5. Detektatzeko adierazleak - haurtzaroeskuliburua
4. Haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeriako egoeretan esku hartzea
5. Detektatzeko adierazleak
Sexu indarkeria dagoela susmarazi dezaketen hiru adierazle mota daude*:
1. Adierazle oso espezifikoak
Horrelako adierazleak badaude, sexu indarkeria gertatzeko probabilitate handia dago. Dena den, halako adierazlerik ez egoteak ez du esan nahi sexu indarkeria gertatu ez denik.
2. Sexu indarkeria egon daitekeenaren adierazleak
Adierazle horiek guztiak bateragarriak dira sexu indarkeria dakarten ekintza, portaera edo gertaerekin, baina ez dute sexu indarkeria modu unibokoan adierazten. Ondorioz, haur edo nerabearen adina, eboluzio eta heldutasun maila eta testuinguruko beste elementu batzuk kontuan hartuta baloratu eta haztatu behar dira.
3. Adierazle ez-espezifikoak
Adierazle horiek haurraren edo nerabearen ondoeza edo zailtasunak islatzen dituzte. Maiz agertzen dira sexu-indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeetan, baina baita beste indarkeria mota batzuen biktima direnetan edo beste inguruabar batzuengatik une zailak bizi dituztenetan ere.
Adierazle oso espezifikoak
A. Adierazle fisikoak:
- Medikuaren txosten batek sexu indarkeria dagoela baieztatzen du edo sexu indarkeria gertatzen ari den susmo handiak jasotzen ditu.
- Haur edo nerabeak adierazle hauetakoren bat du:
- Lesioak genitaletan, uzkian, uzki inguruan edo bularretan (higadurak, kontusioak, urradurak, hematomak), baina ez dakite nola gertatu diren edo emandako arrazoia ez da egokia.
- Azalpen medikorik ez duen mina, odol galera edo jarioa genitaletan edo uzkian.
- Zupada aztarnak lepoan edo bularretan.
- Ibiltzeko eta esertzeko zailtasuna, azalpen medikorik ez duena.
- Genitaletako infekzioak edo sexu transmisiozkoak.
- Semena edo pubiseko ilea ahoan, uzkian, genitaletan, arropan.
- Haurdunaldia.
B. Beste adierazle batzuk:
- Informazio fidagarria dago guraso figurek, zaintzaren arduradunek edo beste pertsona batzuek haur edo nerabearekin dituzten sexu jokabide argi eta garbi desegokiei buruz, edo haur edo nerabeak ikusten dituenei buruz.
- Haur edo nerabeak esaten du sexu indarkeria jasan duela.
Sexu indarkeria egon daitekeenaren adierazleak
1. Haur edo nerabearen guraso edo zaintza figuretako batek edo familiako kide batek sexu indarkeria gertatzen ari dela susmatzen du.
2. Haur edo nerabeak bere adinean ohikoak ez diren jokabide hipersexualizatuak edo autoerotikoak ditu.
- Masturbazio konpultsiboa. Hori haur edo nerabearengan interes gehien pizten duen jarduera denean da ohartarazteko modukoa; haren denboraren zatirik handiena hartzen duenean; eta, era berean, hura gaitzets lezakeen figura baten aurrean ere saihestu ezin duenean.
- Edozein adinetan desegokiak diren sexu jokabideak.
- “Mediku”, “mutil lagun eta neska lagun”, “aita eta ama” eta antzeko jolasen aldaera bitxia. Jarduera hauek ageri dira: ahoko sexua, bagina edo uzkiko koitoa, objektuak genitaletako zuloetan sartzea edo elkar masturbatzea.
- Indar fisikoa edo hertsadura psikologikoa erabiltzea beste haur edo nerabe batzuek sexu jolasetan parte hartu dezaten.
- Sexualizazio goiztiarra: sexu jolas goiztiarrak eta adinerako ezohikoa den jakin-mina sexuaren inguruan.
- Sexu jolasak egitea askoz ere txikiagoak diren edo beste eboluzio une batean dauden haur edo nerabeekin, edo horietan parte hartzea.
- Helduengana modu bitxian hurbiltzea:
- Heldu baten genitalak ukitzen edo usaintzen saiatzea.
- Makurtuta dagoen pertsona batengana atzetik hurbiltzea eta, posizio horretatik, kopulazio mugimendu egitea.
- Ohean dagoen heldu baten gainean jarri eta kopulazio mugimenduak egitea.
- Musu ematean mihia sartzeko eskatzea edo mihia sartzen saiatzea.
3. Haur edo nerabeak bere adinean ezohikoak diren sexu ezagutzak ditu.
4. Nerabeen kasuan, sexu promiskuitatea edo gehiegizko sexu inhibizioa. Sexu harreman arriskutsuak.
5. Haur edo nerabearekin bizi diren edo harekin harremana duten helduek egokitasunari dagokionez “zalantzazkoak” diren sexu jokabideak dituztela jakin da edo horren susmoak daude.
6. Fenomeno/nahasmendu disoziatiboak.
7. Beste haur eta nerabe batzuk sexu esplotaziora erakarri dituen haur edo nerabea.
8. Prostituziotik gertu dauden pertsonekin eta lekuekin harremana duen haur edo nerabea.
9. Haur edo nerabeak dirua, objektu materialak edo kontsumitzen diren bestelako objektuak ditu, baina ez du horiek eskuratzeko gaitasunik edo horiek eskuratu izana arrazoitzen duen azalpen sendorik.
