4. Haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeriako egoeretan esku hartzea

4. Udaleko gizarte zerbitzuen eta Adingabeen eta Familiaren Arloaren jarduketa protokoloa

Udaleko gizarte zerbitzuen ardura da:

  • Sexu indarkeriaren kasu posibleak jaso eta ikertzea, AFAri dagozkionak izan ezik.
  • Kasuaren diziplinarteko azterketa zehaztea, kasuan kasuko profesionalekin (esku-hartzean parte hartu behar duten sistemak).
  • Beharrezkoa den guztietan, AFAren laguntza edo esku-hartzea lortzea.

Bestalde, AFAren ardura da:

Jarduketa espezifikoak:

1.– Haur edo nerabe baten aurkako sexu indarkeriako egoera baten komunikatu edo antzematen denean edo egoera hori gertatuko dela susmatzen denean, esku-hartzea elementu hauek baldintzatuko dute:

a)    Komunikazioan edo detekzio iturrietan dauden adierazleen espezifikotasun maila: oso espezifikoak, egon daitekeenarenak edo ez-espezifikoak.
b)    Sexu indarkeria zer eremutan gertatu den: familia barruan edo familiaz kanpo.
c)    Guraso, tutore edo zaintzaileek hartutako babes neurriak (erasotzailearengandik urruntzeko neurriak barne, erasotzailea ezaguna bada).
d)    Babesgabetasunaren beste adierazle posible batzuk.
e)    Arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuan haur edo nerabeari egin zaion miaketa elkarrizketaren emaitza.

2.– Premisa horietatik eta “Arabako Lurralde Historikoan haurren alorrean ari diren gizarte zerbitzuentzako jarduera gidan” ezarritakotik abiatuta, honako jarduketa ildo hauek ezartzen dira UGZen eta AFAren artean, bai eta horiek arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuarekin duten harremanerako ere.

2.1. Oro har, haur edo nerabe baten aurkako sexu indarkeriako egoeraren bat susmatzen bada, horren ebidentzia badago edo horren berri bada, haur edo nerabea dagoen edo bizi den lekuko UGZei jakinaraziko zaie. Salbuespen izango dira AFAk jaso eta ikertu behar dituen egoerak.

2.2. Gizarte zerbitzuetan jasotako kasua: 

a)    AFAn espedientea irekita duen haur edo nerabe batena bada, edo
b)    premiazko babes neurri bat behar duela badirudi, edo 
c)    sexu indarkeriaren adierazle oso espezifikoak baditu, eta:
-    guraso, tutore edo zaintzaileek sexu indarkeria egin, baimendu edo bultzatu dutela susmatzen bada, edo
-    babes neurririk hartu ez badute, edo
d)    (1) adierazle oso espezifikoak edo sexu indarkeria egon daitekeenaren adierazleak badaude, edo (2) sexu indarkeriaren adierazle ez-espezifikoak eta susmoak pizten dituen informazioa badaude eta, aurrekoaz gain, familian beste babesgabetasun-egoera larri edo oso larriren bat egiaztatu bada,

AFAk eman beharko du arreta. Kasua hasiera batean UGZek jaso badute, AFAra bideratuko dute, eta hark erreferentziazko profesional bat esleituko du arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuko talderako. Premiazko babes neurriak behar dituztela diruditen edo sexu indarkeriaren adierazle oso espezifikoak dituzten egoerak premiazkoak izango dira. 

2.3. Sexu indarkeriaren edo sexu indarkeriaren susmoaren gainerako komunikazioei UGZek erantzungo diete. Egoera zuzenean AFAri komunikatu bazaio, haur edo nerabea bizi den edo dagoen udalerriko UGZri helaraziko dio informazioa berehala. UGZk premiazko arreta emango dio kasuari, eta arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuko taldearekin erreferente gisa jardungo duen profesionala izendatuko du. 

2.4. 2.2. eta 2.3. apartatuetan deskribatutako egoeretan, gizarte zerbitzuetako erreferentziazko langileari —izan UGZkoa edo AFAkoa— dagokio:

  • Kasua berehala bideratzea arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzura, jarduketak ahalik eta lasterren egin daitezen (beharrezko jarduketa polizialak edo judizialak erraztea barne, edo miaketa elkarrizketa, kasuaren arabera).
  • Egin ez bada, babesgabetasun posibleari eta haren larritasunari buruzko informazioa biltzea eta kasuaren ebaluazioa egitea. Horretarako, haur edo nerabearen egoerari eta haren familia eta gizarte inguruneari buruzko informazioa bildu beharko da.
  • Dagokion esku-hartze plana diseinatzea (arreta pertsonalizatuko plana edo kasu plana).

Oro har, gizarte zerbitzuetako erreferentziazko profesionala arreta ososa eta espezializatua emateko zerbitzuaren sare bileraren deialdiaren zain geratuko da, zerbitzu horretako taldearekin, Arabako Probintzia Fiskaltzarekin edo dagokion epaitegiarekin eta osasun, hezkuntza eta polizia sistemetako profesionalekin edo inplikatutako beste batzuekin batera gauzatu beharreko jarduketak , haien tenporalizazioa eta sekuentziazioa planifikatzeko, modu diziplinarteko eta koordinatuan.  

