7.4. Harreraren jarraipena eta laguntza teknikoa

Harreraren jarraipena egiteko eta laguntza emateko, abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuaren 51. eta 52. artikuluetan horri buruz ezarritakoa izango da kontuan. Haur eta nerabe bakoitzaren banakako jarraipena egingo da, eta haur edo nerabeari eta harrera familiari behar duten orientazioa eta laguntza emango zaie. Jatorrizko familiari ere laguntza eta orientazioa emango zaizkio, eta, horrez gain, haur edo nerabearekin egiten diren bisitak gainbegiratu egingo dira, Bisiten Unitatean egiten ez direnean. 

Haur edo nerabea eta harrera familia Arabako Lurralde Historikoan bizi direnean, harreraren (haur edo nerabea, jatorrizko familia eta harrera familia) zuzeneko arreta teknikoko eginkizunak FAHLPren bidez gauzatuko dira. Bertan, haur edo nerabe bakoitzak erreferentziazko profesional bat (kasu arduraduna) izango du.  Haur edo nerabea eta harrra familia beste leku batean bizi badira, laguntza eta jarraipen txostenak eskatuko zaizkio leku horretako babes erakundeari.

FAHLPk jatorrizko familiaren eta harrera familiaren etxean zein etxetik kanpo egingo du esku-hartzea, egokien iritzitakoaren arabera. Kasuan esku hartzen duten beste profesional eta/edo programa batzuekin koordinatzeaz arduratuko da, eta helburu edo baliabide berriak proposatu ahal izango dizkio AFAko kasu koordinatzaileari, bai eta bisiten araubidean aldaketak egitea ere. 

FAHLPren zuzeneko esku-hartze presentzialaren (telefono bidezkoa ez dena) gutxieneko maiztasuna hau izango da:

  • Premiazko harreretan: gutxienez astean behin lagunduko da.
  • Aldi baterako harreretan: lehenengo hiru hilabeteetan, gutxienez astean behin lagunduko da, eta hortik aurrera, gutxienez hamabostean behin.
  • Harrera iraunkorretan: lehenengo hiru hilabeteetan, gutxienez astean behin lagunduko da; hurrengo hiru hilabeteetan, gutxienez hamabostean behin, eta hortik aurrera, gutxienez hilean behin.

Jatorrizko familiarekin gutxienez hilean behin lagunduko da, harrera modalitatea edozein dela ere. 

Egiteko horiek FAHLPko kasuaren arduradunak burutuko ditu. 

FAHLPren jarraipen txostenak indarrean dagoen legerian ezarritako epeen arabera egingo dira, AFAk gutxiagotan eskatzen ez baditu, eta honako informazio hau jasoko dute:

FAHLPren jarraipen txostenak
  1. Identifikazio datuak:
    • Haur edo nerabea (izen-abizenak, jaioteguna, adina, espediente zenbakia)
    • Zerbitzua, atala eta kasu hartzailearen koordinatzailea 
    • Txostena igorri duen FAHLPko teknikaria 
    • Txostenaren arrazoia
  2. Harreraren ezaugarriak
  3. FAHLPk egindako esku-hartzea
  4. Harreraren bilakaera, jorratutako helburuak eta betetze maila barne:
    • Haur edo nerabea
    • Harrera familia 
    • Jatorrizko familia  
  5. Balorazio orokorra eta ikusi diren laguntza beharrak
  6. Data eta sinadura 

Egindako jarraipenean harrera familiaren edo jatorrizko familiaren testuinguruan hezkuntza arloko esku-hartzea behar dezaketen zailtasunak hautematen badira, FAHLPk dagokion proposamena aurkeztuko dio AFAko kasu koordinatzaileari, oniritzia eman diezaion. Proposamenean hezkuntzako esku-hartzea zergatik behar den justifikatuko da, eta esku-hartze horren helburuak, aldizkakotasuna eta intentsitatea zehaztuko dira.  Proposamena onetsi ondoren, FAHLPko kasu arduraduna arduratuko da hezkuntzako esku-hartzea egingo duten FAHLPko hezitzaileak zuzentzeaz. Esku-hartze mota hori haur edo nerabearen eta haren jatorrizko familiaren edo hurbileko pertsonen arteko harremana gainbegiratzeko eta bideratzeko ere proposatu ahal izango da, Bisiten Unitatearen gainbegiratzerik behar ez duten bisitetan.  

Egindako jarraipenean haur edo nerabeak balorazio edo esku-hartze psikologikoa egitea eskatzen duten zailtasunak dituela antzematen bada, aurreko kasuan bezala jokatuko da, AFAko kasu koordinatzaileak onespena emateko.  Balorazio psikologikoa gehienez ere hamabost ordukoa izango da, eta amaitzeko, proposamen-txosten bat aurkeztuko zaio AFAri, gehienez ere zortzi asteko epean. Ondorioak eta jarduteko proposamena agertuko dira bertan. Haur edo nerabeari laguntza edo tratamendu psikologikoa FAHLPk berak ematea proposatzen denean, horren beharra justifikatuko da, eta helburuak eta aurreikusitako iraupena zehaztuko dira. FAHLPtik gauzatzen diren laguntza edo tratamendu psikologikorako esku-hartzeak laburrak edo luzeagoak izan daitezke, baina ez dira inola ere bi urtetik gorakoak izango.  Salbuespen gisa, kasuaren beharrek eta inguruabarrek hala eskatzen dutenean, haur edo nerabearen balorazio eta/edo esku-hartze psikologikoak GOFEren laguntza psikologikorako programara bideratu ahal izango dira.

Banakako aholkularitza eta laguntza jarduketez, hezkuntza arloko banakako esku-hartzeez eta balorazio eta esku-hartze psikologikoez gain, FAHLPk hezkuntza jarduerak eta talde laguntzako jarduerak ere egin ahal izango ditu, bai haur edo nerabearekin, bai harrera familiarekin. 

Familia harreran antzematen bada haur edo nerabe bat indarkeriaren edo sexu indarkeriaren biktima izan dela, AFAk ezarritako jarraibideen arabera jokatuko da.