1.4. Prozedura - haurtzaroeskuliburua
Udaleko gizarte zerbitzuen esku-hartzea arrisku ertaineko egoera baieztatuetan
1.4. Prozedura
Hasierako ebaluazioaren fasean, informazioa biltzeko prozedura orokorrak ikerketaren faserako deskribatutako urrats berak ditu:
- Bildutako informazioa aztertzea.
- Zer informazio bildu behar den zehaztea.
- Kontsultatuko diren informazio iturriak, horietako bakoitzetik zer informazio jaso behar den, zer ordenatan eskuratuko den eta informazioa biltzeko zer metodo erabiliko diren hautatzea. Informazioa biltzea.
- Planifikatutako prozedurari eustearen edo prozedura aldatzearen egokitasuna etengabe berriz ebaluatzea.
- Bildutako informazio guztia aztertzea, eta prozesuarekin bigarren puntutik jarraitzea.
Bildu behar den informazioa
Hasierako ebaluazioaren helburuei erantzun ahal izateko, informazio osoa, eguneratua eta egiaztatua bildu behar da.
Edukia kasu bakoitzaren berezitasunetara egokitu beharko bada ere, eta alderdi jakin batzuei buruz informazio gehiago edo gutxiago jaso badaiteke ere, oro har garrantzitsua izango da eremu hauei buruzko informazioa biltzea:
| Hasierako ebaluazio txostenaren gidoi orokorra | |
|---|---|
+ Haur edo nerabe bakoitzaren Balora tresnaren laburpen-orria erantsiko da, aldez aurretik ikerketa txostenean sartu ez bada |
|
Hasierako ebaluazio txostenak ahalik eta informazio osatuena jasoko du haur edo nerabearen oinarrizko premien estaldurari buruz, zehazki, familiaren testuinguruan. Ikerketa fasean horri buruz bildutako informazioa osatu eta, beharrezkoa izanez gero, zabaldu egingo du, eta arreta jarriko die, batetik, gerta litezkeen babesgabetasun egoerei eta haur edo nerabearen eta familiaren defizit edo zailtasunei, eta, bestetik, haur edo nerabearen, familiaren eta haren ingurunearen funtzionamenduaren eta gurasoen rolaren alderdi positiboei.
Hasierako ebaluazioak babesgabetasun egoeren jatorrian, mantenuan eta/edo larriagotzean inplikatuta egon daitezkeen faktoreei buruzko informazio bilketa eta analisi osatu eta historikoa egingo du. Faktore horiek guraso, tutore edo zaintzaileen nahiz haur edo nerabearen banakako faktoreak, faktore erlazionalak (familiaren barruan eta beste pertsona edo sistema batzuekin) eta faktore sozial, ekonomiko eta kulturalak barne hartzen dituzte. Horrela, alderdi hauek identifikatu nahi dira haur edo nerabe bakoitzaren eta familia bakoitzaren kasuan: arazoan nahastuta dauden elementuak, bakoitzak zer pisu edo eragin den, horien arteko lotura eta aldatzeko aukerak —hau da, hipotesi diagnostikoak eta aldaketen pronostikoa—. Hala, esku-hartzearen helburuak eta sekuentziazioa definituko dira. Proposamen horretan garrantzitsua izango da, halaber, familiaren eta ingurunearen elementu babesleak edo positiboak identifikatzea, esku-hartzearen diseinuan txertatzeko.
Hasierako ebaluaziotik legezko babes neurri bat hartzea eta haur edo nerabea familiatik banantzea proposatu nahi bada, AFArentzako txostenean, banantzeak irauten duen bitartean haur edo nerabearen zaintza har dezaketen inguruko senide edo hurbileko pertsonei buruzko informazioa jasoko da, halakorik balego.
Hasierako ebaluazioan ezin izan bada osatu haur edo nerabeari edo familiari buruzko informazio guztia, baina arreta pertsonalizatuko plana diseinatzeko nahikotzat jo bada, diseinatu egingo da; ondoren osatu ahal izango da kasuan esku hartzen duten profesional eta zerbitzuen laguntzarekin.