2.5. (a) Sexu indarkeria egon daitekeenaren adierazleak edo (b) adierazle ez-espezifikoak eta susmagarria izan daitekeen bestelako informazioa dituzten kasuak, baliabidera bidaliko dira, haur edo nerabeari miaketa elkarrizketa egiteko*. 

a)    Miaketa elkarrizketaren esparruan ondorioztatzen bada jokabideek edo gertaerek ez dutela sexu osagairik edo izaerarik, arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuaren esku-hartzea amaituko da. 
b)    Miaketa elkarrizketatik balizko sexu indarkeriaren lekukotza baliagarria lortzen bada eta, ondorioz, prozesu judiziala hasten bada, jarduketa judizialak eta polizialak ahalik eta lasterren egitea erraztuko du arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuak. 

Miaketa elkarrizketaren ondorioen eta zerbitzu espezializatuan egindako jarduketen berri emango zaio UGZko edo AFAko erreferentziazko profesionalari.  

2.6. Sexu indarkeriako egoeraren egiaztapenaren arabera hartuko du parte arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuko taldeak kasuaren ondorengo ebaluazioan, dagokion esku-hartze planaren diseinuan eta hura abian jartzen.

Kasuaren ebaluazioan parte hartzeari dagokionez, arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuko taldeak haur edo nerabearen premien balorazioa egingo du, hark eta, kasua bada, familia unitateko beste kide batzuek behar dituzten laguntza neurriak eta tratamendu psikologiko edo psikiatriko espezializatua zehazteko. Bai UGZtik edo AFArik, bai beste zerbitzu batzuetatik egiten ari diren jarduketekin koordinatuta planifikatu eta egingo da premien balorazioa. Gizarte Zerbitzuek haur edo nerabeari eta familiari buruz erabilgarria den informazio guztia emango diote arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuko taldeari. Premiak behar bezala baloratze aldera, zerbitzu espezializatuko taldeak beharrezkotzat jotzen badu beste edozein sistemaren edo familia unitatearen beraren edo haren ingurunearen informazio gehigarria edo osagarria izatea, eskatu egin beharko du.  Amaitutakoan, zerbitzu espezializatuko taldeak balorazioaren ondorioak jakinaraziko dizkio gizarte zerbitzuetako erreferentziazko profesionalari. 

Hori guztia kontuan hartuko da kasuaren arabera dagokion esku-hartze plana diseinatzeko: Arreta pertsonalizatuko plana edo kasu plana. Plan horren diseinua gizarte zerbitzuetan erreferentea den profesionalak gidatuko du (UGZn edo AFAn, kasuaren arabera), eta haur edo nerabeak berak, familiak eta esku hartzen duten profesional eta zerbitzu guztiek hartuko dute parte, baita arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuak ere. Zerbitzu horretako taldeak planaren egikaritzean parte hartuko du, halaber, planean eskainitako tratamendu psikologiko espezializatuko modalitateren bat ematen duenean.  

2.7. UGZren esku-hartze prozesuaren edozein unetan larritasun handiko edo oso handiko babesgabetasuna detektatzen bada haur edo nerabearengan, esku-hartzearen koordinazioa AFAra eramango da. Kasu horretan, erreferentziazko profesionalez aldatuko da, arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuko taldearekin. 

2.8. Aurrekoa gorabehera, AFAk haurra edo nerabea babesteko premiazko neurriak hartuko ditu HNLren 171.4 artikuluan jasotako inguruabarrak gertatzen direnean: “4. Urgentziazko arrazoiak badaude, foru-aldundien jarduketa berehalakoa izango da, eta barne hartuko du behin-behineko zaintza nahitaez beren gain hartzea, baita pertsona adingabearen eskubideak zaintzeko beharrezkoa den beste edozein neurri hartzea ere. Urgentziazko arrazoiak daudela joko da pertsona adingabe baten bizitza, osotasun, osasun edo segurtasunerako arrisku larri eta berehalakoaren zantzuak badaude”. Kasu horietan, berehala jakinarazi beharko zaio fiskaltzari.

2.9. Esku-hartzean zehar, arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuko taldeak eta gizarte zerbitzuetako erreferentziazko profesionalak komunikazio eta koordinazio kanal irekiak izango dituzte, eta haien esku-hartzeetarako garrantzitsua den informazioa eta bakoitzari dagozkion erabakiak helaraziko dituzte. Esku-hartzea amaitzean, arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuko taldeak txosten labur bat prestatuko du, UGZri edo AFAri zuzendua. Bertan, egindako esku-hartzea laburbilduko da, bai eta emaitzak, diziplinarteko balorazioa eta gomendioak ere. 

3.– Arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuaren esku-hartzea behar duten sexu indarkeriako kasuen eta horietako bakoitzari dagokionez proposatutako jarduketa espezifikoen berri bideratze fitxaren bidez emango dio UGZk edo AFAk arreta osoa eta espezializatua emateko zerbitzuari.

 


*Adierazle ez-espezifikoak soilik dituzten egoeretan, susmagarria izan daitekeen bestelako informaziorik ez badago, ez da zerbitzu espezializatura bideratuko. Gizarte Zerbitzuek, familiarekin eta sareko zerbitzuekin batera, kasuaren jarraipena egingo dute, adierazle berriak hautematean arreta jarrita.