laguntzeko, zalantzak argitzeko, kide berria familian sartzeko prestatzen laguntzeko, eta horrek nahiz babes erakundearekiko harremanak eragiten duen antsietatea gutxitzen laguntzeko.
    • Harrera familia haur edo nerabeari eta jatorrizko familiari aurkeztea. Lehenengo topaketa laburra izango da, eta, ahal dela, leku inpartzial batean egingo da, hala nola FAHLPren bulegoetan (jatorrizko familiarekin batera bada), edo haur edo nerabearentzat segurua den leku batean (jatorrizko familia bertan egongo ez bada). FAHLPko kasu arduradunaren aurrean eta/edo harrera zentro edo etxeko erreferentziazko hezitzailearekin edo premiazko harrera familiarekin izan daiteke. Ondorengo topaketak beste toki batzuetan egin ahal izango dira, familiaren eta haur edo nerabearen arteko harremana pixkanaka garatzearren.  Harrera familia eta jatorrizko familia ahal den guztietan aurkeztuko dira; izan ere, oso garrantzitsua da hasierako lotura eta egokitzapen prozesua errazteko eta bi alderdien beldurrak uxatzeko.
  2. Egokitze fasea 
    Topaketak maizago egingo dira eta gero eta luzeagoak izango dira (gaua igarotzea barne). Pixkanaka, profesionalen presentzia desagertzen joango da topaketetan.
    Haur edo nerabeak hasierako lotura harreragileekin garatzea lehenetsiko da, ez harrera familiako kideekin. Helburua da lotura pixkanaka finkatzea, egoera berria lantzen joatea eta harrera zer den modu errealistan ulertzen lagunduko duten mezuak indartzea. Jatorrizko familiak ere egoera berria integratu eta inplikazioa egokitu beharko du.

Egokitze fasearen bilakaera positiboa bada, harrera formalizatuko da. Salbuespen gisa, positiboa ez bada, haur edo nerabearen interes gorenari erantzuten dioten beste aukera batzuk baloratuko dira.