Informazioa biltzeko iturriak eta metodoak
Hasierako ebaluazioan, ez da berriro bilduko aurreko faseetan aztertutako gaiei buruzko informazioa. Ikerketan bezala, informazio iturri ugari daude, besteak beste, haurra edo nerabea edo familia, ikastetxea eta haur hezkuntzako zentroa ezagutzen duten edo haiekin aldez aurretik esku hartu ahal izan duten UGZk. Iturri horiei kontsulta egin ahal zaie familiarekin kontaktua izan dutelako aldez aurretik eta ebaluaziorako informazio garrantzitsua eman dezaketelako, edo, bestela, profesional espezialista batek baloratu behar duen zailtasun, arazo, nahaste edo patologiaren baten susmoa dagoelako. Beti da desiragarria informazioa iturri desberdinekin kontrastatzea, informazioa fidagarria eta baliozkoa dela bermatzen delako horrela. Hala ere, iturri kualifikatu bakar batek informazio osoa eman dezake.
Ikerketan jakinarazi ez bazaie, garrantzitsua da haur edo nerabearen tutoretza edo zaintza duten pertsonei aldez aurretik jakinaraztea gizarte zerbitzuetako profesionalak beste profesional eta zerbitzu batzuekin hitz egiteko asmoa duela. Horrez gain, haien baimena lortu beharko da, ahal den guztietan. Dena den, uztailaren 28ko 26/2015 Legearen 22 quater artikuluaren arabera, haiek ezezkoa ematea ez da horretarako eragozpena izango.
Hasierako ebaluazioan, informazio iturri nagusi eta oinarrizkoa familia da (gurasoak, haur edo nerabea eta beste bizikide batzuk barne). Erabat ezinezkoa den salbuespenezko kasuetan izan ezik, informazioa zuzenean familiarengandik bildu behar da beti, batik bat haur eta nerabeengandik eta guraso, tutore edo zaintzaileengandik. Kasu guztietan, zuzeneko kontaktua izango da haur edo nerabearekin, gutxienez behin. Gizarte zerbitzuen esku-hartze prozesu osoan bezala, eta indarrean dagoen legediak jasotzen duen bezala, hasierako ebaluazioan ere aintzat hartuko dira haur edo nerabeari eta haren legezko tutoretza edo zaintza gauzatzen duten pertsonei eragiten dieten prozedura administratibo eta judizialetan informatzeko, entzuteko eta parte hartzeko eskubideak. Hori bereziki garrantzitsua da ebaluazioa amaitzean banantze neurria proposa daitekeenean.
Familiari buruzko informazioa banaka jaso ahal izango da, familia azpisistemen bidez, edo familia osoarengandik. Guraso, tutore edo zaintzaileek emandako informazioaren kasuan, batez ere, komenigarria izango da informazio hori beste iturri batzuekin alderatzea. Aurrekoa gorabehera, kontuan izan behar da, alderdi jakin baten inguruan familiak berak baino informazio zehatzagoa eta egokiagoa eman dezaketen profesionalak edo zerbitzuak egon arren, horrek ez duela esan nahi ebaluazioaz arduratzen diren profesionalek familiari zuzenean galdetzeko beharrik ez dutenik. Familiak informazio desberdina eta bakarra emango du: nola hautematen duten arazo jakin hori, haren larritasuna, haren inplikazioak, jasotako tratamenduaren eraginkortasuna eta abar. Ebaluazioan, garrantzitsua da arreta jartzea bai familia bizitzaren arlo jakin bateko egoera “objektiboari”, bai familiako kideek horri buruz duten pertzepzioari, bai profesional, familia, familiako kide eta abarren balorazioen artean egon daitezkeen kointzidentzia eta desakordioei.
Elkarrizketa izango da ebaluazio fasean informazioa biltzeko metodo nagusia, zuzeneko behaketarekin, probekin (psikologikoak, garapenekoak, etab.) eta galdetegiekin batera. Fidagarriak eta baliozkoak direla frogatuta duten probak eta galdetegiak soilik erabiliko dira, eta ebaluatuko diren pertsonen adinera eta gaitasunetara egokituko dira horiek. Ohikoa izango da espedienteak edo txostenak kontsultatzea ere.