10. Internet bidez ezagututako pertsona batekin geratzea aurrez aurre.
11. Tutoretzapeko haur eta nerabeen kasuan, baimendu gabeko ez-etortzeak izatea maiz egoitza zentroan.
12. Pornografiaren kontsumo problematikoa.
13. Online sexu indarkeria egon daitekeela ohartarazten duten seinaleak:
- Haur edo nerabeak ohi baino denbora gehiago edo askoz gutxiago ematen du online, mezuak idazten edo sare sozialak erabiltzen. Edo lehen beste jarduera batzuk egiten zituen ordutegi batean konektatzen da, ohiturak aldatuz.
- Internet erabili edo txateatu ondoren, hotz, haserre edo gogaituta dagoela dirudi.
- Online edo mugikorrean dagoenean norekin edo zertan ari den ezkutatzen du. Gailuak erabiltzean pribatutasuna behar duela dio bat-batean. Beste gela batera joaten da mezu edo dei bat jasotzen duenean, urduri dagoela dirudi telefonoa kontsultatzen duenean, eta antsietatez edo indarkeriaz joka dezake norbait haren mugikorrari begiratzen saiatzen denean.
- Telefono zenbaki, mezu edo helbide elektroniko berri asko ditu mugikorrean, tabletan edo ordenagailuan.
- Lagunekin harremana galtzea, bat-batean lagunez edo erreferentziazko ereduz aldatzea.
Adierazle ez-espezifikoak
A. Adierazle fisikoak:
1. Zenbait nahasmendu psikosomatiko, hala nola sabeleko min errepikatuak eta arrazoi organikorik gabeko buruko minak.
2. Loaren nahasmenduak.
3. Jokabide erregresiboak, hala nola enuresia (nahi gabe eta inkontzienteki pixa egitea, gehienetan gauez) eta enkopresia (materia fekalaren inkontinentzia), esfinterrak kontrolatzea jada lortu zuten haurrengan.
B. Beste adierazle batzuk:
B.1 Orokorrean:
Haur edo nerabearen heldutasun mailarako deigarriak edo desegokiak diren portaerak. Ez daude sexu ekintzekin soilik lotuta; egoera kaltegarri, estresagarri edo traumatikoen aurreko erreakzio gisa ikus daitezke.
B.2 Haurtzaro goiztiarrean (3 urtetik beherakoak):
1. Uzkurtasun soziala.
2. Jarduera mailaren alterazioak eta jokabide oldarkorrak edo erregresiboak.
3. Pertsona edo egoera jakin batzuen aurrean beldur ulergaitzak.
4. Alterazioak loaren erritmoan.
B.3 Eskolaurrean:
1. Trauma osteko estresaren sintomak.
2. Hiperaktibitatea.
3. Jokabide erregresiboak; enuresia eta enkopresia.
4. Loaren nahasmenduak (amesgaiztoak, gaueko izu-ikarak).
5. Fobiak edo beldur biziak.
6. Hainbat motatako jokabide konpultsiboak.
B.4 Eskola adineko haurretan eta aurrenerabeetan:
1. Aurreko etapetan nabari daitekeen edozein nahasmendu.
2. Ikasteko zailtasunak edo errendimenduaren alterazioak, bat-batean eta azalpenik gabe agertzen direnak.
3. Etxetik ihes egitea.
4. Uzkurtasun deigarria edo, aitzitik, etsaitasuna eta oldarkortasuna areagotzea etxean, lagunekin edo ikaskideekin.
5. Gainegokitzapena, pseudo-heldutasuna.
6. Gatazkak autoritate figurekin, eta pertsona heldu esanguratsuekiko mesfidantza nabarmena.
7. Lapurreta txikiak.
8. Gezurra esatea maiz.
9. Etsipen eta tristura sentimenduak.
10. Ikastetxean ohiko ordutegitik kanpo egoteko joera.
11. Aurreko etapetan nabari daitekeen edozein nahasmendu
B.5. Nerabeetan:
1. Suizidio saiakerak, jokabide autolesiboak edo haren osotasun fisikorako arriskutsuak.
2. Uzkurtasuna, gainegokitzapena.
3. Etxetik ihes egitea.
4. Droga kontsumoa.
5. Jokabide kriminala.
6. Elikadura jokabidearen arazoak (anorexia, bulimia).
* Adams, J.A., Farst, K.J., & Kellogg, N.D. (2018). Interpretation of Medical Findings in Suspected Child Sexual Abuse: An Update for 2018. Journal of Pediatric and Adolescent Gynecology, 31(3), 225-231. https://doi.org/10.1016/j.jpag.2017.12.011
Benavente, B., Bully, P., Ortega, S. eta Ballester, L. (2023). Guía para la actuación ante casos de explotación sexual en la infancia y adolescencia. Diseño y validación de una herramienta de detección. Institut Balear de la Dona, IBD.
INCIBE (2021). Identificando señales e indicadores de abuso sexual infantil en internet. https://www.incibe.es/menores/blog/identificando-senales-e-indicadores-de-abuso-sexual-infantil-en-internet
Intebi, I. (2008). Valoración de sospechas de abuso sexual infantil. Gobierno de Cantabria. https://www.serviciossocialescantabria.org/uploads/documentos%20e%20informes/sospechasAbusoInfantil.pdf
NSPCC (s.f.), Online abuse. https://www.nspcc.org.uk/what-is-child-abuse/types-of-abuse/online-abuse/#signs
Hau ere kontsulta daiteke: Save the Children (2020). Módulo 2. Indicadores de violencia sexual contra la infancia. https://www.savethechildren.es/manual-para-prevenir-violencia-sexual-infancia Fundación Márgenes y Vínculos (2024). Guía 2. Indicadores de violencia sexual infantil, detección y actuación. Programa Avance Barnahus, Ministerio de Derechos Sociales, Consumo y Agenda 2030 (argitaratu gabeko dokumentua).